149. Ekaingo zaldi trostariak eta 69a (postura ez, urtea)

1969a urte interesgarria izan zen. Oteizaren apostoluak, Arantzazuko bide bazterrean utzita zeudenak, eliz paretara igo zituzten urte hartako ekainean. Eskultura haien gainean, Pietatea izeneko eskultura ere badago gure inguruko Lasturko harriz egina: Jesus lurrean gorpu, eta Ama Birjina zutik. Joseba Zulaika antropologoari irakurria diot eskultura hori Txabi Etxebarrieta ETAko kidearen omenez egina omen dela. ETAren lehen hilketa egin eta, aldi berean, Guardia Zibilak hil zuen lehen etakidea izan zen Etxebarrieta. Gabriel Arestik idatzitakoa etortzen zait gogora: “Etarren amek asko sufritzen dute. Andre hauen bihotzean kabitzen da munduko min guztia. (…) Etarren amek asko sufritzen dute, semeak hiltzen dizkietenean eta, batez ere, semeek hiltzen dutenean…”.

Garai haietan (hilabete batzuen gorabeherak ez dio inporta) Mikel Atxagak, Aizarnako apaizak, ETAko bi omen zeuzkan etxean gordeta, neska-mutilak: “Eraman nituen urruti, hutsik zegoen baserri batera. Baina hara jana eramatera joan behar. Azkenean, ekarri nituen berriz etxera”. 1969an, salbuespen-egoera dekretatu zuten estatu osoan. Izugarrizko protestak nonahi. Donostiako Artzain Onaren katedralean itxialdia ehunka lagunek, eta polizia oso bortizki. Atxilotu ugari, tartean, Manuel Etxaniz, Zestoako apaiza.

1969ko uda hartantxe, Pedro Duque, egungo Zientzia ministroa, orduan sei urteko mutikoa, salbuespen egoerak eta lehen aipatutako gorabeherek asko kezkatu gabe, gure herrian zegoen uda pasatzen: “Zestoan ikusi nuen Neil Armstrong Ilargira ailegatzen”, zioen, gerora, egunkarietan. Benta ostatuan omen zen, telebistari begira, ea amerikarrak nola iristen ziren ilargira Apolo XI.ean. Izan ote zuen Pedro Duque mutikoak Benta ostatutik kilometro pare batera aurkitu zituzten historiaurreko margoen berri? Ez diot horrelakorik entzun sekula baina kointzidentzia bikaina zatekeen astronauta eta Zientzia ministro izango zenak Ekain ikustea Zestoan uda pasatzen zegoelarik. Agian arkeologoa izatera bideratuko zuen margo haiek ikustearen lilurak, zeinek daki.

1969ko ekainean, Pedro Duque txikiaren ama Zestoara etortzeko gestioak egiten ari zelarik, Azpeitiko Antxieta Jakintza Taldeko gazteek inguruetako haitzulo eta leizeak arakatzen (besteak beste) pasatzen zuten denbora eta, halako batean, “–Andoni hemen zulo bat ziok! Zer egingo diagu? Aurrera. Zer egingo diagu ba!” esan eta Ekain aurkitu zuten. Gero Barandiaranek esan zuen zera hura, alegia, eskerrak ematen zizkiola Jainkoari 80 urterekin gauza haiek ikusteko ditxa izateagatik, eta “ikusi eta aztertu zituela margo eta grabatuen gune haiek, eta horma zein lurrean seinaleak egiaztatu zituela”. Hala, irudi “pagano” haiek betirako “bedeinkatuak” geratu ziren.

Gure agintariek –komunikabide donostiarrek, gainerako agintariek eta merkatuak eta kapitalak bultzatuta– turismoarentzat ireki nahi izan zuten haitzuloa, Altamiran egiten ari ziren bezala. Baina hemen “kultura burdin hesiz ixtea” (hala salatzen zuten komunikabideek) erabaki zuten, eta denborak erakutsi du benetan zentzuzko eta zorioneko erabakia izan zela hura. Haitzuloa aurkitu eta ondoren indusketa arkeologikoak egin behar zirela argudiatzea primerako arrazoia izan zen jendearen beroaldia hozteko eta gauzak bere onera ekartzeko.

Hamasei urte geroago (1985), Zestoako Udalari bidalitako gutun batean, Jesus Altunak esaten zuen Gipuzkoarako Historiaurreko museo bat aldarrikatzen ari zela aspalditik,pero hasta ahora, a pesar de mis múltiples solicitudes, desvelos y trabajos sobre el tema, maldito el caso que me han hecho. Se ve que estamos más por la jarana que por la verdadera cultura.” Eta zioen, baita ere, Ekainen erreplika egin zitekeela zuela gutxi Lascaux-en egin zuten bezala: “Esto puede ser, desde una réplica de Ekain, como se ha hecho e inaugurado recientemente en Lascaux (Dordoña, Francia), donde el santuario está abierto exclusivamente a los prehistoriadores.” Frantziarren ondoren, Altuna izan ote zen lehenengoetakoa Europan erreplikaz hitz egiten? Ez nintzateke harrituko. 1990eko hamarkadan, berriz, Deba eta Zestoaren arteko gatazka haiek hasi ziren, erreplika non egin, nor baino nor, baina, tira, hori beste historia bat da.

Kontua da modernitatearen loratze zoro hartan, Oteiza, ETA, ilargia (norgehiagoka espaziala), salbuespen egoera eta ingurumaria hartan, Ekain aurkitu zutela eta –ederra paradoxa– bera bihurtu zela gauzarik modernoena eta liluragarriena: zaldi zoragarri horiek trostan, kolore horiek, teknika hori… Margo haiek 14.000 urte zituztela pentsatzeak bakarrik, ezerezean edo gauza ezdeus batean uzten zituen 1969ko gainerako modernokeriak. Pako Aristiren Oherako hitzak datozkit burura:

Ekaingo haitzuloan margolaria

lotara joan zen,

eta hogeita hamar mila urte geroago

neoia’ deituko zuten

argi batekin egin zuen amets:

sua baino biziagoa litzatekeen

izotzaren antzeko dirdira bat.”

 

Post-scriptum: Ekainaren 7an, 19:00etan, egundoko ekitaldi ederra izango da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Antzinako biztanleen ahotsa entzungo dugu Tanya Tagaq abeslari inuitaren bitartez, eta Dantzaz konpainiaren mugimenduekin. Horrez gain, Ekaingo aurkikuntzari buruzko dokumentala estreinatuko da bertan. Bertaratutakoek liburu monografikoa ere jasoko dute. Hartu sarrerak azkar, ez zarete damutuko eta! Hemen sarrerak hartzeko lekua

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide