134. Malenkonia, nahigabea

Bizi’ izango balitz, 100 urte beteko zituzkeen aurten Bainuetxeko Alameda hotelak. Beste batzuetan bezala, Bertil Lagerström artista suediarrari (1960-2012) hartu diogu argazkia. Bertil 1982an iritsi zen Zumaiara lehen aldiz, eta ordudanik harreman estua izan zuen herri horrekin; baita Zestoarekin ere eta horren adibide dira garai haietan “harrapatu” zituen zuri-beltzezko begirada berezi haiek.

Argazki honi begira jarrita, malenkonia ikaragarria islatzen duela ezin ukatu. Alameda hotela, nolabait esateko, bigarren mailakoa zen bainuetxean; handiki-handikiei Hotel Nagusian, alegia, Gran Hotelean, ematen zieten ostatu. Alameda, pasa den mendeko 20ko hamarkadan etorriko zen turista uholde hura –1928ko promozio-film hartan ageri den uholde hura– artatzeko sortua zen, eta berehala nabaritzen zaio halako komentu edota kuartel kutsu arrunt bat. Bainuetxeko dendak-eta hor behean zeuden baina nahiz eta La Primavera de Zarauz eta horrelako izen freskoak eduki, ez dirudi shoping egiteko tokirik aproposena izango zirenik. Hotelak are eta itxura dekadenteagoa dauka argazkia 1986 ingurukoa delako, eta ez da ahaztu behar hiru bat urte lehenago uholde handiak izan zirela eta egundoko triskantzak egin zituela hor inguruetan.

Malenkonia esan dugu. Izan ere, ikusten den bezala, negua da eta atariko zuhaitzak biluzik daude. Atzekoak, berriz, bigarren planoan geratzen dira, hotelak hartzen du-eta protagonismoa. Lehen planoa, aldiz, oso interesgarria da; izen bat jartzekotan Ejercicios de supervivencia edo “Biziraupen ariketak” jar geniezaioke eszenari. Posteak zuzentasuna agintzen du, nahiz eta pixka bat okertzen hasita dagoen; hostorik gabeko zuhaitzak, berriz, ematen du duintasunez eusten diola egoerari; hegaletako biak, ordea, eginahalean borrokan ari dira haizearekin; hortxe dago mugimendua bakarrik, haizeak eragiten duena; bi zuhaitz horiek ez baleude natura hila emango luke denak.

Tristuraz betetako argazkia da, besteak beste, adin pixka bat daukagunok badakigulako zer gertatu zitzaion eraikuntza horri handik gutxira: guztiz eraitsia izan zen, eta Sarrerako Hotela, Hotel Victoria, garaipenetik oso urruti geratu zen frontoi ziztrin bihurtuta. Eta tristuraz betetako argazkia da, batez ere, 80ko hamarkadako Zestoaren metafora bikaina delako: tailer asko kiebran, langabezia lepo, gazteak egun osoan tabernatan, drogaren arazoa, bizitza grisa…

Ondo baino hobeto datorkio argazkiari –eta honekin bukatzera noa– Azorin idazleak, 1904an gure bainuetxea bisitatu eta gero, Caldas de Oviedo-koari buruz idatzi zuena: “Hotelean ez da deus gertatzen: bainuetxeetan ez da inoiz deus gertatzen. Pasillo luzeak daude, jangela bat non zerbait jaten dugun, egunean bizpahiru aldiz egunkari berak irakurtzen ditugun irakurgela bat, eta festa-gela bat zeinetan, afalondoren, dantza patriarkal batzuk, benetakoak, lasaiak dantzatzen ditugun […]. Eta hau guztia egunero errepikatzen da. Nolabaiteko nahigabe batek menderatzen du gure gogoa. Agian, mundua ez da bainuetxe erraldoi bat besterik. Eta goiz batean eramanarazten diogu maleta mutil bati, eskailera estu bat jaisten dugu, harresiari jarraitzen diogu, artasoroak gurutzatzen ditugu, ibaia igarotzen dugu, harkaitzetik arrastan joaten gara, eta berriro ikusten dugu geltoki txikia, eta gu libre –une batez behintzat– pasillo, atzeratutako egunkari, mahai borobil eta dantza patriarkaletatik”.

 

PD. Malenkoniaz ari garela gustu txarrekoa izaki, ez dut nahi izan testu nagusian aipatzerik hor teilatu zuriarekin ageri den txabolatxoa. Bai, komunak dira. Eta honetara iritsita ezin ba aipatu gabe utzi Madrazok, XIX. mendeko idazle batek zioena (barkatu Cervantesen hizkeran jartzea baina bestela grazia galtzen du): “Al atravesar el paseo de árboles que hay en el centro del establecimiento y entre una y otra casa, llaman la atención de una manera poco grata, y afean algo su belleza unas casitas colocadas de trecho en trecho, de la forma de garitas de centinela; pero el prodigioso e instantáneo efecto que producen aquellas aguas las hace de tan apremiante necesidad, que aún a pesar de su profusión, cuéntanse mil tristes anéctotas de personas que corriendo hacia ellas como corrre el navegante al puerto en momentos de borrasca, al llegar sin aliento hubieron de articular con dolor la fatídica frase, ¡ya es tarde!, no sin excitar la risa de los que tal vez dentro de pocos instantes podían verse en no menos apurada situación”.

Horrelakoetan, beti eduki eskueran danbolin aldizkari atzeratutakoren bat, ondo etorriko zaizue eta.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide