Tipula azalak eta idi-demen tentsioa

Iragana askotan irudikatu izan da tipularen azalekin; tipulari azalak banan bana kentzen zaizkion bezala, hala joan daiteke arakatzen pertsona edo leku baten bizitza, bihotzeraino iritsi arte. Garai bateko tokian ez, baina oraindik bizirik dirauen Koioteneko margoak –plaza ikusten den horrek– bazuen azpian beste azal bat, duela urte batzuk taberna berritu zutenean bistaratu zena. Eta han ere, plaza eta idi-dema ageri dira.

Lehendik ere, zestoar batzuk bazekiten oraingo horren atzean beste margo bat bazegoela, eta haiek –batez ere Kontxita Legardaereñok– emandako xehetasunekin argitaratu zuen artikulutxo eder bat bat Bizente Davilak, 2002ko abenduko Danbolin aldizkarian. Baina artean egin gabe zeuden tabernako obrak eta “buruz” jardun zuten, alegia, azpiko margoa ikusi gabe. Obratan hasi zirenean, argazkiak ateratzera joan nintzen, arnasa hartzeko ere astirik gabe, eta material eta abilidade handirik eraman ez nuenez ez dira kalitate handikoak baina hala beharko du, nik dakidala ez dago besterik-eta. (Sakatu irudian bertan, handiagoa ikusteko)

Goazen lehendabizi Kontxitak Bizente Davilari kontatu zionarekin historia pixka bat egitera. Dirudienez Jose Gil donostiarra zen egilea eta 1948an margotu zuen horma. Hamar urte geroago, horma berria egin zuten eta pintura hura tapatuta geratu zen. Baina garai hartan ere, Jose Gil Zestoan omen zebilen, Arozenako kapera pintatzen. Horrela bada, Koioteneko koadro polit hura berriro pintatu zuen, baina oraingoan olioa erabili zuen egurraren gainean. Itxura denez –hala esaten dute, lehen esan dugun moduan atzeko margoa ezin zen ikusi-eta– “koadroko xehetasun guztiak banan-banan errepikatu zituen, eta aldaketatxo bat bakarra sartu omen zuen: itzainarena. Lehen aurrera begira omen zegoen, eta gero akuilua idiarengana zuzendu omen zuen, gaur egun ikusten dugun moduan”. Irakurlea berehala jabetuko da Kontxitaren memoria onaz eta auskalo zenbat aldiz egongo zen koadro hari begira-begira; izan ere, akuiluarena eta itzainaren posturarena xehetasun zentralak izan arren, ez baitira hainbestekoak begiratu batean buruan hain erraz gordetzeko.

Badira, ordea, beste gorabehera batzuk ere: zaharrean ez da ageri Koioteneko etxea ezta emakume multzoa ere. Kasualitate hutsa izan liteke 1948ko margoan emakumeak ez azaltzea eta handik hamar urtera margotutakoan bai, baina pentsa liteke garai aldaketa bat irudikatzen dutela bi margoek: 48a, gerra amaitu eta hamar urte eskas, artean oso garai zorrotza zen erlijio eta moral ikuspegitik; 1958an, aldiz, gizartearen jarrera irekitzen doa eta Kontzilioaren bezperatan gaude.

Nolanahi ere, berez den baino gizarte tradizionalagoa erakutsi nahi izan du hemen margolariak. Tradizionalagoa baino hobeto, esan dezagun gizarte idealizatua; arte kontuetan, eszena pintoreskoa deitzen den horrelako zerbait egin nahi izan du: euskal kutsuko ekitaldi bat XX. mende hasierako hainbat euskal margolariek egin ohi zuten bezalakoa baina hamarkada batzuk beranduago.

Teknikoki, ez dira margolan perfektuak eta akats dezente dauzkate, esate baterako proportzioari dagokionez: Iraeta etxearen kontra dagoen arkua den baino askoz zabalago ageri da; udaletxeko hormak, balkoira bitartekoak, berez duen baino altura askoz handiagoa dauka…

Itzainaren eszena, berriz, askoz hobeto lortua dago zaharrean, hemen ageri dugunean, oraingo berrian baino; batez ere, itzainaren jarrerak askoz tentsio biziagoa ematen dio margoari. Berrian, akuilua altxatuta eta jendeari begira, “pose” itxura du itzainak. Zaharrean berriz, idi pareari begira dago, uztar-hedetik tiraka, idiak azpitik eztenduz, erabateko tentsioan. Idien tentsioa ere, ederki asko erakusten du buztanak harrotuta margotzean. Hemen erakusten dugun margoan, tenpera-pintura edo erabiltzean, ezin ditu xehetasunak gehiegi landu eta horregatik mugimenduari-eta ematen dio garrantzia. Askoz margo biziagoa da zaharra; berria askoz landuagoa.

Kontuak kontu, margolan eder eta bitxi askoa da Jose Gilek margotutako hau. Lastima da obrak egin ziren garai hartan ez atera izana argazki profesionalago bat baina orain alferrik da. Nolanahi ere, irudien tratamendurako gaur egungo programa informatikoek eskaintzen dituzten aukerak ikusita, mereziko luke horretan aditua den norbait saiatzea galduta dauden guneak berreskuratzen eta irudiari behar duen edertasuna ematen. Enbidoa botata geratzen da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide