Albisteak

Santa Engraziako erlojua: erloju zaintzaileak gogoan

Pasa den asteburuan zabaldu zen Santa Engraziako erlojuaren erakusketa Zestoako Kultur Etxean. Ireki zenetik hainbat herritar izan dira erakusketa ikusten, eta egunero dabil jendea. Erakusketa igandera arte zabalik egongo da.

Erramun Etxaide Legoia eta Joxe Orbegozo zenari omenaldi xume bat egin zitzaien. Haiek jarri baitzuten martxan erlojuaren lehen automatizazioa, 1980ko hamarkadan. Lore sorta bana jaso zuten Erramunek eta Arantxa Zigaran Joxeren alargunak. Omenaldian Xabier Yereguik eta Josetxo Mendizabal alkateak hitz egin zuten. Gainera Jexux Iribar Olaldek eta Legoia berak bertsoak ere abestu zituzten. Honako hau izan zen Legoiaren bertsoa:

Denen aurrean hemen daukagu

Santa Engraziako erlojua

Matxura bat zuela medio

egona zaigu mutua

Auzolanean ederki asko

dago orain konpondua

Mendi gainetik entzungo da bai

honek jotzen dun ordua

Kanta eta kanta arituko da

ederki gure kukua

 

Ikasle taldeen bisitak izan dituzte

Santa Engraziako erlojua ikustera taldeka ere joan dira. Zestoako Ikastetxetik, Aizarnako Ikastetxetik eta Zestoako AEK Euskaltegitik taldeka izan dira erakusketa ikusten.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide