Zapelatz itsusiaren hatzaparrak

Egun hauetan beteko dira 82 urte Frankoren altxamenduak Zestoa menderatu zuela. Orain, politikari askok garrantzia kendu nahi diote kolpe militar hari baina Mola jeneralak agindutakoa irakurtzea besterik ez dago errepresioa zein krudela izan zen baieztatzeko: “Se tendrá en cuenta que la acción ha de ser en extremo violenta para reducir lo antes posible al enemigo, que es fuerte y bien organizado. Desde luego, serán encarcelados todos los directivos de los partidos políticos, sociedades o sindicatos no afectos al movimiento, aplicándoles castigos ejemplares a dichos individuos para estrangular los movimientos de rebeldía o huelgas”. [Kontuan hartuko da ekintzak oso bortitza izan behar duela, arerioa lehenbailehen menderatzeko, indartsua eta ondo antolatuta dago-eta. Jakina, kartzelan sartuko dira mugimenduarekin bat egiten ez duten alderdi politiko, sozietate edo sindikatuetako buruzagi guztiak, eta zigor eredugarriak ezarriko zaizkie, matxinada edo greba mugimenduak itotzeko”].

Errepresioa oso bortitza izan zen bai, eta kontra zegoena berehala kentzen zuten aurretik, lehendabiziko momentuetan zuzenean garbituta eta, gerora, metodo “finagoak” erabilita: behartutako lanak, kartzela, multa izugarriak, ondasunak kentzea…

Ez dugu gaur errepresioaz hitz egingo Danbolin aldizkarian, beste artikulu batzuetan lehenagotik aipatuta daukagulako. Aipatuko dugu, ordea, azkenaldian hitzetik hortzera dabilen beste kontu bat: Erorien Harana edo Valle de los Caídos. Inolako epaiketarik gabe, ohean hil zen diktadore-genozidaren hezurrak atera egingo omen dituzte behingoz Erorien Haranetik! Bazen garaia, alajaina!

Valle de los Caídos monumentutzarra Francok bere garaipena betirako gogoratzeko eraikiarazi zuen, horretarako behartutako ehunka langile erabiliz. Han daude hilobiratuta estatu osotik eramandako milaka (zehazki 33.833) “heroi eta martiri” (‘Héroes y mártires de la Cruzada’ esaten dute agiriek), baita errepublikano batzuk ere.

Zestoarrik ba ote da? Ikus dezagun. Monumentua inauguratu (1957) eta handik gutxira, Gobernu Zibilek gutunak bidali zizkieten Espainiako udal guztiei, gerran hil ziren Francoren aldekoen gorpuzkiak hara eramateko jarraitu beharreko irizpideak azalduz. 1961ean, Gipuzkoako Gobernu Zibilak txostena bidali zion Ministerioari herrialde honetako egoeraren berri emanaz. Eta txostenean, besteak beste, Zestoa aipatzen da.

Hara hitzez hitz, txostenak dioena: “Badago herri honetan Hildakoen Monumentua eta inskripzioan 16 izen ageri dira. Baliteke, ordea, han inguruan hildako gehiago egotea, inskripzioan ageri ez direnak. Ezinezkoa da ezer segurua jakitea ordutik hona pasatako denbora kontuan hartuta. Hasiera batean, familiarrek ez dute gorpuzkiak garraiatzeko onespenik eman eta, horretaz aparte, hiru hildakoren familiarrak zein diren ezin da jakin, inolaz ere. Azkenik ez da posible gorpuzkiak identifikatzea eta banan-banan bereiztea”.

Jarrera zentzuduna izan zen, zalantzarik gabe, zestoarrik ez eramatea Escorialeko bailara beldurgarri hartara.

Erorien Haranean, gorpuzki horiek identifikatu eta ateratzeko dauden zailtasun ikaragarriak –eta zer esanik ez Primo de Rivera eta Francori dagokionez– ez dira ulertzen Franco hil aurretik hartu ziren neurriak kontuan hartzen ez badira. Garai bateko “atado y bien atado” lagatze hura ez zen izan esaldi edo esateko modu soil bat, bene-benetan eta zehaztasun handiz egin zen gauza baizik. Frankismo hark milaka eta milioika zuztar utzi zituen gizartean eta zuztar haiei esker bizirik irauten du. Ikusi besterik ez dago nola txertatu ziren frankista zahar haiek agintean, armadan, eremu judizialean, administrazioan… Franko hil eta gero ere. Oraindik ere, lan handiegirik gabe aurki daitezke altxamenduan garaile atera ziren eta botere neurrigabe hura eduki zutenen aztarnak. Baita, agian, euskal administrazioan ere.

 

Argazkia: Adamant (jabea: Zestoako Udala). Iglesia Parroquial de Cestona. Con la Corporación en los oficios de la noche y madrugada del sábado de Gloria. 9 y 10 de abril de 1955”.

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide