Zauriak

Duela bost urte begiz jo nuen argazki hau garai hartan Danbolin aldizkarian idazten nuen “Aztarka” labur haietako baterako. Hainbat arrazoi zirela medio, azkenean beste argazki bat aukeratu nuen baina arantzarekin geratu nintzen; izan ere, hainbeste transmititzen digute argazkian ageri diren pertsonek…!

Alaitasuna transmititzen du argazkiak lehen begiradan: Pellok egingo zuen ateraldiren bat, eta denak barrez hasten gara (gu ikusleak ere bai, hain da-eta kutsakorra boskotearen zoriontasuna). Giro lasaia antzematen da, sanoa. Denoi ahora etortzen zaigu: “Haiek bai garaiak!”. Eta begiratu batera hala da.

Argazkia sakonago aztertuta, ordea, gauzak bestelakoak dira. Goizeko argi “neutro” horrek eta Txoko tabernaren kolore berde ilun horrek halako hoztasun bat ematen dio giroari, mutil gazteen alaitasunaz harago dena gris-grisa balitz bezala. Errepara diezaiogun argazkiaren ezkerretara, taberna barruan, ageri den kartelari (irudian sakatu eta handiago ikusiko duzu irudia). 1989ko azaroan gaudela adierazten digu. “Crimen de Estado / Huelga General” dio, besteak beste. Josu Muguruza parlamentaria hil egin zuten eta Iñaki Esnaola larri zauritu. Urte latzak izan ziren haiek. “Los años de plomo” deitu izan zitzaien ETAk, GALek, Estatu terrorismoak eta abarrek eragindako sufrimenduagatik. Ondoko herrietakoek “El Belfast del Urola” deitzen zioten gure herriari. 300 langabetu inguru genituen herrian (190 bat ditugu orain).

Argazki gazi-gozoa, beraz, Bizente Davilak ateratako hau. Irakurleak jakingo balu, nik dakidan bezala, Bizentek Madrilen ikasi zuela eta “movida madrileña” delakoaren azken urteak ikusi eta handik gutxira atera zuela argazki hau, berehala etorriko litzaioke burura Garcia-Alix argazkilari ikaragarriaren begiratzeko modua. Haren urrutiko ukitu bat du irudi horrek, eta Bizente bat letorke Garcia-Alix-ek behin esandakoarekin: “La fotografía es una forma de evidenciar las heridas, todos tenemos heridas, cerrarlas es cosa nuestra.” (Argazkilaritza zauriak bistaratzeko modu bat da, denok dauzkagu zauriak, ixtea geure gauza da).

Zauriak ageri dira argazki honetan ere, bai; zauri pertsonalak, zauri politikoak, zauriak… Baina horien gainetik boskotearen alaitasuna dago, eta, argazkiak “tiro” egin dien une horretantxe behintzat bai, bizipoza.