Santa Kutzen jarraipena…

Lehenik eta behin irakurle guztiok agurtzea tokatzen zait, hau baita nire lehenengo sarrera komunitatean. Aspalditik nengoen buruari bueltaka, “egin beharko det bat agindutakoa”…

Ni ez naiz idazlea, beste rol asko bete ditzaket bizimodu honetan, esaterako ama naiz, laguna, ahizpa, langilea, emakumea, alaba… Baina ez idazlea, beraz, barkatuko dizkidazue gaizki adierazitakoak. Nire asmoa hainbat gaien inguruan aritzea da, ez baitago jardutea bezalakorik, ezer egiten ez eta soilik mingaina astintzen dutenak ez baitira nire gustokoak. Beti pentsatu dut, gaizki ala ondo, baina egitea dela kontua; horrela aldatuko baitugu ondo ez dagoela iruditzen zaigun hori.

Eta jardun gehiagorik gabe ekingo diot gaiari. Lehengo astean irakurri nuen Fernando idatzitakoa Santa Kutzei buruz. Ez naiz hasiko hemen nire iritzia ematen, zenbait gauzetan ados egon naiteke, beste zenbaitetan ez. Zati batean generoarena aipatzen du Fernandok, gaztetxeko banderadunak emakumez jantzita ateratzen direla eta. Niri ere oso ondo iruditzen zait hori, betiko eredua alde batera utzi eta gizarte honetan beste hainbat errealitate daudela erakusteko balio duelakoan nago.

Oraindik ez dudana ulertzen tanborradako banderadun eta kantineren janzkerarena da. Zergatik joan behar dute neska nerabeak gona motza, ilea prestatuta eta beraien aurpegi gazteetan bost kilo makilajerekin? Inoiz ez dut ulertu izan, eta oraindik orain, inork ez dit azaldu hori zergatik den horrela. Gure sistema patriarkal honetako beste katebegi bat dela iruditzen zait, emakumeak polita joan behar du, zuzena izan behar du, bere aurpegiko berezko freskotasuna ezkutatu eta politagoa egiteko makilajea eraman beharko du.

Agian ez gara benetan konturatzen horrelako keinuek zer eragin duten gure seme-alabengan, gure gizartearengan. Baina niri ez zait egokia iruditzen, emakumea “objetu” gisa ikusten dut paper horretan. Eta hala ez bada, norbaitek azalduko didala uste dut.

Proposamen bat, gaur egun emakumeen eskubideak ahoz-aho darabiltzagun une honetan, zergatik ez diegu beraiei aukera ematen nahi duten bezala jantzita joateko? Hau da, aukera eman gona motza edo luzea eraman erabiketzeko; edota galtzekin joatekoa. Nik zer dakit! Gutxienez hausnarketarako bidea ireki eta denon artean erabaki nola joan behar den, eta ez ezarritako eredu bati jarraitu.

Eta eskubideetaz ari naizela, hurrengoan herri bezala dugun erabakitzeko eskubideaz arituko naiz, ekainaren 10a hurbiltzen ari da eta!

 

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.