Oso gogorra izan zen guztia

Gazte gaztetatik izan dut –hala uste dut behintzat– sentsibilitate eta begirune handia “euskal gatazka” deitu izan dugun horretan indarkeriaren biktima izan direnekiko eta, batez ere, bidean geratu direnekiko. Izan ere, Laboak bere kanta batean zioen bezala, “bizitza da handiena, galtzea litzake galtzea dena”.

Garbi eduki behar da, ordea, indarkeria toki askotatik etorri zaigula. ETAren indarkeria guztiz-guztiz arbuiatzen dut, zuzen-zuzen bizitza eskubidearen kontra doalako eta urte frankotan ehunka hildako eragin dituelako. Baina larriagoa deritzot Estatuaren indarkeriari. Estatua indartsua da, baliabide asko dauzka eta berak du legea betearazteko ardura eta giza eskubideak defendatzeko. Askoz larriagoa da estatuaren indarkeria tortura erabiltzen duenean, presoekiko legea betetzen ez duenean edo/eta Estatu-terrorismoa praktikatzen duenean.

Gaur “Aztarka” honetara, gizalegean sinisten duen edonork irakurri beharko lukeen liburu bat dakarkit. Ez da liburu atsegina, baizik-eta behin eta berriz gelditu eta zeure buruari “Nola leike?” esaten diozun horietakoa. Baina oso ondo idatzita dago, oso dokumentatua eta on handia egingo dio irakurleari.

“Gogoan hartzeko izenak” argazki-liburua Euskal memoria Fundazioak argitaratu du eta “instituzioen indarkeria edo gerra zikinaren” biktimak (ehun inguru) dokumentatu ditu, gehienak 1970etik 2012an izan zen Iñigo Cabacas-en heriotzaraino. Joseba Zabalza argazkilaria eta testuen egilea heriotzen lekura itzuli da biktimen senideekin eta heriotza gertatu zen lekuan bertan fotografiatu zituen, askotan oroigarri modura etxeetan urtetan gordetako oroigarri edo elementu bereziekin. Oso karga emozional handia duten lekuetara senideekin itzultze horrek izugarrizko indarra eta benetakotasuna ematen dio liburuari eta, esan dudan bezala, ez du inor epel utziko.

Liburuan, besteak beste, 1985eko irailaren 25ean Baionako Monbar hotelean izandako atentatua azaltzen du. Jakina denez, atentatu hura GALen odoltsuenetakoa izan zen eta lau lagun erail zituzten, tartean gure herriko Sabin Etxaide Ibarguren, “Eskumotza”.
Urteak dira Monbar hotela itxi zela baina jabearen semea prest agertu zen liburu egileari lagundu eta taberna irekitzeko. Errefuxiatuak maiz joaten ziren taberna hartara. Ederki asko irudikatzen du egileak lekua: “Lokalaren atea zabalduta, barra eta jangelarekin komunikatzen zuen korridore meharra ikusi dudanean, hitz batek zartatu dit burua: ‘sagu-tranpa’”. Sabin bizirik iritsi omen zen ospitalera baina bi ordu geroago hil omen zen. “Jabi Etxaniz, ‘Potros’-en anaia, goizaldean gorpuak identifikatzeko egin behar izan zuen bidaiaz oroitu da: ‘Anaiaren gorpua ikusi ahal izan genuen, tiro bat zuen kopetan, azkena emana zioten seinale. Baina ez anaia bakarrik, lekukoek ikusi baitzuten nola hurbildu zitzaizkien besteei ere azken tiroa ematera. Oso gogorra izan zen guztia’”.

Kortaturen abestiarekin bukatzen da Monbarreko kapitulua. Fermin Muguruza, taldeko kantaria, han omen zen minutu batzuk lehenago beste errefuxiatu-kuadrilla batekin, eta handik irten eta gutxira tiro-hotsak entzun eta hurbildu zirenean, lau gorpuak ikusi omen zituzten, lurzoruan odoleztaturik.

Han vuelto a sonar
campanadas de la muerte
en el hotel Monbar
campanadas de la muerte.

 

 

Argazkia: “Gogoan hartzeko izenak” liburutik hartua: “Antonino Asteasuinzarra Pagola, Beltzaren anaia; Jabi Etxaniz Maiztegi, Potrosen anaia; Suharri Irazustabarrena Arbelaitz, Legráren semea; eta Roman Etxaide Ibarguren, Eskumotzaren anaia. Baionako Pannecau karrikako Monbar hotelean daude”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide