Albisteak

Zestoako AEK euskaltegiak ekin dio ikasturte berriari

55 ikaslerekin itxi dute matrikulazio-kanpaina eta Nerea Odriozola euskaltegiko kudeatzaileak balorazio positiboa egin du, “azken urteetan baino ikasle gehiagorekin hasiko dugu ikasturtea aurten”.

Hasiera mailetako hiru talde osatu dituzte eta, taldeez gain, autoikaskuntza modalitatean 30 ikasle ariko dira. “Ordutegiak bateratzeko arazoak dauden mailetan autoikaskuntza eskaintzen dugu”.

Zestoako kasuan, maila horiek B1 mailatik gorakoak dira. Ikasle guztien beharrei erantzuteko hiru irakasle arituko dira lanean.

Euskara ikasi eta alfabetatzeko ikastaroez gain, Mintzalagun programan ere izena eman daitekeela azpimarratu du Odriozolak. “Mintzalagun programa aurreko ikasturtean jarri genuen martxan eta helburua da euskaldunak eta euskalduntzen ari direnak elkartu eta euskaraz hitz egitea astean behin ordubetez, gutxienez”. Egitasmoa doakoa da baina parte hartzeko izena eman behar da. Behin izena emanda, talde bakoitzak erabakitzen du zer egin ordubete horretan, “kafe bat hartuz hitz egin, paseo bat emanez…”.

Bestalde, aurten azaroan eta abenduan Euskaraldia egingo da, eta euskaltegitik herritarrak animatu nahi dituzte parte hartzera, “arrakasta izango badu, beharrezkoa da ahalik eta jende gehienak izena ematea. Dauzkagun hizkuntza ohituren inguruan hausnarketa egin eta inertziak aldatzeko balio dezake ekimenak”.

Gainera, ikasturte honetan 21. Korrika ere egingo da, 2019an. Baina horren berri aurrerago emango digutela adierazi dute.

Berrikuntza asmoa

Mintzalagun programaren barruan proiektu berri bat jarri nahi dute martxan aurten, “Hiketalagun” egitasmoa, hain zuzen. “Noka erregistroaren erabilerak azken hamarkadan beherakada nabarmena izan du herrian. Pasa den ikasturtean hainbat herritarrek planteatu zigun horren inguruan zeukan kezka. Hori dela eta, egitasmoa aprobetxatuz, zer egin daitekeen aztertzen ari gara”. Ildo horretan, helburua ikasturte honetan lehen urratsak egitea izango da.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide