Albisteak

“Zestoan uste baino gehaigo” gida aurkeztu du merkatari elkarteak

Gaur eguerdian Zestoan Merkatari Elkarteak “Zestoan uste baino gehaigo” liburuxkaren aurkezpena egin du. Aurkezpenean merkatari elkarteko kideak, Vicente Davila liburuxkaren egilea, Josetxo Mendizabal alkatea eta Juanjo Allur SIADECOko kidea izan dira. “Zestoan uste baino gehaigo” liburuxkan gure herriak turistei eta herritarrei eskaintzen dizkieten zerbitzuen gida agertzen dira.

Josetxo Mendizabal alkateak hasi du aurkezpena: “Duela urte batzuk triptiko moduko bat egin genuen Zestoako zerbitzuei buruz, hura lehen bultzadatxoa izan zen. Aurreko urtean turismoari bideratutako euskarriak egin genituen eta orain Zestoako zerbitzuak biltzen dituen gida hau aurkezten dugu. Liburuxka honek herritarroi erakusten digu Zestoan uste baino gehiago daukagula eta bisitarientzat oso gida erabilgarria da honako hau”. Vicente Davila liburuxkaren egilearen esanetan, “proiektuari heldu nionean, berehala ohartu nintzen gure herrian uste duguna baino gehiago daukagula. Orain arte ez zegoen inon bilduta mota honetako informaziorik eta liburuxka argitaratuta gustura gaude”.

Juanjo Allur “herritar askorentzat sorpresa izango da jakitea gida honetan 60 establezimendu baino gehiago agertzen direla. Kopuru garrantzitsua dela iruditzen zaigu. Eta iruditzen zaigu liburuxka honetan guztiak modu txukun batean aurkeztuta daudela”.

Hemen dituzue gaur eguerdian Zestoako Udalean egindako aurkezpeneko argazki batzuk:




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide