“Sinadura asko ondo egiten jarraitzearen alde”

Duela aste batzuk herritar talde bat gaur egun Zestoan dagoen hondakinen bilketa sistema mantentzearen aldeko sinadurak biltzen hasi zen. Hilabete sinadurak biltzen izan ondoren honako ohar hau kaleratu dute:

Pozik gaude eta adierazi egin nahi dugu. Orain lau aste sinadura bilketa hasi genuen Zestoako hondakinen bilketa sistema aldatzeko Udalak plenoan hartutako erabakiaren aurrean arduratuta gauden herritar talde batek, eta bere fruituak ematen ari da. Herritar asko eta asko gara ondo egiten jarraitzearen alde dagoeneko sinatu dugunak, eta badakigu gehiago izan gaitezkeela.

Oraindik ez duzula ondo egiten jarraitzearen alde sinatu? Garaiz zabiltza! Asteburu honetan, uztailaren 15, 16 eta 17an kalean jarriko da mahaia eguerdi eta ilunabarrean, eta bertan sinatu ahal izango da. Baina horrez gain, aste honetan zuen etxeko buzoietan jasoko duzue sinatzeko aukera emango dizuen orria; eta orri hori asteburuan mahaira ekartzea besterik ez duzu egin beharko.

Auzoetara ere ari da zabaltzen sinadura bilketaren mugimendua, eta bertan ere aukera egongo da sinatzeko; adibidez Arroabeko festetan.

Badakigu oraindik badagoela sinatu ez duen herritarrik, eta guztiak animatu nahi ditugu mahaira gerturatu eta ondo egitearen alde atxikimendua ematea. Asteburu hau izango da herrigunerako azken txanpa, eta laster hasiko gara hurrengo pausoak zehazten.

Zestoan ondo egiten jarraitu nahi dugulako, sinatu!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide