Txahalak eta oreinak adiskide, eta beste adiskidetasun klase batzuk

Ez zait askotan gertatzen, lanera jaiki goizean goiz, eta irratiko albisteren batek hunkituta lagatzea. Lehengo batean gertatu zitzaidan. Maite Artolak kontatu zuen, bi hitzetan, inportantziarik eman ez balio bezala, ni hunkitu ninduen pasadizo hori: orein bat sartu omen zela Kantabriako ukuilu batera eta hango txahalek miazkaka hartu zutela. Jakin-minak bultzatuta, handik gutxira ikusi nuen bideoa interneten: orein handi bat, izugarrizko adarrekin, ukuilu batean sartu da elur erasotik babestu nahian. Oreina, bi txahalen ondo-ondoan geratu da; txahal gazteek beren kideko gisa hartu dute, eta bat lepondoa miazkatzen hasi zaio –“maitasuna adierazteko”, dio egunkariak– eta horretan ibili da segundo batzuetan. Hunkituta geratu naiz, ia negar egiteko zorian. Izan ere, hain da bat-bateko maitasunaren eta eskuzabaltasunaren irudi!

Guk, hemen Zestoan, ez dugu horrelako oreinik ikusteko aukerarik baina garai batean bai, hemen ingurutan ibiltzen ziren oreinak, Historiaurrean ordea! Eta orduko elurte garaitan, orein gaixoek belar punta bat ere jan ezin zuten garaietan, etorriko ziren babes bila, Ekaingo haitzulo inguruetara eta horrela, suaren epeltasunak erakarrita bezala. Eta han, ezin dezaket imajinatu gizon heldu bat orein haiek laztantzen, baina bai ume koskorren bat, Kantabriako txahalak bezala, oreinari “maitia-maitia” egiten.

Ekain aipatuta, hango oreinek eta zaldiek erakarrita, erreplika egiten ibili zen Renaud Sanson datorkit burura eta han ere nola sortu zen adiskidetasuna: hasi berritan, zenbait udal langileoi Gabonetan egurrezko zalditxo txikiak, gurpildun hankadunak, bidali zizkigun, adiskidetasunaren seinale; Ekaingo benetako zaldi haiek ere litekeena da oreina azalduz gero miazkatzen ausartzea, adiskide gisa. Baina hemen egurrezkoak ditugu aipagai: “Renaud Sanson vous adresse ses meilleurs voeux pour la nouvelle anné. A bientôt. Bien amicalment”. Giza adiskidetasuna.

Eta Ekainekin jarraituz, beste era bateko adiskidetasuna. Kantabrian oreinak eta txahalak bezala –barkatuko al didate konparazioa– elkarren adiskide ziren gure bi alderdi nagusi ere, 1998 inguruan, duela 20 urte. Politikara sartu naiz, jakina, eta PP eta EAJ alderdiez ari naiz. Francisco Alvarez-Cascos gure eremuetara –Zestoara alegia– etorri zen, eta guk ere oso adiskide gisan hartu genuen Sastarraingo bailaran. Neu ez nintzen han eta horregatik nik baino pikante gehiagorekin hitz egiten duen bati utziko diot jarraitzen, Iñaki Anasagastiri: “Gogoan dut Ekain haitzuloa, gizateriaren ondare izendatua, bisitatu izana Altuna gidari genuela eta Alvarez-Cascos, Arzalluz eta Gonzalez-Txabarri lagun nituela. Han zen, baita, Cascos-en andrea baina uste dut kanpoan geratu zela bi txakurtxoekin. Liluratuta atera ginen gizateriaren tenplu hartatik. Eta han geunden, bada, hurrengo urteko aurrekontuetan diru-kopuru bat jartzeko eta Zestoan erreplika egin eta jatorrizkoa babesteko. Loiolako Kirurin bazkaldu genuen. Gema Ruiz Cuadradok [Alvarez-Cascosen emazte ohia] esaten zidan bazkaritan, Cascosek antropologiarekiko zeukan zaletasunak aspertu egiten zuela zeharo baina, hala ere, kantabriar haitzulo ia gehienak bisitatu zituen lotura gizatiar eta antropologikoen bila”.

Besteak beste, maitasun haiei esker lortu zen Ekainberri Zestoan egitea, baina askoz maitagarriagoak ditut horiek baino Kantabriako orein eta txahal haien adiskidantzak: naturalak, oinarrizkoak, tolesturarik gabekoak… mundua zoragarria dela pentsarazten dutenak.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide