210. Negua eta bakardadea

Egunkariek esan berri dute, azken ehunka urtetan 2016koa, 2019koa eta aurtengoa omen direla bataz besteko tenperatura altuena erregistratu izan den urteak. Kalak loretan daude (otsail aldera hasten dira loretan normalean), San Jose loreak ere oso aurreratuta datoz… Gaur, ordea, Izarraitz erdiraino zurituta, eta hartuko du landarediak zapuztu ederra…

Etxe barruan egoteko giroa, eta Kutxatekan maiseatzen ibiltzea pentsatu dut. Bai argazki aproposa aurkitu ere! “Fachada del caserío Anuate en el barrio Iraeta de Zestoa” dio argazkiak. Ez nuen izen horren berririk, guk beti Nagusikoa izenez ezagutu izan dugu-eta etxea. Pello Lopez argazkilariak egina da. Besteak beste, aireko argazkilaritzan egiten zuen lan Lopezek, eta Candanchu aldean hil zen, 40 urterekin, gidariarekin batera, Hueskako Pirinioari buruzko argazki-erreportajea egiten ari zela (2000ko ekaina). Hona dakarkigun argazkia 1988an egina da.

Argazkiari begira jarrita, lehenbizi burura etortzen zaizuna da argazkiaren edertasuna. Kolore urdinxka horrek melankolia kutsua ematen dio; zuhaitzak, berriz, beltz-beltz, gainera etorriko zaizkizun munstro moduko zerbait dirudite; elurrak berriz, zeharoko babesgabetasuna iradokitzen digu. Hori dena bat-batean apurtuko litzateke eta bestelako argazki bat emango luke bizpahiru lagun kolore biziko arroparekin azalduko balira, jolasean edo, baina argazkilariak ez digu hori nahi izan baizik-eta bakardadea. Ba, erabaki zuzena eta bikaina.

Argazkia ikusita, bestalde, ezin ahaztu etxe horretan bertan lauzpabost urte lehenago “Fuego eterno” (1985) pelikulako sekuentzia batzuk grabatu zirela. Ni neu akordatzen naiz, besteak beste Angela Molina eta Imanol Arias etorri zirela. Jose Angel Rebolledo zen zuzendaria. 1660. urtera arte egiten du atzera argumentuak, Baionako apezpikuaren aginduz apaiz gazte batek hogei urte lehenago gertatutakoak ikertzen dituene garaira. Horiek epaiketa inkisitoriala eragin zuten azkenean, sorginkeria egotzita. Horri lotuta, komentu bakarti batean Gabrielle de Loithegi ezagutuko du, Azkubiako azken anderea, bere senar izandakoaren gorpuarekin zazpi urtez bizi izan zena.

Tira, gogoan dut bere garaian, Zine Forumen batean edo, ikusi nuela pelikula, baina ezer gutxi oroitzen dut. Errezeloa daukat, amaieran, argazkiko etxe hori sutan ikusten dela, baina ez nago batere seguru.

Gure Wikipediak ere aipatzen du etxea, baina gaztelerazko bertsioan: “Frente a la ermita se encuentra la casa Granero donde los renteros pagaban sus alquileres. Tras él, al otro lado del río, está el palacio del Señor de Iraeta (Nagusikua). Se encuentra semiescondido entre la maleza en estado totalmente ruinoso. Los últimos habitantes de esta casa fueron los familiares del pelotari Chiquito de Iraeta. En esta casa se rodó la película Fuego eterno (1985), con Imanol Arias, Ángela Molina y Ovidi Montllor, entre otros y dirigida por José Ángel Rebolledo.”

Bukatzeko, beste era bateko hausnarketa bat ere merezi du etxe horrek (eta beste askok ere bai): Zer zabar eta errukigabe izan gara urte horietan guztietan etxe horrekin? Nolatan utzi dugu horrela, orain dagoen bezala, erortzen eta sasiak jaten?

Aspaldiko kontuak dira eta ez ditut ondo gogoan, baina urteak dira hango zuhaitzei batere begirunerik ez zion norbaitek likidanbar eder batzuk ipurditik moztu zituela (likidanbarrak zirela uste dut behintzat baina beste klaseren bat bazen ere berdintsu da). Jatorriz Ipar Amerikakoa, mundu osoko parke eta lorategietan aurki daiteke apaingarri likidanbarra. Europara XVII. mendean ekarri zen. Hostotza trinkoa du, udazkenean gorrimin kolorea hartzen du eta ikusgarria izaten da hostotzaren beste tonalitateekin batera konbinatzen denean (Wikipedia). Baina hutsaren hurrengoa inporta zitzaion, hark moztu zituenari, udazkeneko gorrimin kolore ikusgarria eta txoro-usainak…

Etxea, berriz, sasiak hartuta, bakardade osoan, hantxe urtetan egon da, eta dago, hilzorian. Hormigoi eta harri beltzezko txalet-jauregiak gustuko dituzten aberats berriek lasai demonio egoterik badaukate, etxe zaharrak ez dauka-eta atzera bueltarik. Makina bat horrelako joan zaizkigu eta okerragoak ikusteko gaude. Bost mende iraun duen euskal baserria nolakoa zen jakiteko modurik ez zaigu geratuko laster.

Zorionez, hau bezalako argazki eder zoragarriak geratuko zaizkigu, gaurkoa bezalako negu garaian, su epelean, argazkiko negu hura irudikatzen arratsaldea pasatzeko.

 

Argazkiaren jatorria: https://www.kutxateka.eus/Detail/objects/1164834/lang/eu_ES




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide