Albisteak

Ospakizun eta hausnarketarako aukera izango da Zestoako Gaztetxearen XXVII. Urtemugan

Ostiral honetan hasiko dira Zestoako Gaztetxearen XXVII. Urtemugako ospakizunak. Apirilean zehar hainbat ekimen izango dira gaztetxearen urtemugaren barruan. Ospakizunez harago, hausnarketa eta formakuntzarako aukera ere izango da 27. urtemuga honetan.

Apirilaren 22an “Nora goaz gazteok?” eztabaida izango da gaztetxean. Eztabaida horrekin “gazte asanbladaren norabidea definitu nahi dugu” adierazi dute asanbladako kideek. “Momentu honetan herriko gazteei aisialdi eta formakuntza eskaintzeko ere hutsuneak ditugu, eta apirilaren 22ko eztabaidarekin aurrera begira zer motatako gaiak landu behar ditugun zehaztu nahi dugu”. Asanbladako kideen esanetan “garrantzitsuena gaur egungo gure egoera definitzea da, eta behin hori lortuta aurrera begirako lanketak definituko ditugu. Gaur egun zer egiten dugun eta zer egin beharko genukeen ikusi nahi dugu”.

Formakuntzari dagokionez, apirilaren 13an “Drogaren kontsumo arduratsua” hitzaldia izango da Ai Laket! Elkarteko kideekin. Eta apirilaren 26an Kurdistango egoerari buruzko tertulia izango da Gaztetxean.

Honakoa da Zestoako Gaztetxearen XXVII. Urtemugako egitaraua:

EGITARAUA

  • Apirilak 8: 21:00etan Luntxa Udaletxe azpian, 2015eko Bertsio Gaueko bideoaren emanaldia izango da bertan. 22:30ean FUNKDAMENTAL taldearen kontzertua.
  • Apirilak 12: Bertsio Gaua antolatzeko bilera 19:30ean. Bertan Bertsio Gaueko antolaketa adostuko da parte hartzaileen artean.
  • Apirilak 13: “Drogaren kontsumo arduratsua” Ai Laket! Elkarteko kideekin.
  • Apirilak 16: 19:00etan Poteoa. 21:00etan Oilasko jana Udaletxe azpian. 23:00etan Bertsio Gaua eta ondoren DJak.
  • Apirilak 22: “Nora goaz gazteok?” eztabaida 21:30ean.
  • Apirilak 26: 19:30ean Kurdistango egoerari buruzko tertulia. Bertan, Kurdistanen izandako Askapenako brigadista batek hartuko du parte.



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide