203. Portale eta Portalekoa

Duela berrehun urte gure bazterrak nolakoak ziren irudikatzeko badira pinturak edota marrazkiak baina gure herriari dagokionez, urria da aukera. Horretarako, gurean planoek eskaintzen digute informazio gehien, interpretatzen jakinez gero: bateko bideak, besteko etxeak, han eta hemengo parajeak… Orduak eta orduak pasa daitezke akuarela, tinta eta lapitzezko xehetasunei begira.

Gaur hona ekarri dudan planoaren kopia orain dela 30en bat urte egina da. Jakin banekien Lilitarren artxiboa dohaintzan San Telmo museoari emana ziotela familiakoek, eta egun batean hara joan nintzen ea zer ote zegoen. Ez naiz luzatuko kontatzen nolakoak ziren garai hartan museoko instalazioak baina, labur esateko, dena oso zaharkitua zegoen. Lilitarren paperak, berriz, kutxa batean, familiak eman bezala, ukitu ere egin gabe, alegia, sailkatu edo katalogatu eta ezer egin gabe. Kutxa hura –ez naiz ondo gogoratzen baina– izan liteke gaur egun Lili jauregiko lehen solairuan ikus daitekeen burdinazko huraxe bera. Kontua da nahas-mahas hartan ez zegoela asko arakatzen jarduterik, eta ez nuela denbora asko pasa “aztarrikan”. Bi plano polit-polit ikusi nituen bai, bata kolorezkoa eta bestea tinta bakarrekoa. Kopiak ateratzeko baimena eskatu nien, eta nire harridurarako, aukera eman zidaten hartu plano originalak eta kanpoko fotokopia-denda batera joateko (koloretan fotokopiatu nahi nituen, eta museoak ez zuen halakorik). Ez zidaten karneta edo beste zerbait eskatu fidantza gisa; 24-25 urteko mukizu bat izan arren, Zestoako Udaleko artxibozaina nintzela esatea eta nire ile eskasiaz jabetzea nahikoa izan zitzaien, dirudienez, arrastoan sartutako pertsona nintzela konbentzitzeko. Horrela bada, atera nituen fotokopiak eta etorri nintzen udaletxera, eta harrez gero, gaur arte, ez du inor askok ikusi irudi eder hau.

XIX. mende erdi aldekoa izan behar du planotxoa. Bestea, kolorezkoa, askoz ederragoa da baina nik nahi dudanerako honek datu gehiago eskaintzen ditu. “Plano de la casa Portalecoa (situada en la calle de la Villa de Cestona) y de sus huertas, su terrado y su jardín, y de sus terrenos inmediatos, propios de la casa de Lili”, dio kolorezkoak. Hemengo hau haren zirriborroa izan daiteke.

Portalekoa etxearen azpi aldean, lorategia edo zelaitxoa: “Pradito y antiguo solar de Toledocoa”. Hortik, zuhaitzez mugatutako bidea eta Artzubiagako kanala igarotzeko zubitxoa (Lilira joateko bidea eta Urola igarotzeko zubia planotik kanpo geratzen dira). Portalekoaren parean, aldapaz bestaldean, baratza, 1907an Elortza etxea izango zena. Behe aldea, berriz, soro zabala. Gutxi-gehiago, ingurumaria hori dena nahiko ezaguna zaigu mende hasierako postaletatik eta 1960ko hamarkadara arte ez zenez asko aldatu, edade pixka bateko jendeak ondo irudikatuko ditu paraje horiek.

Portalekoaren gainaldean, “Camino Real de Cestona a Azpeitia” jartzen du, eta hori zen garai hartako errepide nagusia. Lehendabizi, eskuin aldera, eskola (gaur postetxea) aurkituko zuen bidaiariak, gero Gesalaga eta hortik bentara iritsi arte beste ezer ere ez. Ezkerretara, berriz, Gurutzeaga, gero Ariztondo eta handik aurrera San Joan ermita besterik ez, Atristainera iritsi arte. Hau da, errepide garbi-garbia, ia etxerik gabekoa bainuetxeraino. Kontuan hartu artean eraiki gabe zeudela, eskuin aldean, Elortza, Zelaiakoa (ziur ez nago), Don Fernando Truebaren etxea… Villartarren txaleta, Oyarzabal (gero Arozena), Don Pedro Diazen etxea, San Joan aldeko hotelak… Ezker aldetik, berriz, eraiki gabe zeuden artean, Alkorta, Kristina, Garaizabal…

Baina beste toki batera eraman nahiko nuke nik, ordea, irakurlearen arreta: gaur egun bankua dagoen etxe inguru horretara. “Casa de Errasti” dio planoak, eta ondoko lursailaren kasuan, berriz, “huerta sobre el Camino Real de Cestona a Azpeitia”. Eta zer ikusten dugu hor besteak baino beltzago eta nabarmenago marraztuta? Bada Zestoaren Erdi Aroko harresiaren zati bat, Portalearen beste aldeko abiapuntua edo hormabularra, hain zuzen ere. Ezin ziurtatu garai hartan zutik ote zegoen portalea edo arkua baina esango nuke baietz. Portalekoa etxearen kontrakoa bistan da oraindik eta hala egongo zen bestaldekoa ere –planoan ikusten dugun bezala– are eta, XX. mendearen hasieran, bankua dagoen etxe hori eraiki zen arte.

Errasti hori, alegia, harresiaren kontra dagoen etxearen jabea, Zestoako Udaleko idazkari izan zen XVIII. mendearen amaieran. Etorraetxea zuen izena garai hartan etxeak. Baina Errastiren garairako harresiak galdu zuen, neurri handi batean, bere funtzioa eta ordurako hasiak ziren herritarrak harresiari bere indarra kentzen. Esate baterako, Errastik berak, 1793an, konforme ez, nonbait, harresi horrek etxeari “traba” egiten ziolako eta zera eskatu zuen: “Hice presente yo el escribano al ayuntamiento como intentaba añadir un aposento a la casa de mi habitación hacia la muralla o portal de junto a la casa de Portalekoa y que se meterían algunos cuartones en la muralla, y que abriría en ella alguna ventana, y suplicaba mediante su licencia y permiso… Y enterado el Congreso me dio su licencia y libertad”. Handik mende erdira, zutik zegoen artean portalea baina XX. mendearen hasierarekin eman zitzaion behin betiko errematea.

Irakurleari errepaso azkar bat egitearren, portale haietako bat bakarra geratzen zaigu gaur egun, Arretxekoa. Eztiola aldekoa izan zen lehena erortzen, seguruenik XVII. mendean. Hurrena, hemen aipatu dugun Portale nagusiak izan zuen “heriotza” edo eraispena, XX. mende hasieran. Eta, azkenik, 1935 inguruan, Lizarraizkoa eraitsi zuten. Eskapada ederra egin omen zuen gaur zutik dagoen bakarrak ere, 1970eko hamarkadan, baina ordurako atezuan zeuden Erentxun eta gainerako jakintsuak eta zeruak eta lurrak (eta prentsa batez ere) mugitu zituzten gure azken portalea argazki huts bat izan ez zedin.

Portalekoa, ordea, plano xume honen bitartez suma genezake bakarrik. Nork daki egunen batean ez ote zaigun azalduko margo eder eta koloretsu bat portale hura irudikatuz. Zoragarria litzateke.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide