Serapio Mujika eta Zestoako kontakizunak

Gipuzkoako Diputazioak udaletxetako artxiboak antolatzeko enkargua eman zion Serapio Mujikari 1892an. Zestoakoa izan zen antolatzen aurrena. Urte hartako martxoaren 5ean hasi zen, Aste Santuan, eta astebete pasa zuen lanean.

Orduko hainbat pasarte eta gorabehera idatzita laga zituen, nonbait, etxeko paper eta koadernotan, eta bere biloba batek argiratu egin zituen duela dozena bat urte. Badaude gure herriari buruzko anekdota interesgarri zein bitxi samarrak eta batzuk kontatzera noa segidan.

Martxoaren 3an iritsi zen, nonbait, Serapio gure herrira: “Arratsaldeko ordu bata eta erdietan iritsi nintzen Zestoara eta Blas Alkortaren ostatuan geratu ginen; lehendabiziko etxea da eskuin aldera, kalera sartuta. Bazkalondoren, alkateari aurkeztu nion neure burua kanposantuan, hango eraikuntza lanak zuzendu eta ikuskatzen baitzegoen, auzolanean ari ziren egiten-eta”.

Esan dugun bezala, astebete inguru egin zuen udaletxeko paper zaharrak antolatzen, baina tartean, herria ezagutzeko eta ibilaldiak egiteko aukera ere izaten zuten: “Auspandegira joan ginen eta handik, errepidez, Iraetara eta han, Sebastopol deritzan bentan, Kastor jauna elkartu zitzaigun, Arroako apaiz lagunkidea, eta laurok afari-merienda egin genuen, aurrez Olaskoagak enkargatuta”.

Bistakoa denez, dena ez zen artxibo antolaketa. Beste batean, “neuk egin nuen gonbidapena ni bizi nintzen etxean afaltzeko, eta gonbidapenari baiezkoa eman zion Arroako apaiz lagunkide Kastor jaunak, baina ezin izan zuen etorri Olaskoagak, Aizarnazabalgo Errezusta errotan lanak zeuzkalako. Haren ordez, Joan Telleria maisua etorri zen, eta afal ondoren, Kastor jauna eta neu Benito Aranburu udal idazkariaren etxera joan ginen tea hartzera, eta han ohiko piano-jotzea izan genuen”. Pio Barojak ere (bi urte geroago egon zen mediku Zestoan), aipatzen ditu Benito Aranbururen etxean egiten ziren tertulia haiek: “Tertulian, idazkariak pianoa jotzen zuen, eta gainerakook zortzikoak eta beste doinu batzuk kantatzen genituen. Idazkariak oso gustuko zituen abesti bakotarrak”.

Serapiok kontatzen duen beste gauza interesgarria da herrira ura ekartzeko asmoa. Lehendabizi, gogoratu behar dugu handik hamar bat urtera (1902) ekarri zela ur korrontea herrira lehenengo aldiz. Ba, asmo hauek zeuzkaten nonbait 1892an (zaila da azalpena erdaraz ere ulertzea eta, ondorioz, ez naiz saiatu ere egingo itzultzen): “La teoría para elevar el agua hasta la altura que ocupa Cestona fue la siguiente: empleando el ariete hidraúlico cuyo resultado es, elevar un séptimo de la cantidad de agua gastada a cinco veces la altura de la presa [Artzubiagako presaz ari dira]. Es decir que con este aparato y construyendo una presa de tres metros de altura, se podría elevar a una altura de quince metros la séptima parte del agua que se gasta y como el caudal que a dicho punto afluye es muy considerable, su séptima parte sería más que suficiente para abastecer al vecindario de Cestona. Con esta teoría tan sencilla y con este aparato, cuyo coste varía de 70 [ez ote da 700 izango?] a 900 pesetas según el modelo, quedaría llenada una necesidad, la más imperiosa para toda agrupación”.

Baina hara zer dioen gero liburuak: “Pero… falló la cimentación, que pese a hacer ‘verdadero derroche de cemento’ y haber conseguido embalsar el agua, ‘al día siguiente volvió a bajar el nivel dejando la presa en seco’ descubriéndose que el agua ‘por debajo se escapaba en gran cantidad. Por éso hay que creer que el molino que antes se construyó en aquel paraje desapareció por la misma razón”.

Bueno, ez dakit irakurleak zertxobait ulertu ote duen baina tira, laburtuz, ura bihurria izaten dela eusteko.

Serapioren kontakizunak amaitzeko, pasarterik bitxiena geratzen zaigu. Kontatzen du Serapiok gauza batek eman ziola atentzioa Zestoako elizkizunetan: “Aita Arruek bestialismo bekatuari buruz hitz egiteak [pecado de bestialidad]; nik ez nuen uste lurralde honetan bekatu hori egiten zenik, baina dudarik gabe existitzen da, hura zuzentzen eta errotik kentzen saiatu zenean”. Baina, tira, utz dezagun horrelaxe kontu hori eta joan gaitezen kontakizuna amaitzera.

1892an Serapio Mujika ibili zen gure artxiboa antolatzen eta lan handia egin zuen. Gerora, antolaketan ez baina agiri interesgarrienak makinaz transkribatzen, Joan Erentxun zena ibili zen. Eta laster beteko dira 30 urte, garai hartako idazkariaren (gure Xebas zena) sentsibilitateari esker, berriro ere dena antolatu eta inbentariatu zela.

Ez zait ahazten aspaldi batean Fermin Leizaola jakintsuak esan zidana: “Bere iraganaz edo historiaz lotsatzen den herri batek nekez egin dezake aurrera”. Ez zaio arrazoirik falta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide