Albisteak

Urrian zehar hainbat bisita gidatu izango dira “Zestoako ondarea ezagutzeko” helburuarekin

Urriaren 7a eta 28a bitartean Zestoako ondarea ezagutzeko bisita gidatuak egingo dira. Ondarearen Europako Jardunaldiak izango dira. Bisita gidatuen helburua bailarako eta herriko ekonomiarentzat oinarrizkoak izan ziren jardueren aztarnak balioan jarri eta ondare industrial berezi hori ezagutzera ematea dira.

Honako hauek dira Ondarearen Europako Jardunaldien baitan egingo diren bisita gidatuak:

Narrondoko zementeren paisaia

Urriak 7, larunbata, 10:30. Narrondo auzoa (Narrondo tabernaren aurrean)

Izena ematea: 634 457 022 ziiz@ziiz.eus

Antolatzailea: ZIZ eta Zumaiako Udala.

Zumaiako Narrondo auzoko paisaian daude txertaturik industrializazioaren benetako ikur eta industria-ondarearen elementu batzuk. “La Zumayana” eta “San Jose” zementu naturalaren fabrika zaharren arrastoak dira. XIX. mendearen erdi aldera, Urola Behean sortu, eta portuko mugimendurako eta Zumaiaren izena zabaltzeko hain mesedegarria izan zen zementugintza jardueraren lekukoak. Egingo den bisita gidatuan arreta berezia emango zaio “La Zumayana” fabrikaren aztarnei.

Zumaiako paisaia, Yeregui erlojuen bitartez

Urriak 8, igandea, 10:30, Santa Engraziako benta

Izena ematea: 666 950 274 xabier@yereguielkartea.eus

Antolatzailea: Yeregui elkartea.

Elizak eta ermitak kultur paisaiaren osagai funtsezkoak dira, dimentsio desberdinetatik begiratuta: erlijioa, jaiak, lurraldea, gizartea… Euskal Herrian bada 1769tik ezaguna den erlojugileen familia bat: Yereguitarrak. Familiako lehen errementari erlojugilea, Jose Francisco Yeregui Zabaleta eta Yereguitarren hurrengo belaunaldiek lan horri eutsi zioten 1975 bitartean. Horiek horrela, Yereguitarren erloju garrantzitsuen berri emateko ibilbide bat proposatzen dugu, funtzionamendua eta gizartean zuten eragina azaltzeko.

Danbolinzulo kobazuloan barrena

Urriak 13, ostirala, 10:00 – 12:00. Zestoako Turismo Bulegoa

Izena ematea: 943 868 811. info@ekainberri.com

Antolatzailea. Ekainberri.

Jakina da haitzuloak gure kultur paisaiaren erreferentzia-puntu nagusietako bat direla. Horien artean, Zestoako Danbolinzulo haitzuloa dago. 18.000 urte baino gehiago dituzten artelanak aurkitu zituzten bertako miaketa lanetan aritu ziren Antxieta elkarteko kideek. Aurtengo Ondarearen Europako Jardunaldien gaia paisaia denez, normalean egin ezin den bisita eskainiko du Ekainberrik.

Ertxiña mendiko lignito meatzaritza ondarea

Urriak 21 eta 28 (larunbatak), 11:00. Aizarnako plaza.

Izena ematea: kultura@zestoa.eus

Antolatzailea: Zestoako Udala.

XIX. mendean Ertxiña mendiko lignito ikatz zainen ustiaketari ekin zitzaion inguruan sortzen joan ziren zementu hidraulikoa egiteko lantegietako labeentzat erregai aproposa zelako. XX. mendean zehar meategi horiek ixten joan ziren eta beraien aztarna materialak galtzen eta putzuak sasiak ezkutatu ditu.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide