140. Ferratzaileak
— 2019-04-05Oraingoan ferratzaileak izango ditugu protagonista. Gaur egungo gazteek zer langintza den ere ez dute jakingo baina garai batean ospe handiko lana zen. Ganaduen “podologoak” ziren ferratzaileak. Izan ere, garai batean, ohikoa zen ganadua erabiltzea lanerako, eta baserri gehienetan izaten zen idi parea edo ganadu parea (zaldiak bakarren batzuk bakarrik zituzten gure herrian). Ganadu horiek hankak ferratuta eduki behar zituzten beren lana ongi egiteko. Azkenaldian, ordea, nekazaritza lanak mekanizatu egin dira, eta idi probetan aritzen diren idiek bakarrik behar izaten dituzte artisau horien zerbitzuak. Zestoan ere baziren ferratzaile franko baina ez dakit gaur egun bakarren bat ere arituko ote den lan horretan.
Antxon Agirre Sorondo (1946-2014) donostiar etnografo ezagun bat zen, eta gipuzkoarrok ez ezik zestoarrok ere asko zor diogu. Bazterrik bazter etengabe ibilitako ikerlaria genuen Antxon, eta harenak dira, besteak beste, honako lanak: Tratado de molinología (1988), Guía de fiestas populares de Guipúzcoa (1989), Ermitas de Guipúzcoa (2000). Horietan eta beste askotan ikus daitezke gure herriari buruzko hainbat datu eta xehetasun.
Agirre Sorondoren beste lan oso interesgarri bat –eta hauxe da ikerlari nekaezin hori hona ekartzeko motiboa– zera da: De albeítares y herreros. Herradores de Guipúzcoa por localidades (Boletín de estudios históricos sobre San Sebastián, 2010, 149-346 orr. Interneten ikus daiteke). Lan horrek Gipuzkoan 1987. urtean bizirik zeuden azken ferratzaileen errolda jasotzen du, baita ere haien familiaren historia eta beren bizitza profesionalari buruzko hainbat datu. Horretarako, ikerketa lan izugarria egin zuen Agirre Sorondok 1982 eta 1987 artean, eta horren berri ematera natorkizue ni, betiere Zestoari dagokionean. Hemen aipatuko ditudan pertsonaz gain, badira beste batzuk, nahiz eta beste herrietakoak izan Zestoara etortzen zirenak, herriz herri ibiltzen zirelako, eta, kasu batzuetan, Zestoan familiarrak zeuzkatelako. Nolanahi ere, lehen esan dudan bezala, ikerketa 1987an bizirik zeuden ferratzaileetara eta haien aurrekoetara mugatzen da.
Hemen duzue Agirre Sorondoren lanaren laburpentxoa, baina biziki gomendatzen dizuet lan osoa bilatzea interneten, hemen jaso ez ditugun beste makina bat xehetasun ematen ditu-eta. Ohar modura: nahiz eta hemen agertzen diren asko dagoeneko hilda izan, zenbaiten heriotza urteak ez ditugu jarri, Sorondok ikerketa egin zuen garaian artean bizi zirelako.
Joan Jose Ugarte Unanue (1886-1959)
Joan Bautista Ugarteren semea. Lasaon zuen lantegia, hasieran Errementarikua deitzen zen eta gero Alberdikua deituko zitzaion etxean. Zerrategia eta errota ere bertan zituen. Bere aita Joan Bautista Ugartek ere errementari-ferratzaile ofizioa zuen.
Elektrikoa zen Alberdiko errota, ez urak eragindakoa, eta 1936tik 1963ra arte izan zen martxan. Joan Joserekin batera bere anai Biktor, Agerreko Julian Altuna eta Javier Aristi ibili omen ziren han lanean. Alejandro (1919), Joan Jose (1923) eta Jose Mari (1931) semeak ere jardun omen zuten denboraldi batean, baina aita hiltzean utzi egin omen zuten langintza hori. Agirre Sorondok ez du gehiegi zehazten pertsona horiek denek ote zekiten ferratzaile lanak egiten edota errota eta zerrategian ibiltzen ziren bakarrik.
Jose Ostolaza Zubeldia, “Herrero zarra” (1900)
Zumarragan ikasi zuen ferraketan, Eizatxagako ferratokian. 18 urterekin joan zen hara, mantenua eta astean hamar pezetaren truke. Sei hilabete egin zituen han, eta, ondoren, Donostiako Antigua auzora joan zen bi urtez. Gero, berriz, Orion pasa zituen lau hilabete Nemesio Ondozabalen etxean. Afrikan egin zuen soldaduska, 1921 eta 1925 artean, eta handik itzultzean Nafarroan ibili zen treneko trabesak jartzen. Azkenean, Txiribogako Auspandegin jarri zuen errementeria, lehenago Lazaro Itsasok zeukan tokian.
Nartziso Odriozola Odriozola (1879-1958)
Aizarnako Igartza baserrian jaioa, aprendiz moduan, Kanpezuko (Araba) granja batera joan zen, esaten zutenez “gaztelera ikasteko asmoz”. Handik, Jose Agustin Azkue errementariak hartu zuen, eta harekin ikasi zuen lanbidea. 1914an, Sebastopolberri (Agirre Sorondok “Sagastapolberri” deitzen dio) eraiki zuen; ferratokia, estankoa eta merenderoa zituen.
Han ikasi zuten errementaritza eta ferratzaile lana Nartzisoren seme Bizente, Manuel eta Paulino Odriozolak. Bizente (1915) bere aitarekin ibili zen lanean. Manuel (1927), berriz, 1957ra arte ibili omen zen Sebastopolen, harik eta Sorazu lantegira alde egin zuen arte. Paulinok ere (1919), aitaren langintza ikasi zuen, baina 1954an zereal eta ardotegi bat ireki zuen Txiribogan.
José Agustín Azcue Manzisidor (1854-1925)
Arroan jaio zen. Bere ama alargun geratu ondoren, eta seme-alaba asko zirenez, Artadira (Zumaia) joan zen osaben etxera. Han bizi izan zen 12 urtera arte, eta, gero, Somorrostrora (Bizkaia) alde egin zuen hango minatara, eta geroago trenbidea instalatzera. Han, langintza franko ikasi zituen. Horrela, 32 urterekin Arroara itzuli zen diru pixka ba eginda eta errementari lana ondo ikasita. Lehendabizi, errementeria ireki zuen, eta sagardotegia ere bai, eta ezkondu egin zen. Alargun geratu zenean, beren koinatu Odriozola familiarengana joan zen eta errementari langintza erakutsi zien.
Bere seme Rikardo Azkue Odriozolak (1896-1966) ere ikasi zuen ofizioa, Mutrikuko Uribesalgo ferra lantegian pasa zituen 18 hilabetetan izan ezik. Azkuetarrek beraiek ere egin zituzten ferrak baina horiek gerra aurreko kontuak dira. Pixkanaka, beste jarduera batzuetara bideratu zuten enpresa, esate baterako, kortxoak sartzeko makinak, ardoa lekualdatzeko ponpak…
Honen seme Iñakik (1932) eta José Agustín Azcue Urbietak (1929) ere ikasi zuten aitaren lanbidea. Iñakik hamabi urterekin jarri zuen lehen ferra. Beren bezeroak inguruko herrietatik etortzen ziren: Itziar, Arroa, Zumaia, Oikia, Artadi… Ferratzaile lana gainbehera zihoanez, asteartetara mugatu zuten zeregin hori. Geroago, Elgoibarko ferratzaile bat ekartzen zuten lan hori egin zezan astearteetan. Azkenean, 1965ean, ferratzeari utzi egin zioten.
Paulino Iturri Urbieta (1892-1976)
Aizarnako Jose Mujikarengana joan zen aprendiz. Han ikasi zuen lanbidea eta nagusiaren alabarekin ezkondu zen 1928an. Lantokian ferratzaile zein errementari lanak egiten zituzten. Denbora gehiena minatako erremintak zorrozten pasatzen zuten. Aitzurrak eta aizkorak ere egiten zituzten, baita ferrak ere, hasierako garaietan baina azkenaldian Mutrikutik erosten zituzten. Bakarrik egin zuen beti lana eta ez zuen aprendizik ere eduki, noizbehinka laguntzen zioten semeak izan ezik. Lantegia Aizarnako Barberokoan zeukan.
Argazkia: Liburuan agertzen diren argazkiak hauek dira: Joan Jose Ugarte eta bere emazte Joana Barrenechea beren ezkontza egunean (1918-03-18); Jose Ostolaza ferratzailea; Manuel eta Bizente Odriozola; Nartziso Odriozola eta Jose Antonia Manzisidor; Rikardo Azkue Odriozola; Paulino Iturri eta bere emazte Angeles Mujika beren ezkontza egunean (1928).
Egin zaitez bazkide