Albisteak

“101 arrazoi mendietan zentral eolikorik ez eraikitzeko” ekimena jarri dute martxan hainbat mendi elkarte eta zentral eolikoen aurkako taldek

Urola bailaran ezarri nahi diren zentral eolikoek eragindako kezkaren harira, mendi martxak eta hitzaldi ziklo irekia antolatu dituzte “101 arrazoi mendietan zentral eolikorik ez eraikitzeko” lemapean hainbat mendi elkartek eta zentral eolikoen aurkako taldek. Antolatzaileen artean da Agiro Mendi Taldea, Anaitasuna Mendi Bazkuna, Sokaitz eskalatzaile taldea, Lagun Onak Mendi Bazkuna, Oletan ere ez! eta Sañu Bizirik! taldeekin batera. Antolatzaileen esanetan “helburua inolako interes milioidunik gabeko adituen eskutik informazio objektiboa ematea izango da, herritarrak arazoaren muina ongi ezagutu eta krisi energetikoari aurrez aurre begiratzeko aukera emateko”. Gaineratu dute baita ere, “horrelako mega proiektuek ingurumenean, elikadura burujabetzan eta ondare arkeologikoan eragiten dituzten kalteen berri emango dela hitzaldi zikloan”.

Bihar hasi eta maiatzaren 4an amaituko den zikloan, aurreikusten diren ekimenak dira ondorengoak (antolatzaileek ez dute baztertzen beste ekitaldiren bat ere antolatzea ziklo honen barruan):

 

Urtarrilak 11: hitzaldia “Analisis critica de la transicion energetica”; Alvaro Campos EHUko ikertzaile eta irakaslea, Ingeniaritza teknikoan doktorea. Azkoitiko Elkargunean arratsaldeko 19:00tan.

Urtarrilak 22: Oletara mendi martxa eta estazio megalitikoan bisita gidatua.

Otsailak 16: hitzaldia, “Krisi energetikoa eta aterabide arduratsuak”; Oier Etxeberria Gutierrez Goienerreko energia komunitateen sustatzailearekin eta Aitziber Sarobe biologian doktorea den eta Mondragon unibertsitateko irakaslearekin. Azpeitiko Soreasu antzokian arratsaldeko 19:00tan

Martxoak 12: mendi martxa Sañoara. 11:00tan Sañoan.

Apirilak 23: Elgeako zentral eolikora irteera. 8:00etan Azpeitiko anbulatorio aurretik abiatuta.

Maiatzak 4: hitzaldia “Crisis energetica y de materiales”: Antonio Turiel CSIC-eko zientzialaria eta Antonio Aretxabala geologo ikertzailea. Azpeitiko Soreasu antzokian arratsaldeko 19:00tan.

 

 

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide