Albisteak

Paella antolatzaileak bilera eskatu diote udalari

Atzo, uztailak 18 asteazkena, arratsaldeko 19:00etan Kultur Etxeko aretoan bildu ziren paellan parte hartuko duten kuadrillak eta festa batzordeko antolatzaileak kultur sailak deitutako bileran. 23 kuadrilletako ordezkariak azaldu ziren bilerara. Lehendabizi, paella antolatzeko kuadrilla arduradunak izendatu ziren. Aurtengoan, Revolution, Nahi eta ezin, Turbox, 2003koak, Mari Jose eta 2002koak izango dira arduradunak.  Ondoren, lehenengo festa batzordean zintzilik geratu zen puntu nagusia eztabaidatzera pasa ziren, kuadrilla eguna zein egunetan ospatuko den hain zuzen ere.

Bileran zeudenen gehiengoa kuadrilla eguna 7an baino, 8an, larunbata, egitearen alde agertu ziren. 8a Amabirjin eguna dela kontuan izanda eta Udal Gobernuak, festa batzordean emandako iritzien kontra, erabaki duenaren arabera lehendabiziko zekorketa egun horretan izango dela jakinda, kuadrillek festetako bi ekitaldi hauek egun berean egitearen inguruko kezka agertu zuten. Nahiz eta Udalak esan zuenaren arabera, ez dagoen arazorik bi ekitaldiak egun berean ospatzeko, kuadrillek zioten egun horretan zekorketa jarriz gero zekorketa garaian lagun taldeak banandu egiten direla eta zekorketara joaten ez direnak alternatiba gabe geratzen direla arratsalde guztian zehar. Bestalde, zekorketak eta paella egun berean izango balira, herri bazkaria ezingo litzateke plazan egin eta horrenbestez, beste leku bat bilatu beharko litzateke hau egiteko. Gauzak horrela, Udal Gobernuko alkate eta alkateordearekin bilera bat deitzea erabaki zuten gaia eztabaidatzeko. Bilera honek arrakastarik izango ez balu, alternatibak ere proposatu ziren.

Beraz, zintzilik geratu da kuadrilla eguna noiz ospatuko den eta honenbestez txupinazoa noiz botako den ere bai. Txupinazoari dagokionez, bi aukera daude planteatuta: irailaren 6an, ostegunez, egitea, arratsaldeko 19:00etan kuadrilla eguna ostiralean ospatuko balitz, edo irailaren 7an, ostirala, eguerdiko 12:00etan kuadrilla eguna larunbatean ospatuko balitz.