Zuhaitzen edertasuna

Atzo, aspaldiko partez, zineman. Zer ikusiko eta, aurreko egun batean irakurria nuen egunkariren batean Iciar Bollain-en azken pelikulari buruzko aipamen bat, eta “El olivo” ikustera joan nintzen. Ez zitzaidan beste munduko gauza iruditu; egia da pelikularen dramatismoa pixkanaka-pixkanaka, gora eta gora doala, aktoreek lan bikaina egiten dutela baina, zoritxarrez, laster konturatzen zara azkenean zer gertatuko den: begi bistakoegia da amaiera.

Baditu, ordea, oso kontuan hartu beharreko hainbat mezu eta horietako bat da, hain zuzen, nik egunkari batean irakurri eta pelikula ikustera eraman ninduena: pasa den hamarkadako urte zoro haietan, milaka olibondo zientoka urtekoak zuztarretik atera ziren eta 40.000 eurotan saldu zitzaizkien “aberats beriei” beren txaletetan birlandatzeko. Esan beharrik ez dago, asko eta asko, berehala ihartu egin zirela eta beste pilo bat “malamaneran” bizi direla bazter desegoki askotan. Ez da urrutira joan behar horrelako olibondo, jada hazitakoan ekarriak, eta errepide biribilguneetan birlandatuta daudenak ikusteko.

Baina hori baino gehiago da pelikula: olibondo zaharraren gabeziak familian eragiten duen hutsune fisiko eta espiritualaz ari da batez ere.

Eta Oiloen moduan aztarka izeneko blog honetan, protagonista beti Zestoa izaten denez, lehen aipatu dudan hausnarketa horrek –alegia zuhaitz zaharraren gabeziak eragiten duen hutsune fisiko eta espiritualak– jarri nau hemen aztarrikan.

Beti pentsatu izan dut gure inguruan roilo txarren bat daukagula zuhaitzekin, edo, behinik behin, etxe ingurutako zuhaitzekin. Ez ditugu etxe ondoan ikusi nahi. Beti ez da izan horrela, ordea. Orain gutxi arte nahiko arrunta zen baserri eta etxe ingurumariatan zuhaitzak ikustea, eta begiratu bestela lehengo argazki zaharrak: mendiak igoal ikusiko dira dena soilduta baina etxe ingurutan ez. Hamaika adibide jar daitezke.

Gure herrian, kilometro baten bueltan, dagoen zuhaitz zaharrena Baltzolako artea izango da: astiro hazi da (ehunka urte behar izan ditu duen altura lortzeko), baina denboraren poderioz handia eta eder askoa egin da. Artea, apirilean edo maiatzean loratzen da, eta abuztuan erortzen zaizkio hosto zaharrak, horitu gabe. Udazkenean, fruituak sakabanatzen ditu eta landare berriak jaio eta hazteko baldintza egokiak sortzen ditu bere itzal eta babesarekin. Arteak nabarmen ari dira berreskuratzen Zestoan. Gero eta artadi gehiago daude herrian, baita kalean bertan ere (Laranjadi plazan) baino gaixo horiek lanak dituzte hazteko: batzuk ez dira egokitu lekura eta egokitu den bakarra, berriz, ondoko etxekoen arerio bihurtu da. Laster emango diote kimatu beldurgarri horietaroren bat. Marka da gero…

Baltzolakoaren ondoren, bainuetxeko zedroak (Himalayakoak) dira ederrenak. Haiek ere ehun urtetik gora dituzte eta urte askotarako izan daitezela. Pasabideak hondatu zuen bat, eta aspaldi esan genion “requiescat in pace”. Besteei, errepideak mantetzen ibiltzen direnek gorroto handia diote, antza denez, eta ez dut uste bota arteko onik dutenik. Progresoaren eta segurtasunaren mesedetan beti-beti ondarea ateratzen da galtzaile. Errukia eman zidan Artzubiaga aldeko platano hark, eta oraindik ere hala ematen du, den dena kimatua, zuhatz-haga balitz bezala.

Zedroen garai beretsukoak dira kanposantuko altzifreak ere. Horietako batzuei ere, moztu zitzaizkien zainak eta han eraitsi zituen haizeak.

XX. mendera salto eginda, Blasa hoteleko magnolia aipatu behar. Hemendik hamar bat urtera ehun urte egingo ditu, baina askok nahiago lukete dagoeneko hilda balego. Eta egoskorra da gainera magnolia “p….” hori, zeren eta etengabe kimatu eta hala ere ez da sekatzen eta!

Ez dago –gehiegi pentsatu gabe ari naiz– beste zuhaitz historiko asko gehiago herrian: San Joanekoak, hiru arboletakoak, Goñi ingurukoak, maixutakoak, Zurbano aldekoak… haiek denak aspaldi joan ziren Amalurraren eremuetara. Arozenako zuhaizti ederra eta Kultur Etxe atzean, errepide bazterrean, dauden zuhaitz dotoreak geratzen zaizkigu. Gogoan dut nola landatu genituen duela 40 bat urte, nazionaletako eskola umeok zuhaitz horiek; gu, jada, ez gara ordukoak baina zuhaitzak oraindik gazte-gazte daude.

Ez, ez ditugu maite gure zuhaitzak, batez ere, etxe ondokoak. Eta zer esanik ez errepide bazterretakoak. Jakina, zuhaitzekiko gorroto horretan ez gara izango bakarrak baina badira, hortik zehar, jarrera eredugarri askoa duten herriak ere. Eta denei esaten diet: nik ezagutzen ditudanen artean Biarnoko Paube da bikainena. Han, hasteko, herrira sartzen ari zarela, zuhaitz ikaragarrien artean egiten duzu ibilbidea, eta gero, nonahi dauzkazu zuhaitz bikain askoak, edozein parketan. Bestalde, udalak argitaratua du turismo foileto eder bat hiriko zuhaitz interesgarrienen ezaugarriak eta historia kontatuz, eta ibilbide bikain bat proposatuz. Eta ez da hori bakarrik: han, ipurdia bete sail ikusten den edozein tokitan –baita etxe ondo-ondoan izanda ere– zuhaitz, zuhaixka, lore eta denetik dago. Jakina, berehala konturatzen zara beste kultura bat dutela, zuhaitzekin beste harreman bat dutela.

Ez noa gehiago luzatzera. Hala ere, ezagutzen nauen baten batek “zozoak beleari ipurbeltz” ez diezadan esan, aitortzera noa guk ere bagenituela zuhaitz bat edo beste etxe ondoan eta gaur egun ez daudela. Bat bere kasa erori zen (eta ia-ia gurasoak harrapatu zituen azpian) eta bestea, hurritza, ebaki egin genuen. Haren fruituarekin, ordea, landare berri bat sortu genuen etxe ataritik haruntzaxeago eta ederra ari da egiten.

Aspaldiko batean, etxeko atarira begira nengoela, irudi zoragarria ikusi nuen bertan. Goiz hotz-hotza zen, izotz eguna. Pixka bat kostata baina, halako batean, eguzki izpiak agertzen hasi ziren. Eta orduantxe ikusi nuen irudi zoragarri hura: gure hurritza lorez gainezka eta, eguzki izpi haiek jotzen zutenean, urrezko loreak zituela ematen zuen. Hura irudi ederra! Izan ere, izaten dira, hurritza edo sahatsa bezalaxe, goiz, beste inor baino lehenago, loratzen diren landareak. Haiek ez dute izaten elur edo txingor erasoren bat jasango ote duten beldurrik; bizitzeko itxaropena dute, nonbait.

Argazkia: bainuetxeko zedroa orain dela 15 urte




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide