Albisteak

Sinadurak biltzen jarraituko du ‘Ondo egiten jarraitu nahi dugu’ ekimenak

Larunbat eguerdian ‘Ondo egiten jarraitu nahi dugu’ ekimenak deitutako elkarretaratzea izan da. Bertan azaldu dutenez, gaur egungo sistemari babesa emango dioten herritarren sinadurak biltzen jarraituko dute. Honako idatzi hau irakurri dute elkarretaratze amaieran:
Gaur hemen bildu gara udalari gure desadostasuna adierazteko. Maiatzean, udalak inori kontsultatu gabe eta mankomunitateko teknikarien aurkako txostena esku artean zuela hondakinak biltzeko sistema aldatzea erabaki zuen. Udalarekin hitz egiten saiatu gara bide bat baino gehiago erabilita baina udalak ez du entzun nahi esateko daukaguna, ez du negoziatu nahi. Guk, berriz, berme batzuk izango dituen sistema bat nahi dugu eta, gainera, guztion adostasuna izango duena.
Dakizuenez, sinadurak biltzen hasi ginen uda aurretik. Udalari esan nahi diogu ez gaudela ados hartutako erabakiarekin eta erantzuteko gai ez diren hainbat galdera luzatu dizkiegu. 720 herritarrek sinatu dugu eskaera hori baina itxura denez udalarentzat ez gara nahikoa, ez baitu entzun ere egin nahi esan dioguna. Hori dela eta, sinadura gehiago biltzea erabaki dugu eta horretarako zuen
guztion laguntza behar dugu. Azken esfortzu bat egin eta bakoitzak bi sinadura lortzeko eskatu behar dizuegu. Bi gutxi izango dira agian, baina bi gehi bi gehi bi… asko izan daitezke!
Bi sinadura lortzen dituzuenean, mesedez, itzuli paperak orain banatzen ari direnetakoren bati edo nahiago baduzue, urtarrilaren 5 arratsaldean, hementxe izango gara zuen sinadurak jasotzeko prest!
Eskerrik asko!



Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide