Pilar gure ondoan

Sekula ez ditugu nahikoa goraipatuko gurea bezalako herri txikietako denda txikiak, eta herriari bizitza ematen egiten duten lan ikaragarria. Une honetan, beste gainontzekoak ahaztu gabe, Potxolo denda dut gogoan. Aspaldian ez naiz hainbeste hurbildu baina, neurri handi batean, denda txiki horri zor diot gaur egun naizena izateko bidea ireki izana. Oraintxe azalduko dut hori pixka bat sakonago.

Txiki-txikia nintzenetik maite izan ditut liburuak eta irakurtzea, baina otoitz-libururen bat edo beste kenduta, ez zen beste libururik gure etxean. Beste makina bat baserri bezalaxe, “desertua” zen gurea ere, liburu, aldizkari eta irakurketari zegokionez. Hamalau urtera arte (1978), eskolako testu liburuak ziren nire liburu bakarrak. Literaturari zegokionez, Senda zuten izena eta haiei zor diet, batez ere, orain naizen irakurle porrokatua izatea. Garai haietan, Bibliobusa (liburutegi ibiltaria autobus batean) ere etortzen zen gure herriko plazara baina hark ez zuen hainbesteko eragina izan nigan.
Batxilergoan hasita, derrigorrez irakurri beharreko liburuak etorri ziren, eta orduan hasi zen, benetan, nire liburutegia sortzen: Zalacaín el aventurero, El lazarillo de Tormes, El sombrero de tres picos… Horiek izan ziren nire lehen erosketak.

* * *

Eta, ibilian-ibilian, horrela iritsi nintzen Potxolora. 1980ko hamarkada hasieran gaude. Azpeitiko liburu-dendatara ezin zitekeen edozein garaitan joan eta Donostiara are eta gutxiago. Potxolo bertatik bertara geneukan, ordea.
Bruguera argitaletxeko “Libro Amigo” saileko ehunka titulu bazituen Potxolok orduan, eta Plaza y Janés-eko beste mordoska bat ere bai. Bi argitaletxe horiek, Alianza-rekin batera, oso kalitate handiko tituluak zituzten, oso ondo itzuliak eta, gainera, nahiko merkeak. Hortik aurrera, aldian-aldian argitaratzen ziren 100 tituluko sorta edo bildumak ere ekartzen zituzten, esate baterako, koadernaketa granatezko Orbis haiek edo Biblioteca Básica Salvat hura.
Azpeitiko Iratzar ireki zuten arte edota Donostiako liburu-denda zoragarri haietara joateko aukera izan genuen arte, Potxolo denda zoragarria zen gure modukoentzat; zaila da esplikatzea ni bezala baserrian jaio eta nolabaiteko desertu kultural batetik atera berri batentzat zer izan zen aukera “zabal” hura etxetik bertan edukitzea; noizbehinka joan hara, erosi libururen bat eta etxean irakurtzea plazer betean (esan dezadan garai hartan Elizondoko Zentroan bazela liburutegi txiki bat baina niretzat mundu arrotza zen hura).
Potxolori esker hasi nintzen irakurtzen, batxilergoan aipatu bakarrik baina irakurri gutxi egiten ziren idazleak eta denborarekin nire “lagun kuttunak” bihurtuko zirenak: Albert Camus, Italo Calvino, Stendhal, Hermann Hesse, Leonardo Sciascia eta abar.
Ezinezkoa izango zaie potxolotarrei irudikatzea zer nolako altxorra zeukaten garai hartan ni bezalako gazte batentzat, eta ezinezkoa irudikatzea zenbat lagundu duten, liburu haiei esker, nire eta beste makina bat herritarren heziketan.

* * *

Pena handia hartu dut gaur Pilar hil dela jakitean. Pilar zen-eta, nire gazte denboran, liburu-altxor-denda haren bihotza. Haren liburu-eskaintzari esker esan baitezaket gaur egun, egunero-egunero, zer zorte izugarria dudan irakurtzeak ematen didan guztiagatik.
Azkeneko urtetan askoz gutxiago joaten nintzen dendara, eta pena daukat gauza hauek berari ez esan izana, bera bizi zen bitartean, baina inoiz ez da berandu eskerrak emateko eta hala egiten dut: eskerrik asko, Pilar, bihotz bihotzez.
Bizi zinenean zinen moduan, isil-isilik, joan omen zara, zeure mantatxoan bilduta zeundela, inor molestatu gabe. Horretan ere, diskreta-diskreta, inon txintik atera gabe.
Anjel Lertxundik esana da “zerk edertzen du bizitza, eman eta eskaini eta oparitu duzunak baino?”. Ez zara urrutira joan, Pilar: zure denda txiki hartako liburu haietako bat gure apaletatik hartzen dugun bakoitzean, hor egongo zara zu, Pilar, gure ondoan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide