Albisteak

Sastarrain bailaran euskal pottoken konpainiaz gozatu ahal izango dute bisitariek uda honetan

Ekainberrik, Sastarrain Baserri Eskolak eta Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteak elkarlanean, ekimen bat antolatu dute Sastarrain bailarara etortzen diren bisitarien esperientzia indartzeko.

Udan zehar Sastarrain bailaran hainbat ekintza antolatzen dituzte bisitari kopurua ugaritzen dela eta, eta aurtengoan ekintza berri bat dakarkigute, euskal pottokekin zerikusia duena. Ekainberri kanpoko zelaian, aurretik oreinekin egin zen bezala, orain hain gureak diren zaldi arraza hau ikusteko aukera izango da eta aurretik erreserba eginez Sastarrain Baserri Eskolakoekin pottoka gainean irteera gidatuak egin ahal izango dira. Irteera hauek Erlaitz eta Idiakaitz ingurutik egingo dira. Ekintza hau batez ere umeei gidatua dago, baina 70kg-tik beherako pertsona guztiek ibili ahal izango dute pottoka gainean.

Ekain haitzuloko labar margoetan garbi ikus daiteke aspaldidanik Sastarrain bailaran zaldiek garrantziahandia izan dutela. Garai hartan, inguru honetan zeuden zaldiak Przewalski arrazakoak ziren, eta egun ezagutzen ditugun pottokak horien oinordeko kontsidera daitezke, arraza aniztasun izugarriarekin.

Gipuzkoako Pottokazaleen Elkarteko ordezkaria den Aitor Iraetak esan digun moduan, pottoka desagertzeko zorian dagoen arraza bat da eta nahiz eta elkarte bezala hauek babesten eta zaintzen diharduten, horrelako ekimenak oso lagungarriak direla dio, jendea arazoaz jabetu dadin eta Euskal Herri kanpotik datozen bisitariek ere ezagutu dezaten arraza hau.

Ekintza berri honez gain beste hainbat eskaintza daude bailaran. Ekainberrikoek “Ekain Abentura” izeneko ekimenarekin orain dela 14.000 urte Sastarrain bailaran bizi ziren gizakiek zuten bizimodua birsortzeko aukera eskaini nahi die bisitariei, eta horretarako historiaurreko etxola eraiki dute erreplika kanpoko zelaian. Bertan, sua nola egin eta historiaurreko margoak marrazten erakutsiko digute, besteak beste. Gainera, esperientzia hau osorik bizitzeko zelai ondoko zuhaitz azpietan haragia erre eta dastatzeko aukera izango da. Sastarrain Baserri eskolakoek berriz, “Etxalde tailerra” antolatu dute. Bi ordu eta erdi inguruko jarduerak izango diraeta bertako etxabere derberdinak ezagutu, zaindu eta jaten emateko aukera izango dute animatzen direnek. Gainera, hamabi kidetik gorako taldeek bertan haur zein helduentzako menuak dastatzeko aukera izango dute.