Albisteak

15 urteko ibilbidearen ondoren, Agustin tabernak ateak itxiko ditu

Hamabost urte pasata, Agustin taberna utziko dute Joana Maritza Lopezek (Kolonbia, 1978)  eta Juan Casak (Kolonbia, 1978) igande honetan. Urte politak izan direla diote, baina momentu gogor asko pasa dituztela ere aitortu dute. Hainbeste urteren ostean, bizi berri bat hasteko unea dela iritzita utziko dute atzean Laranjadiko izkinako taberna. Pena handiz, baina ilusioz beteta eutsiko diote datorrenari.

Nola izan zen hasiera?

Garai hartan Azpeitian bizi ginen, eta Loiolako Uranga tabernan nengoen lanean. Amak Iraurgi tabernako sukaldean egiten zuen lan, eta Joanak Marina Berri jatetxean. Gure negozioa irekitzeko intentzioa genuen, eta Zestoako Agustin tabernari buruz hitz egin zidaten. Ikustera etorri ginen, asko gustatu zitzaigun, eta negozioa irekitzea erabaki genuenean.

15 urte pasa dira ordutik. Era guztietako uneak bizi izan dituzue.

Sentsazio oso politarekin goaz, baina momentu oso gogorrak ere bizi ditugu. Gorabehera askoko urteak izan dira. 2008ko krisia oso gogorra izan zen guretzat, taberna ixteko arriskuan egon ginen. Pixkanaka errekuperatzen hasi ginen, eta Arriya filmaren grabaketa etorri zen gero.

Grabaketa horrek eragina izan al zuen?

Bai, sekulakoa. Momentu txarra ari ginen bizitzen orduan, eta pelikularen grabaketak egoerari buelta ematen lagundu zigun. Hogei egun pasa zituzten Zestoan pelikula hori grabatzen. Egunero 80 eta 100 eguneko menu artean ematen genituen, eta gero afaritarako beste horrenbeste ogitarteko. Horrek bultzada handia eman zigun.

Garai onak eta txarrak bizi izan dituzuela argi dago, eta lana gogor egin duzue.

Bai, lan asko egin dugu, ordu asko sartu ditugu. Garai batean taberna denak ixten zirenean gurera etortzen zen jendea, parranda handiak egiten ziren. Momentu oso onak bizi izan ditugu: kintadak, festak…

Nola hartu zenuten taberna ixteko erabakia?

Aspalditik genuen taberna ixtako ideia. Pandemia baino urtebete lehenago utzi behar genuen, baina egoerak bete betean harrapatu gintuen. Hasieran finkatu genituen helburu batzuk bete ditugu, eta azkenean ixtea erabaki dugu. Urte askotan sakrifikatu gara eta orain lasaiago bizi nahi dugu.

Orain zer?

Orain lasaiago bizitzea da gure helburua eta asteburuak disfrutatu nahi dutugu. Beste zerbaitetan egingo dugu lan, aurkituko dugu zerbait, baina beste lasaitasun batekin.

 

 

 

 




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide