Paperekoa

Txiribogako mutiko baten begietatik

Txiriboga, Zestoako auzo, Zestoaren amaieran, hortxe Altzolarats erreka eta Urola ibaia elkartzen diren puntuan, oraindik Zestoan. Aizarnazabalgo muinoa, eliza, kanpandorrea ikusten ditugula, baina Zestoako partean. Iraulika fabrika bat zegoen hor, eta askotan esaten dut orain, puntu bizia zela hura, orduko industria hortxe baitzegoen bizi-bizi. Iraulika fabrika, bertako harriarekin eta ikatzarekin. Ibañarrieta eta Arroa aldera zeuden harrobiak, eta harrobietatik harria bagoietan iristen zen, burdin bidea erabiliz; ikatza, berriz, Aizarnatik ateratzen zuten eta airez, zintzilik, kableen bidez iristen zen Txiribogara. Puntu bixi-bixia zen iraulika-fabrika, eta hor, iraulika fabrikan indarra izan zedin argindarra ere bazuen enpresa hark (Cementos Zumaia Electricidad). Etxe berria egin, eta zentrala jarri zuten argindarra sortzeko Urolako urarekin. Hortxe, Iraetatik laster, Amilubi eta Lejetazulo esaten genion lekuan, hortxe hartzen zen Urolako ura eta kanala eman. Ur saltoa zegoen iraulikan, eta bertako errota ere mugitzen zuen ur horrek. Ni, esan daiteke, ur horien gainean jaioa naizela; enpresak etxe txiki bat egin zuen hor, eta hura zaintzen jarri ziren nire aita eta ama izango zirenak. Eta nire arreba Isidora eta ni hortxe jaio ginen. Argi etxe, indar etxe hartan, iraulika fabrikaren ondo-ondoan, Txiribogan, Zestoako auzo horretan, Aizarnazabalen bistan. Etxe ondoan geneuzkan ofizinak, Nagusikua esaten zitzaion. Oraindik zutik dago 2014an Nagusikua (Forjas de Iraetako bulegoak dauden eraikinaz ari da).

Jose Mari Larrañaga Larrañaga (Txiriboga, 1927 – Aizarna, 2015), Txortena apaizaren hitzak dira. Ez zen galderei motzean erantzuten dien horietakoa, eta pasarte hori non jaio zen galdetuta erantzun ziguna izan zen. 2014an, seminarioan zegoenean, bere iloba Itziar Larrañagak egindako elkarrizketa sortaren emaitza da hau, batez ere. Laburpenaren laburpena, asteroko bisitak baliatuz, ordu mordoxka bat baitaukagu grabatuta. Aspaldiko kontuak dira hemen irakurriko dituzuenak, zementu hidraulikoari iraulika deitzen zioten garaikoak.

Hainbat herritako apaiza izan zen Jose Mari: Itziar, Azpeitia, Zumarraga, Eskoriatza, Zumaia… Baina datozen lerro hauetan, apaiz baten memoriak baino, Txiribogako mutiko baten oroitzapenak bilatuko dituzue.

GURASOAK

Oikiakoak ziren Jose Mariren gurasoak; aita, Juan Joxe Larrañaga, Txortengoa, eta ama, Teresa Larrañaga, Txabolakoa. Hemezortzi urteko diferentzia zuten adinean. Aita, Txortena II, pilotari profesionala izan zen, eta baita bere osaba ere, aitaren anaia Jose Mari, Txortena I. Zestoako Gurutzeaga frontoiko inaugurazio partida jokatu zuen Juan Joxek, eta Eibarko Astelena frontoikoa, berriz, Jose Marik. “Pilotan nabarmendu egin ziren hauek, nahiko puntan ibili ziren”.

Ama, Teresa, berriz, Oikiako Txabolakoa zen, “tabernako alaba”. Zazpi ahizpa eta anaia omen ziren etxean, “zazpi alaba, horregatik ere erakarpen handia zuen taberna hark. Aitari gazte-gaztea zenetik gustatu zitzaiola ama, hala entzun eta ikasi genuen. Josten eta sukaldean ikasi, eta Algortako palazio batean, Txabarriko markesarenean, zerbitzatu zuen urte batzuez, eta luze egin zitzaion gure aita izango zenari”. Ezkondu ziren, ordea, eta Txiribogan jarri ziren bizitzen.

Musikazalea eta bertsozalea omen zen Teresa; ahoko soinuarekin abila omen zen, eta esku soinua ere ukitu omen zuen gaztetan. “Emazteak senarra utzi zuela, edo senarrak emaztea, bertsoak ateratzen ziren garai hartan, eta tabernan, giro hartan hazia zen gure ama. Gauza zen bertsotan bat-batean kantatzeko eta idatzi zituen bertso-paperak ere”. Pilota-zaletasuna aitarengandik bezala, bertso- eta musika-zaletasuna jaso zituen amarengandik Jose Marik.

SUKALDETIK PILOTAN

“Pilotaria, aita, ezkondu zenerako pilotako azken urteetan zegoen. Ni jaio nintzenerako berrogei urteak paseak zituen aitak, eta ni bere aurrean sukaldean hasi nintzen pilotan jokatzen. Harizko pilotekin aritzen nintzen, leihatilak itxita kristalak hautsi ez zitezen. Amari ez dakit zenbaterainoko grazia egiten zion baina…”. Probintziatik ere irteten omen zuen aitak bera mutiko zenean: Gasteizera, Logroñora… handik ekartzen zizkien cafeconlechezko karameluek oroitzapen gozoak ekartzen zizkioten.

ESKOLA KONTUAK

Aizarnazabalgo eskolan hasi zituzten ikasketak bai Jose Marik eta baita bere arreba Isidorak ere. Aizarnazabaldik, ordea, zuzenean Zestoako eskolara etorri beharrean kanporako jauzitxoak egin zituzten biek. Isidora, Donostiako eskola frantses batera bidali zuten, eta urtebetera, egokitu ezinda itzuli zen Zestoako eskolara; frantsesik ez, baina gazteleraz ikasita. Jose Mari, berriz, Aizarnazabalgo urteak bukatu, eta Bilbora bidali zuten, hango ezagun batzuen etxera, Bilboko eskola publiko batean ikastera. “Debaldeko eskola batean izena eman nuen, baina oso urte bitxia izan zen. Eraman ninduten, laugarren mailara edo, nire urteen arabera. Baina ikusten denez, Aizarnazabaldik, baserri-eskolatik joanda, hangoa baino maila hobea nuen, eta bosgarrengoan jarri ninduten. Erdara hizkuntza pixka bat hobetzeko eraman ninduten. Eskola publikora eraman ninduten, baina gure eskola-urte guztia joan zen Franco Bilbora etortzekoa zela, eta harentzat festa handi bat eta ikuskizun bikain bat prestatzeko. Dantza, soinua, gimnasia… San Mames… egundoko ikuskizuna izan zen, bai airez eta bai lurrean. Aireplanoak ere ikusi genituen”. 1939ko uztailean diktadoreak Bilbora egin zuen bisitaz ari dela uste dugu, nahiz eta berak ez duen urterik aipatzen.

Bilboko ikasturtearen ondoren, Zestoako eskolara etorri zen Jose Mari. Zestoakoak ba omen zeukan izena. “Maristekin, komertzio edo ofizinetarako ikasketak egiteko eskola polita zen. Neu, eskola horretara eraman ninduten. Maristekin urtebete egin nuen, eta laster aldaketa erlijiosoa etorri zen: maristek alde egin eta San Viatorren fraideak etorri ziren. Baina, Zestoan nonbait diru-iturri txikia zeukaten, eta ez zuten denbora askoan iraun. Ondoren, escuelas cristianas deritzaien anaiak etorri ziren, baina hauek ere ez ziren asko egon, eta herriko eskolak bakarrik geratu ziren”.

Jose Mariren azken urtea San Viatorren fraideekin izan zen, eta urte hartan etorri omen zitzaion, 14 urterekin, apaiz egiteko gogoa: “amari azaldu nion apaiz egiteko nuen gogoa, eta hark esan zidan mugitzen hasi beharko genuela. Hala, bilatu genuen behar genuen laguntza”. Izan ere, Jose Marik izan zuen 11 urte zituela seminariora joateko aukera, laguntza eskaini baitzioten: “azken borondate bat, apaizgairen bati laguntzeko. Familiartean hil zen emakume bat, eta dirutxo bat utzi zuen apaiz izan nahi zuenari laguntzeko. Ahaide artean galdetu zuten aurrena, baina ez zegoen nahi zuenik. Nik ez nuen nahi, orduan pilotari izan nahi nuen”. 14 urte zituela, bere adineko zestoar batek hartu zuen seminariora joateko erabakia: “Zunzuneginekoa joan zen seminariora. Lekarozen zegoen ikasten hura, eta entzun genuen seminariora joan zela. Horrek ere animatu ninduen. Zestoan, erlijio aldetik, asko eragin ziguten eskolan”.

ETXETIK KANPORATUAK

Jose Mari seminarioan ikasketak egiten ari zela, iraulikako arduradunek etxetik bota nahi izan zituzten egun batetik bestera. Txiribogako Bengoetxe baserrikoek, esan zieten etxe ondoan egingo zutela errota bat, beraiek bizi zitezen. “Bengoetxekoak errenteroak ziren, eta etxea erosteko aukera izan zutenean, gure aitak lagundu egin zien. Oso etxekoak genituen, eta laguntza behar izan genuenean, lagundu egin ziguten haiek ere”. Arazoa zen errota eraiki egin behar zela, eta bitartean nora joanik ez zeukala familiak. Jose Marik, seminarioko irakasle bati kontatu omen zion familiaren egoera, eta kasualitateak zer diren, irakasle hark ezagutzen omen zuen moja bat, iraulikaren jabe zen markesaren familiarteko egiten zena. Irakasle hark mojarekin hitz egin, mojak markesarekin hitz egin, eta enpresaren arduradunei laster iritsi omen zitzaien familia hari etxean geratzen uzteko agindua, Bengoetxeko errota eraikitzen zuten bitartean. Errota hartan bizi izan zen familia, harik eta Jose Mari apaiz egin, eta bere destinoetan bizitzen jarri arte.

Hasieran esan dugun bezala, ordu mordoxka daukagu Jose Mariren kontakizunekin. Hamaika kontu ezin izan ditugu sartu artikulu honetan, espazio mugatua medio.

AITAREN APUSTU-ZALETASUNA

Jose Mariren aita, pilotaria izateaz gain, apustuzale amorratua zen. “Mundu horretan nahiko sartua zen. Bere bila etortzen ziren hortik”. Bi desafio behintzat kontatzen ditu Jose Marik; bata korrikako desafioa, Aizarnako Klaudio Egaña eta Aiako Txikiaren artekoa, eta bestea Aizarnazabalgo Altuna baserriko idiaren eta Tolosako Pedro Juanen “behi famatuaren” artekoa.

Klaudio Egaña hilabeteetan egon omen zen beraien etxean, beraien aitarekin entrenatzen, “gure aita bizikletan jarri eta korrikalaria korrika Oikiara joaten ziren. Bera zen prestatzaile, entrenatzaile”. Apustu hura galdu egin omen zuen Klaudio Egañak. Interneten begiratu bat eginda, jakin dugu apustu hau 1928ko otsailaren 26an egin zela Azpeitian, eta egun hartako bertsoak ere iritsi zaizkigu gaur egunera arte.

Tolosan jokatu omen zen behiaren eta idiaren arteko dema: “Aizarnazabalgo idiarekin itzain joan zen aita, aurretik, akuiluarekin. Harriari eragiten atzetik Urtain zen, boxeolari famatuaren aita. Beste aldetik, Pedro Juan bera eta Asteasuko Ondartxa. Ni oso mutikoa nintzen, baina badakit nolako poza, nolako festa izan zen Txiribogan, Tolosan apustu hura irabazita”. Apustu honen erreferentziak egongo direla pentsatzen dugu, baina ez dugu aurkitu bat ere.

“Beste afizioen artean jokalaria zen gure aita, dirua jokatzen zuen. Nork berak uste izaten du asko dakiela, nork irabaziko duen, eta diru erraza handik ekarriko duela. Baina badakizue, jokoan jokalari gutxi da aberastu denik. Galtzen denean dena galtzen da, eta irabazten denean erraz joaten da dirua”. Aitari, etxeratzean, antzematen omen zitzaion zer gertatu zen frontoian edo plazan. “Etortzen zenean autobusean etxera, nolako argia zetorren edo ilun zetorren… igarri egiten genion umeok ere”.

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.