Osorik dut gorputz zauritua

 

 

 

Neure gorputzeko atal bakoitza arakatu ezazue, zoko bakoitza ongi aztertu. Eta ikusiko duzue ez dudala ubeldurarik, ebakirik, ikusiko duzue ez dudala ezer apurturik, osorik nagoela nolabait esatearren. Baina jakin ezazue egunero naizela kolpatua, eta egunero noala oinez, zauriz beteriko gorputz bati tiraka.

Zuek nire gorputza osoki ikusten duzuen arren, askotan, berarengandik at sentitzen naizela jakin ezazue. Ez nagoela osorik, zerbait falta zaidala, zerbait kenduko didatela, edo ez dudala inoiz izango.

Jakin ezazue egunero jasotzen ditudala barnea amorruz betetzen didaten irain hutsak, eta iraintzaileek uste dutela niri mina emateko eskubidea dutela, ni umiltzeko eskubidea dutela. Hala ere, isilik gelditu behar naizela esan zidan inon idatzi gabe dagoen ez dakit zein legek. Isilik, nire barneko hormek sortzen dituzten oihartzunak entzuten.

Isilik gelditu behar naiz, bakarrik inor izango ez naizela entzuten. Hitzez beste gauza bat esaten didaten begiradak entzuten. Gizendu egin naizela, argaldu egin naizela, neure bularrak handiak direla edo txikiak direla, ilea jasota edo kopetako ilerik gabe hobeto nagoela entzuten.

Ezin dut ezer esan, neure ipurdia baimenik gabe ukitzeko eskubidea sentitzen dutenen aurrean. Irri egiteko esan didaten, eta ikuspegi politagoa eduki nahi omen dutenen aurrean, ikuspegi polit bat naiz, ezin haserretu hitz horien aurrean. Janzten dudan arropa gogoko dutela edo ez esan didate, irekita dudan botoia lotzeko, edo ez kezkatzeko beraiek kenduko didatela alkandora. Galdetu didate ea zergatik ez dudan aurpegia margotzen, makilatzen ez direnak beren burua polita ikusten dutenak direla, itsusia sentitu behar naizela esan didate, eta isilik gelditu behar naiz. Beldurrik ez izateko esan didate, babestua izango naizela, babesik nahi al dudan galdetu gabe.

Planto egingo dut, nahi dudan moduan zapaldu nahi ditudalako neure herriko kaleak. Planto egingo dut isilik geldituko ez naizela oihukatzeko, nahi dudana inoren beharrik gabe izan naitekeela esateko. Planto egingo dut zauririk gabeko gorputz batean hegan egin dezakedalako.