Albisteak

Yeregui Elkarteak Santa Engraziako erlojua berritzeko proiektua aurkeztu du

Zumaiako Ieregitarrek hainbat elizatako eta ermitatako erlojuak egin dituzte azken mendeetan, XVIII. mendean erlojuak egiten hasi zirenetik. Gure inguruan ez ezik, Euskal Herriko beste hainbat lekutan ere badira Ieregitarren erlojuak, Iruñeko San Lorentzo elizan, esaterako. Gure herriari dagokionez, Santa Engrazia ermitako, Aizarnako eta Zestoarako eliza nagusietako erlojuak ere ieregitarrek eginak dira.

Urteen poderioz zahartzen joan dira erloju horiek guztiak. Hori dela eta, Ieregitarren ondorengoek Yeregui Elkartea eratu dute, Ieregitatarrek  sortutako erloju, itsasmotore eta bestelako makinak ekoiztearekin sortutako ondare historikoa gizarteratzeko; eta, besteak beste, “Yeregui” marka daramaten erlojuak zaharberritzeko. Elkarte horretako kide da Xabier Alvarez Ieregi; erloju horiek biziberritzeko asmoen berri eman eta laguntza eske dabil, han eta hemen. Duela gutxi, Artadiko erlojua (Zumaia) berritu dute, eta orain Santa Engraziako erlojua du begiz jota Alvarezek. Zestoako elizako erlojuari geroago heltzeko asmoa dute.

Hainbat urtetan Santa Engrazia bentako aitona Joxemari Azpeitia Odriozola arduratu zen erlojua zaintzeaz: giltza eman, orduaren zuzentasuna zaindu, etab.  Ermitaren berritze-lanak (1974-75) zirela eta, Manuel Arregi Ibarguren arduratu zen erlojua, erlojuaren ingurua, kanpaia, etab. egokitzeaz. Berritze-lanak bukatutakoan ere Manuelek jarraitu zuen erlojua zaintzen, anaia Patxi Arregirekin eta Bentako aitonarekin batera.  Aitona bizitzera herrira jaitsi zenean, beste batzuk hartu zuten ermitako erlojua zaintzeko ardura: Erramun Etxaide, Joxe Orbegozo, Joxemari Azpeitia Rementeria. Zaindu ez ezik konponketak eta mantentze-lanak ere egin zituzten. Garai horretan sartu zuten argindarra Santa Engraziako ermitan; horrela, erlojuari giltza ematea asko erraztu zuten. Xabier Alvarezek, Yeregui Elkartearen izenean, esker ona eta aitorpena adierazi nahi die guztiei Ieregitarren erlojua zaintzen egin duten lanagatik. Ez dituzte ahaztu nahi, eliza nagusiko erlojua zaintzen aritu ziren Domingo Lizaso, Manuel Eizagirre eta Manuel Arregi Ibarguren ere.

Santa Engraziako erlojuaren berritze-lanak auzolanean egin nahi ditu Xabierrek, auzolanean eginda herritarrek gertuago sentituko dutelako erloju historiko hori. Hori guztia bideratzen hasita dago Xabier Alvarez. Udalarekin eta herriko hainbat eragilerekin harremanetan jarri da (behean irudia), eta irailean hasi nahiko luke erloju zaharra berritzen. Proiektu hori herritar guztiei irekita dago eta parte hartu nahi duen edonork 666 950 274 zenbakira deitu edo info@yereguielkartea.eus helbidera idatz dezake.

Yeregui Elkartearen inguruko informazio guztia yereguielkartea.eus webgunean daukazue.

udaletxean




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide