Santa Engraziako erlojua zaharberritzeko lantaldeak amaitutzat eman du bere ibilbidea

Duela ia bi urte, 2016ko irailean, sortu zen Santa Engraziako erlojua zaharberritzeko lantaldea. Hasieran, auzolanean, soilik erlojua eguneratzea behar zuena askoz proiektu zabalagoa bilakatu zen denborarekin. Erlojua berritzeaz gain ermitaren inguruko hainbat berritze-lan ere hartu zituen bere gain lantaldeak, betiere lan guztiak auzolanean egiteko asmoarekin.

Urtebete inguruko epean lanak amaitu baziren ere, lantaldeak beste urtebetean hainbat lan eta mantentzerekin jarraitzeko ardura hartu zuen.

Horiek horrela, lantaldeak behin betiko bukatutzat eman ditu hartutako konpromisoak.

Hona hemen Santa Engraziako erlojua zaharberritzeko lantaldeak egindako lanen laburpena:

  • Santa Engraziako erlojua zaharberritzea. Erlojua 2016ko irailean desmuntatu egin zen piezaz pieza. Pieza guztien krokisak egin dira, eta pieza batzuk berritu. Garbiketa eta txukuntze sakon bat ere egin zaio erlojuari. Pisuak jasotzeko sistema automatiko modernoa jarri zaio. 2017ko uztailaren 2an, erlojua berriro ermitan kokatuta, erlojuaren zaharberritzea ospatzeko ekitaldia antolatu zen.
  • Erlojuaren kokapena. Erlojua bi metro eta erdi inguruko altueran kokatu zuten 1914an; halaxe egon da 2016ko irailera arte. Zaharberritzearen ondoren, giltza automatikoki emango zaionez, erlojuaren pisuek ez dute beharko ibiltarte bereziki handirik. Horregatik, erlojua ermitaren zoruan kokatuta dago, jendeak eroso ikusteko moduan.
  • Ermitan egindako konponketak. Teilatuan, bereziki kanpandorre inguruan egin dira berrikuntzak: itoginak kentzeko lanak, kanpandorrea bera eta kanpaiaren euskarria gogortzea eta finkatzea; kanpaia jotzeko mailuaren euskarria ere berria da. Barrualdean ere txukuntze lan batzuk egin dira: erlojuaren kokapen-txokoa erabat berritu, aurrealdea pintatu, zoruaren zati bat berritu, santuen irudiak garbitu eta txukundu, sarrerako atea bernizatu, etab.
  • Tximistorratza. Tximistorratz berria jarri zaio ermitari. Teilatuan eta kanpandorrean instalazio berria egin da. Kobrezko kablea luzatzeko, berriz, 1975ean jarritako kablea baliatu da. Dena dela, bukaeran, lehengoaz gain, lur-konexioko beste pika batzuk sartu dira.
  • Argindarraren hargunea. 1980ko hamarkadan jarritako argindarraren hargunean moldaketa batzuk egin dira. Argindarraren kablea zuzenean ermitaren hormara zihoan, eta horman bertan kokatuta zegoen kontagailuaren kaxa ere. Kablearen azken metroak lurperatu eta kanpoko hormako kaxa aldatu egin da, ermitaren horma garbi utziz.
  • Bentatik ermitarako bidea eta ermita ingurua txukuntzea. Bentatik ermitara bitarteko bidea nahiko itxita egon da azken urteetan, zaindu gabe. Baina azken bi urteetan txukundu on bat eman zaio. Gauza bera egin da ermitaren inguruarekin eta kanpoaldearekin.
  • Santa Engraziari buruzko informazioa. Panel informatiboa ermitan bertan kokatu da eta informazio orokorra zestoa.eus atarian:

http://www.zestoa.eus/eu/santa-engraziako-ermita

Zestoako udaletxean 2018ko uztailaren 17an udal eta eliz ordezkariekin egindako bileran Santa Engraziako erlojua zaharberritzeko lantaldearen eginkizuna amaitutzat ematen zutela adierazi zuten lantaldeko kideek. Beraz, ia bi urtean egin diren lanen ardura utzi egin du lantaldeak. Lantaldearen nahia etorkizuneko lanen ardura Elizak eta Udalak berriro hartzea izango litzateke.

Hasieran jarritako helburuak bete egin direla adierazi zuten lantaldeko kideek, nahiz eta taldearen dinamika ez den izan hasieran pentsatu bezalakoa. Izan ere lanak hasi eta hilabete gutxira auzolan espiritua erabat desitxuratua gelditu zen proiektua aurrera eramateko proposamena ekarri zuen pertsonak hasierako jokabidea guztiz aldatu zuelako: gehiegizko protagonismoa bereganatu eta sarritan agintekeriaz eta herritarrak baztertuz aritu izan da. Ondorioz taldea hautsita gelditu zen, baina, hala ere, lan-dinamikak aurrera egin izan du.

Dena dela, garrantzitsuena bete da, eta emaitzak agerian gelditu dira.

Lantaldearekin batera, danbolin aldizkariko atal honek ere azken emaitza du hau; dena esaten hasita, azken urtean ez du fruitu askorik eman.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide