Toki nazkagarri bat

Aurten beteko dira 25 urte Kultur Etxea inauguratu zela. Izango dugu horretaz lasaiago hitz egiteko aukera baina gaur hona ekarri nahi dudan gaia arduraren kontua da, edo, garbiago esateko, arduragabekeriarena.

Atzo, lanera itzulita Kultur Etxera joan nintzenean, betiko txukuntasun falta ikusi nuen eta Urteberrirako nekarren ilusioa zeharo mikaztu zitzaidan.

Eraikinaren aurre aldea, aspaldian bezala, pankartaz josia, leihoak narras-narras… Barru aldea, berriz, hainbat lekutan dena trastez beteta, batzuetan gainera igogailua erabiltzeko ikaragarrizko oztopo bihurtuz. Horrez gain, azkenaldian mutil koskor sexu jakin-mineko batzuk dena zakilez margotu dituzte sarrerako ateak. Beste batzuk, berriz, bizpahiru ate dena zulatu dituzte ezten batekin eta dena pipiak zulatuta daudela ematen du. Azkenik, negu garaian Kultur Etxean goxo-goxo egoten denez eta leku aproposagorik ez omen dagoenez, egonleku gisa erabiltzen dute hainbat umetxo, gaztetxo, heldu eta gurasok; jan-edanak ere bertan egiten dituzte eta, jakina, “Mister Proper” berehala pasako delakoan, hantxe bertan uzten dituzte ontzi, zorro eta hondakinak (Mister Proper zer den ez dakiten gaztetxoei esango diegu, jeinu bat zela, etxea di-da batean bere kasa garbitzen zuena; berez, Mr. Proper garbigarri bat zen, gero Don Limpio izatera pasa zena).

Hitz batean esateko, penagarri dagoela gure Kultur Etxea. Horri gehitzen badiogu urteetan eta urteetan izan duen mantentze-lanen falta, segituan aterako dugu ondorioa: kristoren atzerakoa ematen du.

Zeinek du errua, nola konponduko genuke arazoa? –galdetuko nuke. Bat-batean, norbaitek izan lezake tentazioa erantzuteko: “Zaintzaile bat jarri dezatela”; edo “Zertarako dago, ba, bertako arduraduna?”; edo “Udaltzainak non ibiltzen dira?”. Beste norbaitek proposa dezake zaintzarako kamerak jartzea eta horrela, etengabe. Bai, horrelako erantzunak asko gustatzen zaizkigu: erantzukizuna besteengan jartzen da beti; badirudi, errua zaintzailerik ez egotea dela, eta ez erabiltzailea bera edota erabilera txarra egitea.

Bestalde, bistakoa da mantentze-lanak ugariagoak eta sendoagoak balira ere, asko konponduko litzatekeela Kultur Etxearen itxura, baina orduan ere toki berera goaz: hori al da arazoaren jatorria?

Edozein modutara ere, kontuan hartu behar da zaintza neurri horiek edo mantentze-lanak indartzeak kostu handiak dakartzala eta Zestoako Udalak oso aurrekontu mugatuak dituela.

Arazoa konpontzeko heldulekuak bilatzen hasita, beste askok hezkuntzari botako dio errua: “Izan ere, gaur egun eskolatan ez zaie horrelako gauzarik erakusten; txiki-txikitatik erakutsi behar zaie gauzak ondo zaintzen eta kalean ondo portatzen”. Nire uste apalean –eta ez naiz gaia sakontzen hasiko– hezkuntza aldetik oso lan bikaina egiten da alor horretan eta ez dut uste askoz gehiago eskatzerik dagoenik.

Eta, azkenik, (gaia zabalagoa da eta asko sinplifikatzen ari naiz baina tira) hirugarren “hanka” ezin aipatu gabe utzi: gurasoak. Erakundeen eta eskolaren aurretik, beste inori baino lehen, gurasoei dagokie beren seme-alabei heziketa egokia ematea eta etengabeko ardura izatea beren garapenean. Eta non eta zertan ibiltzen diren jarraipen estua egitea. Ezinegona ematen dit, gurasoak parkean lasai-lasai eta umeak Kultur Etxe barruan jolasean ikusten ditudanean (guraso denak ez dira berdinak, jakina…).

Begi bistakoa da, denok ere, gaur egun egiten dugun baino askoz gehiago egin genezakeela herritar guztionak diren ondasunak zaintzeko eta txukun erabiltzeko. Eta horretara iritsi nahi nuen. Kultur Etxea eta gainerako udal ondasunak herritarren ondasunak dira eta denon zergen bitartez eraikitzen dira eta mantentzen dira. Denok, geureak balira bezala hartu beharko genituzke zentro horiek eta egiten zaizkien kalteak geure etxeari egindakoak balira bezala hartu beharko genituzke. Hori da benetako herrigintza. Eta hori da herria maitatzea.

Bukatzera noa. Benetan eskertuko nizueke, ni hemen idazten ari naizen artikulu hau irakurtzen ari zaretenoi, zeuen seme-alabekin gai honi buruz hausnarketa egitea eta etxean hitz egitea. Asko eskertuko nizueke, herriko kultur taldeetan ardurak dituzuenoi, gai hauetaz hitz egitea zeuen elkarteetan, are gehiago Kultur Etxeko erabiltzaile baldin bazarete. Azkenik, asko eskertuko nizueke, herritar guztioi, kontu hauetaz pixka bat pentsatzea, eta zeuen ingurukoei ere komentatzea. Denon artean joan behar dugu Kultur Etxe ederragoa egiten, hemendik aurrera etorriko diren erabiltzaileentzat toki erakargarri bat, bizi bat, sormenari lekua eskainiko dion toki bat izan dadin eta ez toki nazkagarri bat. Denon esku dago.