Vita, dulcedo, et spes nostra, salve

Herria sortu zenetik joan ohi zen urtero-urtero, Amabirjin bezperan, gure herriko Udalbatza prozesioan, Salbea entzutera. 600 urte baino gehiago iraun zuen tradizioa, bertan behera utzi zen duela 20 bat urte, beste hainbat tradizio bezala. Ikuspegi liberala aintzakotzat hartu, eta Udala akonfesionala izan behar zuela erabaki zen. Gutxi batzuk “jantziak tarratatu” zituzten baina ez zen odolik iritsi Urola ibaira, eta, gaur egun, jada ez da inor akordatzen gorabehera haietaz.

Zestoako Udalbatza Salbera prozesioan joatea dela-eta, solemnitate irudiak iritsi zaizkigu baina baita ironia ederrak ere. Horiek aipatzea da “Aztarka” honen helburua, eta tradizionala izan arren ezer ez dela ukiezina erakustea.

Gazte jendearentzat batez ere, esango dut Udaletxeko areto nagusian elkartzen zirela alkate eta zinegotzi guztiak beren jantzirik ederrenekin eta handik prozesioan joaten zirela elizara. Batek –normalean zinegotzi gazteenak– herriko bandera eramaten zuen, 1882an Azpeitiko monjek zilarrezko hariekin brodatutako bandera huraxe bera, eta Elizara iritsitakoan eliz agintariek harrera egiten zieten. Udalbatza osoa lehen lerroko eserleku berezietan esertzen zen, ebanjelio aldean (aldareari begira, ezkerrean). Han, pontearen ondoan bada harri zulatu bat eta hantxe jartzen zen zutik herriko bandera. Hori Amabirjin bezperan izaten zen baina egunean ere errepikatu egiten zen. Meza entzundakoan, kale buelta bat egiten zuten denak prozesioan: “Terminada la Misa Mayor, las Autoridades civiles y eclesiásticas, precedidas de la Banda Municipal, harán el tradicional paseo por las calles de la Iglesia, San José, Natividad y Sagrado Corazón, demostrando de este modo, la compenetración de las dos potestades”.

Oraindik ere, tradiziozaleek antzeko irudia ikus dezakete Gipuzkoako makina bat herrietan, gure inguruko tradiziozaleetan bereziki (ez dut, badaezpada ere, inor izendatuko). Gutako askori harrigarria iruditzen zaigu ikustea nola irauten duten hainbeste honelako tradizioek gure ondoko herrietan eta zein naturaltasun handiz desagertu ziren gure herrian duela 20 bat urte. Harridura –eta harrotasuna– sortzen duen bezala, ikusten dugunean zein naturaltasun osoz hasi ziren emakumeak parte hartzen gure danborradatan eta zenbat kostatzen zaien hori onartzea beste hainbat tokitan (alardeetan pentsatzen ari naiz, esate baterako).

Guk baino askoz lehenago, ehun urte lehenago, gure Barojak oso gauza zaharkitua ikusten zuen prozesioan elizara joatea eta izugarrizko eztenkada ironikoak bota zizkion La Voz de Guipuzcoa-n, hori bai, ezizena erabiliz. Bestela nola jarraitu bizitzen herrian?. Irakur dezagun pixka bat:

Hastera doa prozesioa, nik deituko nioke kontzejalen kapa eta kapelu erakustaldia, izan ere Burgosen antzinatik hona ehundu izan den oihal guztia baino zabalagoko kapak dituzte, eta solairuen alturagatik New Yorkeko etxeak diruditen kapeluak. Baina tenpluan gaude, jada, eta bromarik ez; ez da ondo ezkontzen calembourra introitoarekin ezta rebusa misererearekin ere. Funtzioa hasi da, Azpeitiko organo-joleak egoki jotzen du Mercadenten meza eta kantariak portatu egiten dira. Tartean, ezkontzeko ideia harrigarria duten bi gazteren ohartarazpenak egiten dira, eta eliztar taldea elizatik irteten da, gerrarako gogo biziz beteta; bataila egitera oilaskoei eta urdaiazpikoei eta beste klase bateko “hegaztiei”, eta behin aurkaria garaituta eta azken lubakietara ihesian bidalita, garaipen egarria beste egarri klase bat bihurtzen da eta Bako jainkoak irribarre beatifikoa egiten du Olinpotik. Gero, berriz, plaza berrira… berria XV. mendekoa izango ez balitz, ikustera ea nola dantzatzen duten Azpeitiko mutilek eta, ondoren, nola jolasten duten zezenarekin gure toreroek eta nola ugaltzen dituzten han Ameriketan irabazitako sariak; han Ameriketan, ez dakigu Madrilgoetan edo Kolonek aurkitutakoetan.

Baina zein arduratzen zen horretaz, han plazan zeuden emakume toreatzaileak ikustean? Hura zen armak maneiatzeko modua! Zer balio dute partiarren geziek, godoen labanek, edo Napoleonen kanoiek, elektrizitatez eta dinamitaz kargatutako begirada haien aurrean!”

Bejondeiala, Baroja! Hik bai, aspaldi, guk baino askoz lehenago, ikusi huen zerk balio zuan mundu kaskar honetan, orduan bezala gaur egun ere: Salbeak eta prozesioak eta erakustaldi zaharkitu haien gainetik, betiko neurrigabeko jan eta edan behar haren gainetik, emakume gazteen begiradak hobesten hituen, elektrizitatez eta dinamitaz kargatutako begirada haiek; haiek zituan bizitza, beste guztia gizarte fosildu baten iraun nahia besterik ez. Entomologoentzat aproposa.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide