Turismo arduratsua

‘Un turismo responsable, por el bien de todos’ (turismo arduratsua, denon onerako) izenburua daraman iritzi bat irakurri dut gaur Garan eta hark jarri nau “aztarka” egiten. Eztabaida konplexua dela, dio egunkariak, eta nekez aterako ditugula probetxuzko ondorioak ikuspegi naif batetik aztertu eta bisitari kopuruari bakarrik erreparatzen badiogu. Era berean –dio idazleak– nekez aterako dugu emaitza egokirik “turistak kanpora” aldarrikatzen duen etsai-ikuspegi batetik, “aintzat hartu gabe udan Euskal Herritik beste turismo-gune batzuetara joan ohi den jende piloa”.

Bai, oso kontuz aztertu beharreko gai korapilatsu baten aurrean gaude, eta zenbait kasutan –batez ere, Zestoa bezalako herrietan– geure nortasuna eta historia hankaz gora edo ipurdi bistan gera liteke segun-eta zer jarrera hartzen den. Oraintxe azalduko dut zehatzago zer esan nahi dudan.

Gaur egun, Zestoan ditugun leku maitagarrienak turismoari esker sortuak dira. Ez naiz gauza berririk asmatzen ari. Jakina, hotelak etortzen zaizkigu burura lehendabizi turismoaz hitz egiten dugunean, baina badira adibide gehiago. Bainuetxetik Lauiturrieta bitarteko eremu zabal hori, etxez josi gabe dago, neurri batean turismoari esker (hotel garrantzitsuenei bista eder bat eskaini asmoz). Zestoak eduki duen eta daukan denda eta taberna aukera zabala turismoari esker izan da, neurri handi batean. Orain Erdikaleak (eta garai batean Kaleokerrak eta Elizkaleak) duen itxura turismoari zor diogu. Ur korrontea eta argindarra beste toki askotara baino lehen iritsi zen Zestoara, turistei zerbitzu hobea emateko…

Zestoarrok, kalekook behintzat, ezin gara hipokritak izan: neurri batean, turismoari esker gara garen bezalakoak. Gerra ondorengo txosten batek argi asko adierazten du zer izango zen Zestoa turismorik gabe: “La Villa de Cestona sería una de tantas pequeñas poblaciones agrícolas de Guipúzcoa, de nulo o escaso crecimiento, si no fuera por la riqueza y la explotación de las acreditadísimas aguas minerales de efectos curativos extraordinarios, que brotan en su jurisdicción, muy conocidas y celebradas en toda España, atrayendo en época estival miles de concurrentes, que pasan grandes temporadas”. Ia batere hazkunderik gabeko nekazal herri [ziztrin] bat gehiago. Gerra ondorengo gose haiek arinago pasa ziren Zestoan, turismoak ekarritako lanpostuei esker.

Garai haietan ez zen Airbnb edo Wimdurik, alegia, etxebizitza turistikoen alokairuan espezializatutako Interneteko zerbitzurik baina orduan ere tirabira handiak izan ziren ostalari eta etxe partikularren artean eta orduko gertakariak oso adierazgarriak dira gaur egungoa ulertzeko. 1930 inguruan, Espainiako Ostalaritza-ganbarak auzitan jarri zituen etxe partikularrak eta orduko 35 pezeta eskatzen zizkien “ostalaritza-industrian” jarduten zutelako. Jakina, sutan jarri ziren Zestoako familiak (50 etxek baino gehiagok hartzen zituzten urzaleak beren koartotan) eta azkar asko jo zuten Udalera, laguntza bila. Udalak, beste hainbat arrazoiren artean, hiztegia, “el Diccionario de la Lengua Cestellana”, aipatzen du eta hark zera dioela: ostatua diruaren truke lo egiteko lekua eta janaria eskaintzen duen etxea izaten dela (Hostería es la casa que por dinero da alojamiento y comida), eta herriko etxeek janaririk eskaintzen ez dutenez, ez daukatela zertan ostalari sailkapenean sartu. Horrela sinatzen dute etxejabeek, batzuk letra ederragoarekin, besteak ohitu gabekoarekin eta, azkenik, beste batzuek idazkariak arrastoa eginda, “a ruego de …, que no sabe firmar”.

Etxe partikular horietan jendea hartzeko (besteak beste), obra franko egin ziren XX. mende hasieran, eta lehen pisu bat eta ganbara zeukaten etxeei beste pisu oso-oso bat altxatu zioten. Ordukoa da gaur egun Erdikaleak daukan itxura, hainbeste gustatzen zaiguna, eta garai batean Elizkaleak edo Kaleokerrak ere bazutena. Turismoaren onura ekonomikoa aprobetxatzeko egindako diseinua.

Turistei edo urzaleei probetxua ateratzeko ahalegin haiek, ordea, ez zuten Zestoaren eta zestoarren nortasuna aldatu (zertxobait bai, baina onerako) baina gaur egun arazoa begibistan dago Donostiako alde zaharreko bazterretan, esate baterako: bertan betidanik bizi direnak pixkanaka ihesi doaz, bertako berezko nortasuna desagertzeko arriskua dago eta, azkenik, hain leku zoragarria dekoratu hutsa bihurtzeko arriskua.

Arazoa ez da, ordea, konponduko “turistak kanpora” esanda. Hipokrita litzateke zestoarrok hori esatea herritar asko betidanik turismoari esker bizi izan garenean. Hipokrita litzateke hori esatea gu geu etengabe batera eta bestera mugitzen garenean oporretan. Baina uste dut irtenbidea guk geuk daukagula: nola egin dugu zestoarrok, berrehun urtetan zehar, kanpoko jendeak dakartzan onurak aprobetxatzeko eta gu geu izaten jarraitzeko?

Argazkia: Indalecio Ojanguren. Calle del Corazón de Jesús (1914). www.guregipuzkoa.eus




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide