04- ‘Etxeko eta zaintzako langile diren emakume migratzaileek «prezioak jaitsiarazten» dituzte, sektoreko lana bertakoei lapurtzera etortzen baitira.’
— 2023-04-17Zertarako etortzen dira emakumeak, hemen krisian bagaude?
Bi arrazoi nagusi:
1) Migratu duten emakume horien herrialdeetan krisia are larriagoa da.
Migratzeko erabakia ez da hartzen norbera asebeteta sentitzen ez delako soilik, baizik eta jatorri-herrialdeetako egoera ekonomikoaren ondorio izaten da, eta, zenbaitetan, egoera sozial eta politikoaren ondorio, bai eta familia- edo bikote-egoeraren ondorio ere.
Askok eta askok ez dute migrazio-proiektu argi bat, besteak beste “laster” itzultzeko itxaropena dutelako: behar beste diru biltzen dutenean, beren herrialdeko egoera hobetzen denean, beren bikotekideari itzultzeko garaia iristen zaionean…
2) Europan, baita Euskal Herrian ere, zaintzaileak behar dira.
Etxean heldu denek kanpoan lan egiten badute, zaintza-lanak egingo duen beste norbait behar da. Horrek sortzen ditu herrialde batzuetako emakumeentzako ‘lan-nitxoak’. Gainera, nitxo horiek prekarietate handiko lan-baldintzak izaten dituzte.
“Atzerriko emakumeek gauza bakarra dakite egiten: etxean lan egiten”
Ez. Euskal gizarteak ez die aukera asko ematen migratzen duten emakumeei. Batez ere, zaintza-lanak eskaintzen dizkie, eta lan hori oso egoera prekarioan dago, alde batetik, eskuarki emakumeek egiten dutelako, eta bestetik, emakume migratzaileen administrazio-egoera irregularrak –herrialdean dauden lehen hiru urteetan, gutxienez– are iraingarriagoak bihurtzen dituelako haien lan-baldintzak.
Zenbait emakume migratzaile profesionalak dira, baina lan prekarioak egitera behartuta daude.
Zergatik esaten dute arrazializatuak direla?
“Arrazializazioa” kontzeptu politiko bat da, gorputzen aniztasunean oinarrituta eraikitako gizarte-egiturak adierazten dituena. Boteredunek “exotiko” bihurtzen dituzte emakume migratzaileen gorputzak, azal-kolorea, aurpegierak, formak edota janzkera direla-eta. Desberdintasun horietan oinarrituta, pertsonen arteko diskriminazioa eragiten duen sistema bat sortzen da; hau da, batzuk, emakume zuriak, pribilegiozko lekuetan kokatzen dituzte, eta besteak, arrazializatuak diren aldetik, mendekotasuneko lekuetan.
[Iturria: Vazquez Garcia, Norma. Emakume migratzaileak euskal gizartean. ‘Usteak, Ustel? Argitu ditzagun zalantzak bilduma]
Egin zaitez bazkide