Albisteak

Udaleko langileek bat egin dute ELAk eta LABek biharko deitu duten lanuztearekin

ELA eta LAB sindikatuk deituta lau orduko lanuzteak egingo dituzte bihar Foru Aldundietako eta udaletako langileek, “lan baldintzen alde, enpleguaren defentsan eta zerbitzu publikoak indartzea eskatzeko”. Udaletxe aurrean kontzentrazioa egingo dute goizeko 11:00etan.

Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere bat egin dute lanuztearekin eta horrek aldaketak ekarriko ditu hondakinen bilketa zerbitzuan. Herriguneko kuboak 21:00tan jarriko dira (20:00tan jarri ordez) eta 22:00tatik aurrera bilduko dira hondakinak. Beraz, herritarrek ordubete gutxiago izango dute hondakinak botatzeko.

Azken urteotan Udal eta Foru administrazioan lanpostu ugari galdu direla salatu dute sindikatuek. “Betetzen diren lanpostuak behin behineko langilez betetzen dira eta pribatizazioekin langileen baldintzak okertu egiten dira “, azaldu dute sindikatuek. Eremu publikoko langileen %36ak behin-behinekotasun egoeran daudela ohartarazi dute.

Zerbitzu publikoak garatzea, suntsitutako Enplegu Publikoa berreskuratu eta egonkortzea, negoziazio kolektiborako eskubidea berreskuratzea, galdutako eskubideak eta eros-ahalmena berreskuratzea, hitzarmenak betetzea eta ofentsibako negoziazio kolektiboak erakundeetan aktibatzea aldarrikatzen dute langileek.