147. Botila erdi hutsa erdi betea

Pasa dira, bada, hain luze eta neketsu egin zaizkigun zorioneko hauteskundeak! Ez da, agian, Aztarkarako gaia baina inolako guru edo soziologo izan-nahirik gabe, gainetik komentatzera noa gure udal hauteskundeak, edo, zehatzago esateko, bi alderdi nagusien bilakaerak.

Laburbilduta esango nuke bataren igoerari eta bestearen porrotari, agian, beroarena kendu beharko litzaiekeela. Azal dezadan pixka bat kontu hori. 1999tik 2019ra bitartean bost udal hauteskunde egin dira. Hogei urte horietako historian, Bilduk –edo ezker abertzaleak– aurtengoan atera ditu emaitzarik onenak.

Baina sakondu dezagun pixka bat. Oraindik ere, norbaitek pentsatzen badu, ETAren jarduera armatuak izan behar duela lekua gure artean, Zestoako datuak irakurtzea besterik ez du, gauzak horrela ez direla ikusteko: 986, 777 eta 824 boto izan zituen ezker abertzaleak 1999tik 2007ra, hurrenez hurren (EAren botoak ez ditugu kontatzen). Bada, 2011n ETAk su-eten “iraunkorra” eta “egiaztagarria” aldarrikatu eta berehala, 1.028 boto lortu zituen Bilduk (EAko botoak barne) eta 126 Aralarrek. Hori izan zen Ezker Abertzalearen topea Zestoan. Hurrengo hauteskundeetan, ordea, (2015) Osinbeltzen zaborrak biltzeko afera zela-eta, 880 boto lortu zituen. Beraz, 148 botoko beherapena. Boto horietako batzuk –gero ikusiko dugu– litekeena da EAJra joatea. Atzoko bozkatan, berriz, aurrekoetan baino parte-hartze pixka bat handiagoarekin, 1.083 boto lortu ditu, hau da, 2011n baino 55 boto gehiago (Aralarrek lortu zituenak kontatu gabe). Beraz, sekulako garaipena baino gehiago izan da 2011ko emaitza on haiek berreskuratzea (Ojo! Ez dira batere emaitza txarrak, gaur egun gizartean, politikarekiko dagoen interes faltaz jabetuta!).

EAJren topea, berriz, 2003an izan zen, 1.123 boto lortu zituenean. Harrez gero, asko jaitsi zen: 569, 2007an, eta 595, 2011n. Igoera nabarmena 2015ean izan zuen (907 boto), baina hemen galdera bat egitea beharrezkoa da (gogoratu, Osinbeltzeko afera eta ondorengo hauteskundeak direla); bada galdera da: boto horiek denak EAJko boto-emaileak ziren edota Ezker Abertzalearekin haserretutako jendea ere bai? Segun eta zer erantzuten dugun, aurtengo emaitzak hobeak edo txarragoak izango dira. Nik uste dut –iritzira ateratako ondorioa da– ez dela batere harritzekoa 100 bat lagunek botoa ematea, berezkoa ez zuten EAJri. Horrela bada, 907 – 100, EAJk 807 boto inguru aterako zituen, “utzitako” boto horiek izan ez balitu. Ondorioz, aurten atera dituen 793 botoak mantendu egiten dute aurreko dinamika eta ez dira emaitza txarrak. Beste kontu bat da EAJk “sorpassoa” egitea aurreikusten bazuen, alegia, ezker abertzaleari aurrea hartzea. Baina azken urtetako kopuruak begiratuta, berez, EAJren emaitzak ez dira txarrak.

Aurrera begira zer? Galde diezaiokegu geure buruari. EH Bilduk izan dezake euforiarako tentazioa. Eta esan beharko genieke: Euforiak alde batera utzita, lana egin behar da hemen; badakizue zerk ematen dizuen indarra (garai bateko estrategia politiko oker haiek bazterrean uzteak) eta zerk ahulezia (herritarrei entzungor egiteak eta herrian eztabaidagarriak diren proiektuak bultzatzeak –Osinbeltz…).

Herriko EAJn haize freskoak sartzen saiatu direnak, berriz, desilusionatuta senti daitezke emaitzekin eta etsipenean murgil daitezke. Horiei esango nieke, boterean egotea bezain inportantea dela oposizioan lana egin eta ekarpenak egiten ahalegintzea; izan ere, lan horixe izan bailiteke etorkizun batean gauzak aldatzeko erregaia. Ekipo berria ezagutzen joan ahala, jendea pixkanaka-pixkanaka joan daiteke gauza berriak egin daitezkeela sinisten. Nire iritzi apalean, orain txarrena litzateke etsitzea. Gehiengo osoko udalek, non-eta erabaki guztiak gobernuan dagoen alderdiak bakarrik har ditzakeen, askotan eramaten dute oposizioa jarrera testimonial batera, eta uste dut herritarrok asko galtzen dugula horrela jokatuta. Beraz, oposizioari ere zera esango genioke: Etsipenak alde batera utzita, lana egin behar da hemen.

Gure lana, beti bezala, batzuei zein besteei ahal dugun neurrian laguntzea izan beharko du. Badaukat etapa berria hasteko ilusioa.

Oharra: Gaur goizean facebook-en bi iruzkin ikusi ditut, bata Joseba Alberdirena, bestea Ibon Aldalurrena. Facebook-en erantzuteko ohiturarik ez dudanez, hemen nire erantzuna: Joseba Alberdiren iruzkinarekin, erabat ados; Ibon Aldalurrenarekin ere bai: EH Bildu Ezker Abertzalea baino askoz gehiago da; nolanahi ere, herriko emaitzez ari garenez, nire iritzi apalean, EAk eta Alternatibak oso presentzia gutxi dute Zestoan. Hala ere, zuk diozun moduan EH Bildu eta ezker abertzalea sinonimotzat hartzea ez da egokia. Mila esker bioi ekarpenengatik.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide