136. Uda beteko baretasuna

Hara hemen Zestoako bi irudi eder, oso gutxitan erabili ohi den toki batetik hartuak. Margolana 1860 ingurukoa da eta argazkia, berriz, 1920koa. Errepide bazterretik egina dago argazkia (gaur egungo Toribio Altzaga kaletik pasatzen zen garai hartan bailarako errepide nagusia). Margoa, berriz, goragotik egina dago. Batean zein bestean, uda beteko argitasun alaia nabaritzen da.

Margoa Didier Petit de Meurville diplomatikoak egina da (Haiti, 1793 – Biarritz, 1873). Didier, 1857tik aurrera, Frantziako kontsul izan zen Donostian eta 16 urte egin zituen bertan; denbora horretan Donostiako eta inguruetako paisaiak margotu zituen eta, nola ez, gure herrira ere etorri zen. Zestoa bost margotan jaso zuen (bat Iraetako ikuspegia) eta, horiez gain, beste dozena erdi margo polit egin zituen, bakoitzean gure herriko txilar mota bat erakutsiz. Halako naif puntu bat dauka hona ekarri dugun margolanak (beti bezala, sakatu gainean handitzeko) baina Zestoako herriguneari buruzko irudirik zaharrenak dira (esan bezala, 1860 ingurukoak dira) eta xehetasun asko ematen dizkigute.

1920ko argazkia, berriz, afizionatu baten lana da, seguru asko, baina herriaren behe alde horretatik ateratako bakarrenetakoa da, eta, ondorioz, oso garrantzitsua herriko iparralde hori nolakoa zen jakiteko.

Errepara diezaiogun, lehendabizi, sarrerako arkuari. Petit de Meurville-renean ondo ikusten da; argazkian, berriz, zuhaitzak tapatzen du Erdi Aroko arkua; hor egon behar du, ordea, 1935a arte zutik zegoen eta. Gero, Iriondoneko etxea berdintsua dago bietan baita Martin Txikirena deitzen geniona ere (ondokoa, alegia). Aldiz, hurrengoa altxatuta ageri da argazkian. Aurreko batean esan genuen bezala, mende hasieran solairu gehiago altxa zitzaizkien etxe frankori.

Argazkian, etxe gehiago ere ageri dira, esate baterako, Lizarraitz, ia batere leihorik gabe ipar haizearen beldur, eta argazkiaren eskuin aldean, Julián Echeverría y Cíaren ehungailu mekanikoak, beranduago Etxabe fundizioa izango zena.

Bi irudiok Lizarraitz aldeko jatorrizko irudia erakusten digute, ia-ia, herria sortu zenetik XIX. mende bukaerara arte mantendu zena. Dozena erdi bat hamarkada besterik ez dira Larrain kaleko etxeek “oztopatu” zigutela ikuspegi hori, eta askoz gutxiago Etxabe zeneko orubeko etxetzarrak gure begien jaun eta jabe bihurtu zirela (ondo gogoan dut zein ederra eta punta zorrotza ageri ohi zen Izarraitz Osinbeltz aldetik zentozela, eta nola eragozten duten ikuspegi hori etxe horiek); ez da urrutiko kontua izango ezkerraldeko zelai ederra ere etxez josita ikustea, bitartean, kasko historikoan gero eta etxe huts gehiago ahaztuta geratuko direlarik. Baina, tira, ez da horrelako ezer sumatzen gaur hona ekarri ditugun bi irudion uda beteko baretasun horretan.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide