Udalak ostrukarena egiteari utzi behar dio

Joseba Alberdi Fernandezek bere hausnarketa publiko egin nahi du idatzi honen bitartez:

Matías Prats-ek dioen moduan “perdonenme que insista”, izan ere, kontuak ez zaizkit ateratzen ongi.

963 zestoarrek bere aldeko iritzia eman zuten zekorketek jarrai zezaten, ondorioz Zestoan zekorketak antolatzea hobetsi zen. Gustatu ala ez, erabaki demokratikoa da, gehiengoaren jarrera zein zen argi gelditu zitzaigun. Egungo alkatetza lortu zuen alderdiak 907 bozka lortu zituen azken udal hauteskundeetan. Gustatu ala ez, lau urteotan Udalean agintean zerrenda bozkatuena izango da gurean.

Joan den astean 940 sinadura aurkeztu ziren Udalean hondakinen egungo bilketa-sistemaren alde. Orain hiru urte herritarren parte hartzeaz eta Udalean zeuden alderdien adostasunarekin egungo sistema martxan jarri zen, Udal Gobernuak aldatzea erabaki duen arte. Inongo eztabaidarik gabe doa aurrera, akordioan oinarritzen ez den erabakia da, eta gainera herritarron desadostasun zabala izan du parez-pare. Aldaketarik bada guztion artean adostutakoa behar duela sinatu dugun herritarrok erantzun hobea merezi dugu. Gustatu ala ez, 940 arrazoi ditu Udalak eskaera honi bide eman eta gutxienez hondakinen mahaia deitzeko, jarrera eraikitzaile batekin eta akordioa bilatzeko borondatea agertzeko. Bestela, pentsa genezake herritarron iritzia komeni denean bakarrik dela baliagarria, eta hori ez da ona. Ez da ona elkarbizitzarako eta ez da ona udal agintarien aldetik herritarroi zor zaigun begiruneari dagokionean. Giro txarrik sortzeko inolako intentziorik gabe aritu gara momenturo herritarrok, bide onetik jarraitzea dugu helburu, baina Udalak ostrukarena egiteari utzi behar dio.

Akordioan eta parte hartzean oinarritutako erabaki batek 3 urte soilik irauten duen herrian, aldebakartasunez inposatu nahi diguten erabaki politiko batek 30 urterako hipotekatuko bagaitu, hemen zerbaitek huts egiten du. Ez da onargarria, ez jasangarria, ezta demokratikoa ere.

Oraindik garaiz gaude atzera pausurik eman gabe aurrera egiten jarraitzeko. Denon hobe beharrez aurrera, beraz.

Joseba Alberdi Fernandez




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide