Salamancan euskaraz

Neure buruari publizitatea egitea ez da oso itxurosoa, baina hemen azalduko ditudan kontuetan ni bakarrik ez naizenez, eta lantalde oso batek auzolanean jardun zuenez, barkatuko al dit irakurleak duela 30 urteko gauza polit batzuk gogoratzea. Hemen argazkian ageri den artikulua (Argia, 1987-01-25), eta bertan sakatuz gero handiagoa ikus daitekeena, nahiko esplizitua eta zehatza da eta, ondorioz, ez dut askoz gauza gehiago ekarriko hona.

Euskarazko ikastaroen kontu hura oso esperientzia hunkigarria izan zen eta, bide batez esanda, izugarrizko abentura. Artean, hola eta hola euskaraz irakasteko material aukera handiegirik ez zegoen eta gainera AEK eta HABEren arteko ezin konpondu haiek ziren tartean (ez dut lekurik hemen gatazka haiek zehazki azaltzeko; barkatuko al dit irakurleak). Oztopoak oztopo, handik eta hemendik lortutako ikas-material nola-halakoei esker eta borondate izugarriaren poderioz, eskaintza arrakastatsua izatea lortu genuen. Gelak eta azpiegiturari dagokionez, berriz, ondo gogoan dut oraindik ere, Jose Antonio Pascual irakasle katedradunak (gaur egun hizkuntzalari eta akademiko ezagun handia) eman zizkigun erraztasunak eta gugan –mutil/neska koskor batzuengan– jarri zuen konfiantza.

Koldo Mitxelenaren liburuei buruz, berriz, zer esan… Koldo Mitxelena (1915-1987) izan zen euskal linguistika eta filologiaren oraingo oinarriak ezarri zituena. 1958an, Salamancako Unibertsitateko Euskal Hizkuntza eta Literatura katedra bete zuen (euskararen lehenengo katedra, Espainiar Estatuan) eta 1968an indoeuropar linguistikako irakasle izendatu zuten.
Mitxelenak euskal liburu eta aldizkari mordo bat bildu zituen garai hartan Anaya jauregiko goi solairuetan kokatzen zen Filologia Erromanikoko liburutegi zoragari hartan, baina gu han ibili ginen garaietan, liburu eta aldizkari haiek denak ganbarako bazter batean zokoratuta zeuden hautsaren menpe. Lan haiek ere, Pascual jaunaren sentsibilitateari esker egin ziren, eta unibertsitateko liburutegi nagusian jarri genituen, txukun-txukun, edozeinek kontsulta zitzan. Benetan, euskal gaiei buruzko liburu-sortu mardula eta ederra zen, hemengo etxe gutxitan egon zitekeen bezalakoa.

Bueno, hasi irakurtzen, astiro-astiro, “Argia”-ko artikulua eta on egin dagizuela. Bitxia bada behintzat. Gogoratu, argazkian sakatu eta handiagoa ikus daitekeela irudia.