Peru eta Maria Arroan

Gaurkoan ipuin bat dakarkit “Aztarka” honetara. Baina ez da nik asmatua ezta hemen aipatuko dudan gizonak ere. Arroako emakume batek kontatutakoa da, auskalo berak asmatua den edota haren aurrekoengandik jasotakoa. Emakume hark Bernardina Iriondo Juaristi zuen izena (1859-1940) eta Arroako Teilerian (fábrica de tejas de Arrona) bizi zen.

Gauza jakina da Resureccion Maria Azkue (1864-1951) batetik bestera ibili zela bere kantutegi bikaina eta folklore bilketa baliotsua osatzeko eta, besteak beste, Arroa aldean ibili zen. Bernardinak kontatutako bi ipuin argitaratu zituen: Erroketxo ta ama eta Peru ta Maria. Horiez gain, ez dakit Bernardinari berari jasoak edo, gutxienez hiru herri-kanta ere plazaratu zituen: Gure Ama Birjina; Madrillen dago; Manuel narruk.

Egonaldi luzea eta, seguruenez, hizketaldi bat baino gehiago egingo zituen Azkuek gure Bernardina eta bere alaba Manuelarekin, etxeko sutondoan, hark idatzitako 15 fitxa trinko eta apuntez betetakoetan nabari daitekeen bezala. Nora Palmitano gure euskara teknikariari zor diot material horiek nire eskuetan jarri izana eta asko eskertzen diot. Izan ere, badira ale eder askoak Azkueren letra azkar eta bihurriaz egindako “baso” horretan. Ez luzatzearren, batzuk bakarrik aletuko ditut hemen:

Azkazaletan markak badira: neska, begira or zenbat gezur esan den.

Gurazaikin azkazalak umeai moztu ezkero, beatz muturrak zornatu egiten dira; ortzekin mozten dizkiete.

Gizonak bere ilea moztua lurretik jaso ezkero eztu buruko minik izaten.

Oñatin norbaitek lau ostokoa arkitu ta zoritxarra izan zen.

Iraetan beste orrenbeste gertatu zan. Mika izan zan ostu zuena. Mika baten abian eraztuna (berak osturikoa) azaldu zen.

Oilarrak arboletan gora igota gelditzen badira, euria.

Janak on dagizuela, edanak kalterik ez, Frantzisko gureak ekarrita okoiluan auntzik ez.

Kika kentzeko. 1ª) Iru egin baino len, ze arrapatu dek? esaten zaio. 2ª) Edozer gauza azpikoz gainera ipini.

Ai, Martxo Martxo, eztik esker-gaizto, ire errekarik aundienari nere ardi eskaxenak egin dio salto.

Gustura segiko nuke baina jendea aspertu aurretik bukatzea gauza ona izaten da. Altxor horietako asko Euskalerriaren Yakintza (1935-1947) argitalpenean daude eta merezi dute irakurtzea. Bere garaiko antzeko lanekin konparatuta, eragozpen bat du bilduma horrek, adituen ustetan: Azkueren elizgizon ikuspegi katolikoaren eta euskal kultura goratu nahiaren eragin handiegia nabari zaiela lan horiei, eta hark bekatu edo akats zirela uste izan zituen pasarteak txukundu eta edertu egin zituela, bere hartan jaso beharrean. Nabaritzen zaie halako moral katoliko kutsu bat Arroan bildutakoei ere baina, hala eta guztiz ere, merezi du irakurtzea, izan ere Azkuek bildu ez balitu ez baikenuen hemen ezer aipatzekorik izango. Goazen bada, eta on egin dagizuela.

* * *

Peru ta Maria

Mariak Peru itsu ta gor itzultzea nai zuen eta San Joserengana laguntasun bila joan oi zan. Peruk, noizbait emaztearen asmoak somatuz, aldeaurrez etxetik aterata, San Joseren inguruan gordetzen zuen burua. Mariak, irudi santuaren aurrean zan bakoitzean, onelaxe egiten zion San Joseri bere otoitza:

Peru itsu ta gor izan daitela, Jauna; Peru itsu eta gor izan daitela.

Peruk, irudiaren ostean ezkutuan zegoen tokitik, besteren baten mintzoa (boza) eztarriari eraginez, San Joseren ordez onela erantzun zion bein eskaleari:

Orretarako, Mari, orretarako jan ta edaten eman Peruri galanki.

Andik aurrera Mariak lengo aldean ederki artzen zuen bere senarra. Peruk —Mari —esaten zion—, nik geroago gutxiago ikusten dinat, entzun ere gutxiago.

Maria, pozik. Orrela aldi luzetxo bat igaro zuten senar-emazteak. Peru galanki jaten ta edaten, gutxiago ikusten eta entzuten zuela esaten; Maria gero ta bazkal-apari mardulagoak Peruri emateko pozik.

Mari —esan zion bein senarrak—: ni orain enaun ezertarako. Itsuki ta gorxko natxion ta eraman nazan gain hartako leizera ta ik erorrek zulora jaurtiki bear naun.

Jesus, Peru! Ori ere esan!

Marik egin zuen ispenturik! (aspavientorik).

Ori ere esan, Peru!

Ta egin. Bai, Mari. Goazen lenbailen.

Joan ziran, leizera eldu ere bai. Peruk, egal egalean zegoela,

Mari —esan zion emazteari—, oa gaintxo artara ta abanta (abiada) artuta, bultz eta jaurtiki nazan zulora.

Maria antxintxika zetorrela, Peruk alde egin zuen ta Maria bera leizean gainbera amildu zan.

 

Argazkia: “Peru eta Maria” nire bulegoko esponjazko aldaretxoan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide