Pastorala

Aurten 520 urte aizarnarrak udaletxea eraikitzen hasi zirela eta zestoarrekin egundoko auzia izan zutela. Aurten ere galdu dugu aukera. Askotan esan dut, han eta hemen, gai horrekin pastoral bat sortu beharko litzatekeela –bai, bai, Iparraldean antolatu ohi dituzten bezalakoa– eta, ospakizun handiz, lehenengo Aizarnan eta gero Zestoan antzeztu beharko litzatekeela. Tamalez, ni neu, kultur suspertzailea izaki, ez naiz gauza izan proiektua martxan jartzeko, eta ardura besteen bizkar gainera botatzea ez da bidezkoa. Kontuak kontu, argumentua askorentzat ezaguna izango bada ere, “Aztarka” honetara ekartzea pentsatu dut ea, bide batez, gidoilariren bat eta antzerki zuzendari bat konkistatzen ditugun (tira, erdi broman ari naiz baina ez guztiz).

Ezer baino lehen esan behar dut alferkeria pixka batekin ibili naizela nire “Aztarkan” (ikusiko zenuten azkeneko idatzia orain dela hiru aste idatzi nuela) eta inspirazio gutxirekin. Ondorioz, Iñaki Azkuneren lanari zor diot laburpen honen handi-aurkia (Mila esker, Iñaki!).

1497ko abenduaren 5eko datarekin, Errege Katolikoek epaia bidali zuten Valladolidtik (garai haietan han zegoen “Auzitegi Gorena”. Zestoako Kontzejuak eta Aizarnako biztanleek auzia eduki zuten elkarren aurka Aizarnan Kontzeju-etxea egin nahi zutelako. Orduan ohi zen bezala, hasieran Zestoako alkatearen esku egon zen auzia eta gero Gipuzkoako Korrejidorearen esku. Auzia ezin konpondu, ordea, eta Goreneraino joan zen azkenean.

* * *

Tira, ba: Atera da oholtzara Joan Martinez Ibañetakoa eskribaua (atera kontu pastoralean bageunde bezala kontatuko dugula, pixka bat “sasi-antzezle” moduan) eta galdetu die zurgin-maisuei ea zer zekiten Aizarnan, elizaren ondoan, eraikitzen ari ziren etxeaz. Erantzuna, laburra bezain azkarra: Hitzik ere ez. Deitu diote gero erretoreari, eta berdin hark ere. Norbaitek jakin beharko zuen bada zerbait, ordurako etxeak bi horma eraikiak zituen-eta. Tira, inork ere ez arrastorik (orain, intriga pixka bat sustatzeko, eman dezagun musika pixka bat jartzen dugula).

Handik pixka batera, Altzolarasko jauna agertzen da eta “zart!” botatzen dio alkateari: Aizarnako etxe berria eraikitzeko ez dezala inolako oztoporik jarri.

Eskribauak alkateari: “Kontzeju-etxeak Zestoako harresien barruan egon behar du, ez beste inon. Aizarnan Kontzeju-etxea inolako baimenik gabe ari dira egiten. Beraz, eraikitzaileak zigortu egin behar ditu berorrek” (Danbor hots pixka bat, tentsioa igotzen ari dela nabaritzeko).

Altzolarats jauna, berriro, aizarnarren alde nabarmen-nabarmen: “Han etxea egiteak ez dio inolako kalterik egiten Zestoari eta, gainera, Aizarnak askoz ere biztanle gehiago ditu hiribilduak baino [harrapazan/k!]; Aizarna Zestoa baino lehenagokoa da eta horregatik alkatea, fiela, zinegotziak eta ofizialak txandaka izaten dira, urte batean Zestoakoak eta hurrengoan Aizarnakoak” (Hemen alkatea eta eskribaua sututzen hasten dira; beste danbor-hots pixka bat).

Gauzak berotzen doaz. Eskribauak du hitza berriro; oholtza gainean, alde batetik bestera, urduri ikusten dira alkatea eta biak. Eskribauak: “Alkate: eraikuntza lanak, bertan behera gelditu beharrean, aurrera doaz eta hori ezin daiteke ontzat eman. Gutxienez, hasierako egoerara bueltatzeko agindu zorrotza eman behar du berorrek. Beste hiribilduetan ere, Azkoitian, Deban… inolaz ere ez da onartzen horrelako gauzarik, guztiz legearen kontrakoa da-eta”.

Altzolaratsek hartu du hitza berriro (hau askoz lasaiago ikusten da): “Lehen ere, agintaritza Aizarnari tokatzen zitzaionean, egiten ziren bilerak Aizarnan, bai horixe! Bestalde, Aizarnako elizak bereizita dauzka bereak dituen diru-bilketak. Zestoako elizak bere eremuko diru-bilketa egiteko eskubidea baldin badu, Aizarnak nahita eman diolako da. Garai batean, Aizarnako erretoreak kentzen eta ipintzen zuen, nahi zuenean, Zestoako elizako apaiza. Eta, azkenik, alkate!, herriko pertsona famatuenak Aizarnakoak dira!” (Ahobizarrik ez, Altzolaratsek!).

* * *

Kontuak horrela, alkateak (Joan Perez Idiakaitzekoa, Liliko jauna) bi aldeei entzunda, epaia eman zuen. Aizarnako Kontzeju-etxeko eraikitze-lanak hiru hilabetez geldirik egongo ziren. Bestela, 50.000 maraiko isuna ezarriko zien.

Pedro Lopez Altzolaraskoa konforme ez eta Gipuzkoako korrejidorearen esku utzi zen auzia. Eta, hara nola diren kontuak, Korrejidoreak baimena eman zuen Aizarnako Kontzeju-etxea amaitzeko! Eta Zestoari gai hartan “betiko isiltasuna” ezarri zion, hau da, gai harekin ezingo zuen berriz auzirik hasi.

Joan Martinez Ibañetakoak, ordea, alegia, eskribauak, gora jo zuen epai haren aurka, Errege-kontseilura.

Errege-kontseiluko epaileek 40 eguneko epea eman zioten alde bakoitzari bere froga eta testigantzak eramateko. Azkenean, eman zuen epaia “Gorenak”: Aizarnako etxearen eraikuntza amai zezaketen baina ez zen Kontzeju-etxea izango eta, ondorioz, ez ziren Kontzejuari zegozkion bilkurak bertan egingo.

* * *

Eta horrela bukatuko litzateke gure pastorala. Baina ezin ba, epilogorik gabe utzi gure istorioa. Mutatis mutandis, alegia, aldatu beharrekoak aldatuta, ez al dio irakurleak antzik ematen auzi honi, gaur egun hainbeste zeresan ematen ari den Kataluniako auziarekin? Zestoarentzat legea da garrantzitsua eta legearen hesia ezin da gainditu. Aizarnarrentzat, ordea, legeaz haratago ere badago zilegitasuna, gauzak beste era batera egiteko “eskubidea”. Konparazioa pixka bat behartua bada ere, “se non è vero, è ben trovato”. Gora Aizarna!

 

Argazkia, Jon Egiguren (Aizarna.com): “Euskal Herriko artzainen kirola edo borroka berreskuratu dute. Erdi-aroko kirol edo borroka honen erakustaldia egin dute Donostian. Erakustaldi honetan atera nuen argazkia”.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide