Santa Engrazia ermitako berritze lanak

Santa Engraziko  erlojua  berrestrukturatu eta gora jaso aurretik, erloju hau berritzen ari den taldeak  ermitak  ere aurpegi aldaketa baten beharra zuela ikusi zuen. Ikusi bakarrik ez,  lan polit bat  egin ondoren  beste itxura bat jarri ere bai ermitari.  Erlojuarekin egin diren lanak aurretik  azaldu ditudanez, orain, aurpegi berritzen egin diren  lanen berri emango dut  lerro hauetan.

Hasteko, aipatu behar  ermitaren inguruan zeuden  zuhaitzek traba egiten zutela bailarako paisaia ikusteko, handiegiak eginda  baitzeuden. Bira osoan zuhaitzak moztu egin dira eta  alaitu galanta hartu ere bai  mendi tontor honek. Horrela  Aizarna eta bailara osoa  askoz hobeto ikusten da  behintzat,  eta  ermita bera ere  oso-osoan ikusten da  orain  bailarako leku guztietatik.

Honekin batera ermitarako bidea ere egokitu egin da: zorua berdindu,  zabaldu estua zegoen lekuan, bazterretan oztopo  egiten zuten zuhaitzen adarrak moztu… Ondoren  beste itxura bat hartu du bide honek. Orain  bisitara joateko ez dago aitzakiarik, askoz   errazago igotzeko aukera baitago.

Lehen argindarren kablea zutabetik airean joaten zen ermitara eta honek desitxuratu egiten zuen ermita  zaharra. Orain zutabea eremutik kanpo finkatu  eta kablea lur azpitik pasatu da. Honekin batera kontadorea ere lekuz aldatu da, lehen ermitako hormari erantsita zegoen eta nahiko desitxuratuta gainera. Orain berria jarri eta  zutabean kokatu da berau. Lan hauen helburua ermitaren hormak biluztea zen, kaxa eta kableen kutsadura kentzea,  ermitako horma zaharrak  ahalik eta garbien uztea, alegia. Emaitza  ona lortu dela esango nuke, beste itxura bat hartu duelakoan nago.

Kanpaia zintzilikatzeko  dorrea  ere kaltetuta  zegoen. Harri bat edo beste bere tokitik mugitu eta egoera tamalgarrian zegoen. Ekaitzen eragina izango zen seguruenik,  tontor honetan tximistak indar handia baitu. Konponketak  egin ondoren  harri denak bere tokian ditu  orain eta espero beste gizaldi batean horrela izaten jarraitzea.

Ermitako  kanpai erraldoiari   eusten dion  burdinazko habea ere dena herdoilak janda zegoen, eta ez dakit  ekaitzen batek  nola ez duen lurrera  bota. Gogortu egin behar eta  burdinazko   xafla sendo  batzuk ezarri. Egia esan berria bezala gelditu da, espero honek ere beste urte pila batean irautea.

Erlojuarentzat txoko dotorea egin eta   aldareko hegalak dena koloregabetuta ikusten ziren. Zorua  aldiz zulo handiekin. Ezin utzi horrela erloju dotorea ikusi behar zen lekuan. Beraz, margotu, zoruak zituen  zuloak bete eta  Santuei garbiketa egin ondoren  beste alaitasun bat hartu duela esan behar barruak.

Tximistorratz berri bat ere badu orain ermitak, kanpaia, dorrea,erlojua eta eraikuntza osoa babesteko. Denok dakigu mendi tontor honetan ekaitzak duen indarra, oso beharrezkoa izango da beraz,  egin diren lanak  babesteko. Ea  honek babesten duen ermita eraso trakets eta gogor hauetatik.

Ibiltariek, mendizaleek eta bailarako biztanleek gustuko  dute ermita hau, beraz, zaintzea merezi duelakoan nago.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide