139. Boabdilen ezpata

Garai zaratatsu hauetan, gure alderdiak zeinek handiagoa bota lehiatzen ari direnean, inperioaren nostalgia hauspotzen hasi dira batzuk, eta ezpatek irudikatzen duten indar politiko eta falikoak aktualitatea hartu du. Errege Katolikoen garaiak modan jarri nahi dituzte, eta ezpataren indarrarekin inposatu: Amerikaren konkista, euskaldun frankok parte hartu zutena (orain, Gobernuak ez omen ditu, Mexikoko agintariak eskatu bezala, garai hartako basakeriak hausnartu nahi); Iberiar penintsulako konkista basatia, dena Bat eta Bakarra bihurtzeko; intolerantzia eta basakeria, juduak eta arabiarrak bidaliz… Garai haietara eraman nahi gaituzte.

Legenda erromantikoak dio 1492ko urtarrilaren 2an, Granadako azken errege musulmanak, ihesi zihoala, negar egin omen zuela Granada azkeneko aldiz ikustean, eta amak honela esan omen ziola: “Egin ezazu negar emakume bezala, gizon bezala defendatzen jakin ez duzunagatik”. Tira, beroarena kendu beharko zaio horri ere, legenda guztiei bezala. Eta hala balitz, berriz, zer irudi ederragorik errege bat negarrez baino. Ez al dute negar malko haiek oroimenera ekartzen txalupatan hona etorri nahian dabiltzan milaka etorkin haien malkoak? Eta bero-beroan deportatuta bidaltzen dituzten horien malkoak?

Kontua da gure Boabdilek, Granadako azken errege musulmanak, negarrez edo negarrik gabe, ihesi joan behar izan zuela, eta ihesi zoazenean garrantzitsuena bakarrik eraman ohi duzula, eta beste gainontzekoa utzi egin behar duzula. Eta, horrela, gure Boabdilen gauzak ere Granadako jauregietan geratu zirela. Eta Errege Katolikoek, Granada hartu ondoren, Íñigo López de Mendozari, Alhambrako lehen alkateari eman omen zioten Boabdilen ezpata (nork jakin, seguru, berea ote zen?). Jineta ezpata deitzen zaie, eta beren ezaugarri nabarmenetariko bat da heldulekuaren kalitate artistikoa eta erabilitako material aberatsak. Horrelako ezpata oso gutxi kontserbatzen dira Espainian eta oro har Europan: eskuetako behatzekin kontatzeko adina.

Kontua da, denboraren poderioz, ezpata ospetsu hura Okendotarren eskuetara iritsi omen zela XVI. mende inguruan. Okendotarrak, batez ere Migel eta bere seme Antonio, itsasgizon eta militar oso goi mailakoak ziren. Antonioren bilobari, Migel Karlosi, San Millango lehen markes titulua eman zioten 1689an, eta, ondorioz, garbi asko utzi dugu nora etorri zen gure ezpata, Boabdil Txikiaren ezpata, alegia, Lasaora. Lasaoko markesaren azken oinordekoa Basilia Maria de la Blanca Porcel y Guirior (1859-1940), Villalegre eta San Millango markesa izan zen. Ramon Altarriba y Villanueva (1841-1906), Sangarrengo baroia zuen senarra. Zestoako Lasao jauregian bizi ziren.

Altarriba, Lasaoko markesa, karlista zen, eta maila gorenekoa gainera, XIX. mendearen azken hamarkadatan. Eta Pio Barojak, bere Zalakainen abenturatara ekartzen du. Martinek eta lagunak Blas Alkortaren ostatuan lo egin zuten, eta goizean Azpeitirako bideari jarraitzeko prestatu ziren: “Egun euritsua eta hotza zen, errepidea, horixka, zuloz betea, bihurguneak osatuz zihoan soro berdeen atzetik; ez zen Izarraitz mendia ikusten, lainoetan bildua egonik. Ibaiak, hazirik, okre-kolorea zuen. Lasaon geratu ziren, baroi karlista baten etxean, haren administratzaileak dokumentu bat izenpetu ziezaien, eta aurrera jarraitu zuten, Urola ibaiaren ertzetik, Azpeitira ailegatu ziren arte.” (Koro Navarroren itzulpena). Barojaren baroia, benetakoa da beraz: Ramon Altarriba y Villanueva, Sangarrengo baroi eta Lasaoko markesa.

Baina jarrai dezagun ezpataren kontuekin. Altarribak eta Blanca Porcel-ek, alegia, Lasaoko markesek bi seme izan zituzten: Ramon, aita baino lehen hil zena (1882-1904), eta Jaime, gerra garaian hil zena (1884-1936). Ondorioz, 1936ko irailaren 16an, errekete karlistak gure herria menderatzeko zorian zirenean, semea hil eta bakar bakarrik eta alargun geratu zen Blanca.

1940an, beste objektu askoren artean, Boabdilen ezpata Donostiako San Telmo museoari eman zion dohaintzan Blancak, eta han jarrita egon zen urtetan. Museoa berritu aurretik egindako inbentarioan, han ageri zen ezpata, eta berrikuntzen ondoren (2011), toki seinalatu batean jartzeko erabakia hartu zuten. Gaur egun, zaharberritzen daukate baina hemendik gutxira ikusi ahal izango da berriro museoan. Pozgarria da hain ondare historiko eta artistiko bikainak, beste askotan bezala, Zestoarekin zerikusia izatea.

Argazkia: Boabdilen ezpata San Telmo museoan (http://legadonazari.blogspot.com)




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide