Zestoa… ‘un modernísimo colegio de jesuitas’

Lehengoan, Jone Bergarak Bainuetxeko argazki bat jarri zuen, eta hor ibili ginen sarrera nagusia kafetegi aldetik ote zen eta abar. Neuk ere parte hartu nuen “eztabaidan” eta ezezkoa eman zuen, alegia, oraingo lekutik izan dela, betidanik, bainuetxeko Hotel Nagusiko sarrera. Eta Roma locuta causa finita latinezko esamoldea erabili nuen bukatzeko. Erromak hitz egin ondoren auzia bukatu egiten dela esan nahi du. Eta behin latinez hasi garelarik, beste esamolde eder bat aipatzen utz iezadazue: Promoveatur ut amoveatur, mailaz igo norbait aurretik kentzeko. Carlo Maria Viganók, Vatikanoko funtzionamendua kudeatzeko izendatutako artzapezpikuak, Aita Santuari idatzi zion 2011ko apirilean, eta esaten zion ustelkeria zeharo zabalduta zegoela han haietan. Horrek deseroso sentiarazi zuen hainbat elizgizon eta, azkenean, Vatikanoko bigarrenak, Tarcisio Bertone kardinalak, Viganó bistatik kentzea erabaki zuen, promoveatur ut amoveatur eginez. Handik hilabete gutxira Washingtonera bidali zuten, nuntzio gisa, Vatikanoko diplomazian oso kargu prestigiotsua. Gure Munillak Radio Marian feminismoari buruz egin omen dituen hausnarketek ba ote dute zerikusirik niri gaur latinajo hauek burura etortzeko?

Baina gatozen Bainuetxera. Jonek erakutsi zuen argazkia 1926 ingurukoa da. Nik hemen erakusten dudan planoa, berriz, 20 bat urte zaharragoa, baina ez dut uste gauzak asko aldatu zirenik tarte horretan. Goazen, bada, hotela bisitatzera! Hiru gauza, zein baino zein hobeak, ditugu horretan laguntzeko: planoa, argazkiak eta gidariak. Planoa hementxe aurkezten dugun hau; argazkiak, garai haietan argitaratu ziren makina bat postal; eta gidaria gure Azorin maitea eta bere idazlanak: “Zestoan pasilloa besterik ez dago” dio Veraneo Sentimental liburuan. Gero, sartzeko gonbita egiten digu. Sartzen garenean, pasillo zabal-zabal batek hondora eramaten gaitu eta, Azorini jarraituz, “han atean letra doratu handi batzuk diote, Comedor”.

Erreparatu, harrera edo errezepzioa orduan ere gaur egungo tokian zeudela eta bulegoak eta administrazioa sartu eta berehala, ezkerretara. Bulegoen ondoan zegoen gimnasioa ere. Jangela arabiarrari “Comedor de primera” deitzen diote eta ondoan dago bigarren mailakoa ere. Horien atzean, sukaldea.

Berriro, sarrerara joaten bagara, aurrean Jangela Nagusia aurkituko dugu; ezkerrean, berriz, harreraren ondoan, komunak daude; eskuin aldean, berriz, liburutegia, txikia baina dotorea postaletan ikusten den bezala, eta hori baino lehenago goietara igotzeko eskailera monumentala.

Aldaketarik nabarmenenak, plano hau eta Joneren postala alderatuta, kafetegi inguruan gertatzen dira. Planoan, kafetegia oso gauza txikia da eta, ikusten denez, gerora aldaketa handiak egin zituzten, liburutegia ezabatuz (beti kulturak pagatu behar!) eta inguruko horma horiek guztiak botaz. Postalean ikusten den bezala, hiru ate arkudun handi ireki ziren kanpora, kafetegiak zabalkuntza eta terraza-giroa izan zitzan.  Hasieran, planoan ageri den bezala, eskuin aldeko korridoretik joaten zen kafetegira, ez orain bezala liburutegia zen tokitik. Azkenik, Jangela Nagusia eta antzokia ez dira aldatu eraiki zirenetik (gogoratu 1895ean eraiki zela Hotel Nagusia).

Hau dena mundu txiki bat zen, zoragarria. Azorini jesuita ikastetxe bat iruditu zitzaion: “Cestona os produce la impresión de un modernísimo colegio de jesuitas, simétrico, limpio, brillante, pulido, iluminado…” Barkatzen diogu konparazioa. Haren garaitik, ordea, (1904an izan zen Azorin Zestoan) asko aldatu zen bainuetxea eta fox-trota, charlestona eta tangoak dantzatzen ziren bertan.

Urte askotarako, bainuetxe!, luzaroan bizi izan zaitezela!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide