Paperekoa

Udaldia, oroigarriak eta zirtzilerien lilura

Duela 150 bat urtez geroztik, udako atsedenaldia moda bihurtu zen eta, besteak beste, Zestoara etortzen ziren makina bat udatiar aisialdi indarberritzaile baten bila, jende azaguna etortzen zen lekuaren xarma bizitze aldera eta, jakina, egonaldiak eta ur tratamenduek sendatze bidean jarriko zutelakoan.

Gure herriko udaldia ezagutzeko aukera asko daude, esate baterako, adineko jendeak kontatutako bizipenak, idazleen kronikak (ai! Azorin ederra!), egunkari eta aldizkariak, ikerketak… Baina guk hemen urzaleek han eta hemen zabaldutako souvenir edo oroigarriei erreparatuko diegu. Bazar txiki bat bailitzan, hemen erakusgai jarriko ditugun postal, edalontzi, medaila, labana, dortoka eta abarrek gauza askoren berri emango digute.

Gaur egun, souvenirra nonahi dago gure bizitzatan. Zaila da aurkitzea etxe bat bere dekorazioan figuratxo bat, txarroren bat edo bestelako oroigarritxoren bat ez duenik, ez dakit nondik ekarritako “bitxikeria”…

Alferrikako gastua? Bidaian ibili dela harrokeriaz erakutsi nahia? Kitsch kulturaren seinale? Gizakia gizaki denetik, ordea, beti izan ditu gustuko horrelako zirtzileriak eta, aitortu behar da badutela zerbait berezia, urteak pasa ahala nabaritzen zaien halako zera bat.

Postalak

Postalez hitz egin genuen aurreko ale batean (2006ko ekaina) baina hemen beste ikuspuntu batetik landuko dugu. Izan ere, oroigarririk zabalduenak postalak dira zalantzarik gabe. Kalkulatzen da XX. mendearen lehenengo erdikan, Zestoako 500 bat postal desberdin aterako zirela, eta horrek esan nahi du bataz beste 10 postal berri ateratzen zirela urtean (gerra garaiak-eta kenduta, igo egingo litzateke kopuru hori). Ia gehienetan, “bloc postal” gisa argitaratzen ziren, alegia, postal mordoxka multzoan.

Postal horietatik, asko zirkulatu gabekoak dira, alegia, bidali gabekoak eta, ondorioz, zuzenean oroigarritarako erosiak. Besteak, batera eta bestera bidalitakoak, informazio iturri bikain-bikainak dira, urzaleek idatzitako kontuak daramatzatelako.

Gutunen mundu ahaztua

Ez dago esan beharrik baina gaur egungo garaietan, etengabeko orainaldian bizi garen honetan, gogoratu egin behar da orduan ez zela whatsapp delakorik, posta elektronikorik, poltsikoko telefonorik eta abarrik. Telefonoa bazen, bainuetxean eta horrela, baina ez zen merkea eta ondorioz gehien erabiltzen zen informazio bidea posta zen. Gutunak eta postalak helbide finko batera bidaltzeko ez zegoen arazorik (posta zerbitzua nahiko ona zen) baina hartzaileak kanpoan oporretan zeudenean izaten ziren kontuak; orduan, beharrezkoa zen lagunei adieraztea zein egunetan non egongo zen hartzailea. Hori dela-eta, asko arduratzen diren udatiarrak ondo zehazten kontu horiek: “Hemen 24ra arte egotea espero dut eta gero Donostiara noa” / “Etzi alde egingo dugu hemendik, bi egun pasatzera, Donostiako Continental hotelera” .

Maletentzat etiketak

Garai batean, bidaiatzea orain baino askoz garestiagoa zen, makalagoa eta agian deserosoagoa… baina ederragoa ere bai. Horien adibide dira maletentzako etiketak. Etiketa horien historia oso aspaldikoa da, trenaren sorrerarekin lotzen da. Orduan, metalezko txapa txiki batzuk izaten ziren eta larruarekin edo lokarri batekin maletari eransten zitzaizkion. XX. mende hasierarako, ordea, askoz arruntagoak ziren, paperezkoak edo kartoizkoak, hemen erakusten ditugun bezalakoak. Ia hotel gehienek zituzten beren etiketatxoak. Tamainaz bospasei zentimetro zituzten zabalean eta, ikus daitekeen bezala, kolore bizikoak eta erraz ikusteko modukoak ziren. Zenbait lekutan diseinu oso landuak zituzten baina gure kasuan batez ere letrak eta iruditxoren bat, besterik ez. Etiketek hotelaren publizitatea egiteko balio izaten zuten, baina ez horretarako bakarrik: esaten dutenez, hoteletako langileek nolabaiteko kode ezkutu bat zuten etiketa horien bidez komunikatzeko. Maletaren toki batean edo bestean itsasten zituzten, bezeroaren arabera: ohiko bisitaria baldin bazen, aberatsa baldin bazen, propinak ematen bazituen, xuhurra bazen…

Dena Jainkoari esker

Bainuetxean eta inguruko hoteletan egoten ziren denboraldian, erlijioaren garrantzia ez zen ahazten. Loiolara joatea ezinbesteko ibilaldia izaten zen (postalek ez digute esaten, ordea, zer zuten gustukoena urzaleek: basilikaren handitasuna, hango meza, edo… han inguruan hartutako txokolatea eta boladua) baina gehienetan hotelean bertan entzuten zuten meza: “Gutxi joaten gara Loiolara eta nahiago dugu bainuetxean bertan egiten den funtzioa”. Erlijioaren presentzia (astuna?) ondo nabaritzen da oroigarrietan: San Ignazioren kaperatxoa eta medaila, San Antoniorena…

Ura eta osasuna

Oroigarri ezagunena ez ezik, behar beharrezko objektua zen basoa bainuetxeetan. Zumitzezko otarrarekin babestuta, sokazko edo larruzko eskulekuarekin, norberak eraman behar izaten zuen basoa urak hartzeko. Eredu eta itxura askotakoak izaten ziren (milaka mordo batzuk fabrikatu ziren) gehienetan “Cestona” edo “Balneario de Cestona” grabatuta zutelarik.

Urarekin batera, uztarri berean zihoan beste oroigarri bat izaten zen beren eraginei buruzko postala, alegia, gizon edo emakume lodi batzuek komunera zalapartan doazen horietakoak; postal batek atzean dioen bezala, “Maria Fernanda maitea: ireki banan-banan ate denak ea badakizun non nagoen ni”.

Dortoka

Bulegorako tinbre hori oso ezaguna zen garai batean eta makina bat modutakoak ikus daitezke. Kalitate handienekoek damaskinatu bidez dotoretua daramate oskola. Ia libra bat pisatzen du dortokak eta 15 bat zentimetroko luzera du. Horietako asko Eibarko BOJ enpresak egin zituen, XX. mendearen erdialdean. Buruan nahiz buztanean zapalduta, oso soinu bizia eta berezia ateratzen du.

(Dortokaren jabea: Arrizabalaga-Astigarraga sendia)

Edertasuna

XX. mendearen hasierarako, Zestoako bainuetxeko medikuak konturatuta zeuden hura ez zela garai bateko establezimendua, alegia, gaixoak sendatzeko lekua, baizik-eta plazer eta aisialdiko leku ere bihurtzen ari zela. Urzaleak, batez ere dirudunak, ez ziren soilik urak hartzera etortzen: inguruak bisitatu nahi zituzten, erregeak eta jende handia zebilen tokian ibili, moda-modako joera berriak ekarri eta ezagutu, dantzan egin eta musika entzun... Hitz batean, dirudun jendea norbere ongizatea zentzu zabalago batean ulertzen hasi zen.

Horren guztiaren adierazgarri da ispilu eder hau. Alde batetik, bainuetxearen aipamena eta erdian emakume baten irudia; eta bestetik, ispilua. Zazpi bat zentimetroko zabalerakoa, aproposa oso, esate baterako, ura edan eta komuneko trantzetik atera ondoren aurpegia hautseztatzeko.

Fernando Arzallus

IRUZKINDU

Zure helbide elektronikoa ez da publiko egingo. *

Danbolin ez da hemen emandako iritzien kargu egiten.

Ez da irainik onartuko.

Danbolineko lan-taldeak, beharrezkoa izanez gero, edukiak ezabatzeko eskubidea du.