Albisteak

Zestoarren testigantzak dituen “Ama, nora zoaz?” dokumentala igandean Donostian erakutsiko da

Datorren igandean, apirilak 2, arratsaldeko 16:30ean, eskainiko da Donostiako Victoria Eugenia antzokian “Ama, nora zoaz?” dokumentala. Gerra Zibilean herritik bidali edo alde egin behar izan zuten emakumeak dira protagonistak; euren etxeak atzean utzi eta noraezean abiatu behar izan zutenak, euren senarrak edo aitak beste bandoan borrokan ari zirelako bakarrik errepresaliatuak.
Zestoan ere, emakume franko aurkitu ziren egoera latz horretan eta zestoar jatorriko batek baino gehiagok eman du bere lekukotza dokumentalean, hala nola, Matilde Aizpuruak, Itziar Sagartzazuk eta beste hainbatek (ondoko argazkian Aizpurua eta Sagartzazu ikus ditzakegu, trailerretik ateratako irudian).

Gipuzkoako Foru Aldundian omenduak

Asteazkenean (martxoak29) Gipuzkoako diputatu nagusiak, Markel Olanok, erakunde aitortza eta bere miresmena eskaini zien frankistek 1937an euren herrietatik bortxaz bota zituzten gipuzkoarrei. Aldi berean, emakumeek oroimen historikoan merezi duten eta izan behar duten presentzia nabarmendu zuen: “Ezinbestekoa da kolektibo hau bigarren planotik atera eta gehiago ikusaraztea. Emakumeen ahotsa ozen entzunarazi behar dugu oroimen kolektiboan, ezingo dugu memoria osoa izan bestela”, adierazi zuen Olanok.

AMA, NORA ZOAZ?
Victoria Eugenia Antzokia, 2017ko apirilak 2, 16:30. Sarrera dohainik, jarleku guztiak bete arte. Azpiko bideoan ikus dezakezue filmaren trailerra:

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide