Zergatik landatzen ditugu zuhaitzak?

Ez dakit zuenean gertatzen den, baina gurean, jostailu berriren bat iristen denean, pieza txikidun horietakoa bada behintzat, bolara baten, etxeko bazter guztietan agertzen dira sakabanatuta.

Batzuetan dirudi, udaletxera ere jostailu berriren bat iritsi dela, motosierra edo antzeko zerbait, bazter guztietan bere eraginak ikusten ari naiz aspaldian. Zenbat zuhaitz kendu dira azken urte erdian? ez dut gaia batere kontrolatzen eta ez noa kritikarik egitera, beharrezkoa zela pentsatu nahi dut baina…parkean pare bat, kiroldegiko obrak direla eta errepide ondoan beste batzuk, autobus geltokia zela eta kanposantu aurrean ere kendu ziren, espaloia altxatzen zutela eta Gisasola aurrean ere dozena erdi bat bai… Lau Iturriko sahats negartien paje kortearekin ere aspertu dira nonbait eta aurten adar lodiak barren-barrenetik moztu dizkiete… Zahartu egin direla eta arriskutsu ote dauden entzun dut… Landatzen ditugunean pentsatzen al dugu zenbat haziko diren, zenbat urtera zahartuko diren, non landatzen ditugun, inguruko elementuei eragingo al dien… edo besterik gabe, landatzen ditugu, jakinda, 20 urtera kendu egin beharko ditugula? horrela izaten da? galdera da e! dakienak erantzun dezala! eta bestela, gaia gehiegi kontrolatzen ez badugu ba… zuhaitzak landatu beharrean tulipanak landatzen hasi beharko dugu.

Ez dut zalantzarik horretan ari denak nik baino mila aldiz gehiago dakiela gai honetaz, edota aginduak betetzen ari dela, baina ze pena ematen didan egun batetik bestela zuhaitza falta denean leku baten.  Zestoan badira bi zuhaitz bereziki gustatzen zaizkidanak, ez handiak eta zaharrak direlako, koloretsuak direlako baizik. Bat Arroagoian dago, haurren parke ondoan. Magnolia familiakoa dela esango nuke, baina lore txiki roxaska ugariduna. Orain gutxi zoragarria egon da, baina jada hostoak atera zaizkio eta loreak erori. Eta bestea Iraetan dago (argazkikoa). Frontoiaren aurrean itxita dagoen parketxo horretan. Ze pena ematen didan horrela baztertuta, zigortuta bezala ikustea zuhaitz txiki hori. Eta irudikatzen ditut gure haurrak edo beraien adineko beste edozein txirrista horretan jaisten euria bailitzan petalo roxak burutik behera erortzen zaizkien bitartean jeje, ze irudi polit… baina keba, hortxe dago parkea itxita, norbaitek jakingo du zergatik, gurean askotan gertatzen den moduan, hesi moduko bat jarri eta kito, probisionalparasiempre!

 

pd.: testu hau nire aitaginarrebari dedikatu nahi diot. Jakin badakidalako Kutxa aurreko magnolia kendu nahi zutela eta kezkatuta nola ibili zen. Zuretzat Jose Luis Potxolo




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide