Tximista baino arinago

Besteen lekuan jartzeari deitzen zaio enpatia; besteen beharrak, sentimenduak eta arazoak ulertzeko gaitasunari. Enpatiarik izan al daiteke orain dela ehunka urte bizi zirenenganako? Abenduaren hasieran, tximistak elizako kanpandorrea erasotu zuenean, hegazkinez bonbardatutako eraikuntza baten itxura hartu zioten askok (atera kontuak zer izango zen Gernikako bonbardaketa). Neuk ere, pena handia sentitu nuen une latz haietan, eta ia 300 urte lehenago dorre hura eraikitzen jardun zutenak etorri zitzaizkidan gogora. Pentsatzen egon nintzen zer pena eta min sentituko zuketen haiek txikizio hura ikusi izan balute, eta, beraienganako enpatia izugarria sentitu nuen, halako ezinegon bat, haiek hartutako neke guztiak nola geratu ziren ikusita. Izaten da ba, esate baterako, baserrian, gizaldi eta gizaldietan jardun dutela lanean gure aurrekoek, eta orain sasiak hartuta ikusten denean sentitzen duzun pena eta ezinegona, ba antzeko zerbait.

Txikizioagatik sekulako mina sentituko zukeen beste lagun bat Jose Mari Zunzunegi da; arte kontuetan sentiberatasun handia zeukalako eta, batez ere, berak eman zituelako ezagutzera, duela 35 urte, dorre horren nondik norakoak eta Protokoloen Artxiboan dauden agiri eta planoak (“La torre campanario de la Iglesia de la Natividad de María en Cestona”, Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián, 1983). Zunzunegi hartuko dut, beraz, bidelagun “Aztarka” honetan (bidelagun aparta, bide batez esateko).

Lehendabizi esan behar da eliza eta inguruko etxeak zeharo erre zirela 1549ko sutean (bueno, zeharo ez, Lili sendiaren kapera salbatu zen-eta). Horrela bada, teilatura arteko dorre zatia, hau da, erlojua baino beheragoko zatia, handik gutxira hasi ziren eraikitzen eta XVI. mende bukaeran amaitu zuten, elizarekin batera. Kanpandorrea, ordea, egurrezko egitura zen, gainean lau isuriko teilatuarekin. Ehun urte pasa iraun zuen kanpandorreak itxura harekin, baina jendea ez zegoen gustura: agirietan esaten denez, egurra zeharo hondatuta zegoen, eta hori gutxi balitz kanpaiak nahiko goian ez egoteagatik ez ziten behar bezala aditzen urrutiko baserrietatik.

Kontuak kontu, diru pixka bat eduki behar zuen parrokiak eta dorre berria egitera animatu ziren, zailtasun teknikoak zailtasun, gastuak gastu. 1734. urteko kontuak dira horiek. Bizpahiru urte lehenago eginak ziren Loiolakoak, eta esan behar da gureak baduela antzik hangoekin (batez ere, bi txikienekin). Joseph eta Pedro Ignazio Lizardi aita-seme azkoitiarrak izan ziren hargin-maisuak (Ignazio Donostiako Santa Maria elizaren hasierako lanetan ere ibili zen). Bi urte eskasean (1735-1737) amaitu zituzten lanak eta berehala jarri ziren hiru kanpaiak, Holandatik ekarrita, Beduako portutik barrena.

Agirietan zoragarri esplikatuta daude egin behar ziren lan guztiak baina luze joko liguke azalpen tekniko guztiak hemen emateak eta ulerrarazteak; ondorioz, xehetasun teknikoei baino gehiago erreparatuko diogu langintzari.

Harria, gehiena kare-haitza, inguruko harrobietatik ekartzeko agindua zuten harginek, baita sail pribatuetatik aterako bazen ere: “Ez zaio inongo enbarazurik jarriko harginei harria ateratzeko nahi duten tokitik” diote agiriek. Harria zatituta ekartzen zuten plazara gurdi eta idi pareekin, eta plazan bertan ematen zieten behin betiko forma. Egurrezko aldamioek inguratzen zuten dorrea, eta polea bidez altxatzen zituzten harriak. Karea eta hondarra erabiltzen zuten piezak elkarrekin juntatzeko.

Ezertan hasi aurretik, egurrezko egitura zaharra zeharo desmuntatu eta lehen zeuden kanpaiak behera jaitsi eta zimiterioan jartzeko agindua zeukaten, egitura berri batean, obrak irauten zuten bitartean erabili ahal izateko moduan.

Plazako irudia ez zen izango gaur ikusten dugunaren oso desberdina: aldamioa dorrea inguratzen, harri mordoa plazan zabalduta eta harginak tiki-taka harriak lantzen, landutako harriak non eta nola kokatu behar ziren ondo markatuta, gora igotzeko prest, eta, azkenik, goian muntaketa lanetan. Gauza handia eta ederra egiten ari ziren ziurtasuna edukiko zuten, eta ehunka urte iraungo zuena. Jainkoa zuten lagun eta ez zitzaien burutik pasatu ere egingo aurtengoa bezalako txikiziorik gerta zitekeenik. Edo bai?

Esan dugu Azkoitian bizi zirela Lizardi aita-semeak. Azkoitia oso suerte txarrekoa izan da kanpandorreekin. XVIII. mendeaz geroztik, bost kanpandorre desberdin ezagutu ditu parrokia-elizak. Lehendabizikoa XVI. mendean egina omen zen eta XVIII. mende hasieran desmuntatu zuten, berria egiteko. 1735eko ilbeltzaren 10ean, Zestoako kanpandorrea egiten hasi baino pixka bat lehenago, txikitu zuen tximistak Azkoitiko bigarren kanpandorre hura. 1742tik 1744ra bitartean hirugarrena eraiki zuten, eta hura ere 1781ean tximista batek kaltetu zuen. 1790 eta 1792 bitartean, laugarrena altxa zuten. 151 urte pasa eta gero, hura ere txikitu egin zuen tximistak 1943ko martxoaren 16an. 1945etik 1947ra bitartean egin zuten bosgarrena, gaur egungoa.

Orduko hargin zaharren gisara, eta haiei ikasiz, berreraikitzea tokatzen zaigu orain, gure plazak merezi duen itxura izan dezan. Aita Anasagasti frantziskotarrak zioen bezala, “quizás la más bella del País Vasco por su conjunto, menudo y lindo” (agian, Euskal Herriko ederrena, bildua, txikia eta polita delako). Baten batek botako zuen hordago apalagorik, baina tira!

 

Argazkia (zatia): Obra kontratua (1735), Zestoako kanpandorrearen kupularena, Zestoako parrokiaren fabrikako maiordomo eta eliztarrak, alde batetik, eta Azkoitiko Jose Perez Lizardi eta Pedro Ignazio Lizardi aita-semearen artekoa.

Gipuzkoako Foru Aldundia. Gipuzkoako Protokoloen Artxibo Historikoa. Erreferentzi kodea: AHPG-GPAH 2/1786,A:73r-81r