150. Gurutzeagako txoko maitea

Hasi da, dagoeneko, urteroko Txokoko Txapelketa Gurutzeaga pilotalekuan. Noizkoa ote da txokoan jokatzeko ohitura hori? Frontoia eraiki zenekoa? Nahita-nahiez, aspaldikoa izan behar du gure herriko pilotari “zaharrak” akordatzen dira-eta nola ibiltzen ziren han mutil koskorretan.

Frontoi zaharreko txokoak, ezker-paretako leiho eta “oztopo” horiekin, ia-ia “pilotaleku” natural haien antza du; gure aitona Fernandok askotan asten zigun, mutil koskorretan, ardi zain eta zeudenean, mendiko haitzetan egiten zutela pilotan. Ez ziren bapoak izango pilota partida haiek –ez han ibiliko zituzten pilotak ere– baina nik haien antza hartzen diot gure txokoari. Agian, txoko horiei inspirazioa eman zienak kontzejupeak izango ziren: Zestoakoan –1943ko obren aurrekoan– egiten ote zuten pilotan? Pilotan ez dakigu baina “txapetan” bai (txapeta baloiarekin ibiltzeari esaten zitzaion). Bestalde, garai batean ba omen zen pilotalekuan letrero bat (Elizondokoan izango zen seguruenik) gutxi gora-behera hauxe zioena: “Debekatuta dagoela pilotan ibiltzea eliz funtzio bitartean bestela laurlekorekin [lau ogerlekorekin] isundua edo multatua izango dela”, eta berriemaileak esaten du: “Zigortu jaunak, bestela okerragoak ikusiko ditugu eta.” (El Dia, 1931-07-10).

Kontuak kontu, indar gutxiago beharko da pilotan egiteko txokoan baina, aldi berean, frontoi arrunt batean erreparatu beharrik ez dagoen hamaika txikikeriari jarri beharko zaio arreta: horko burdin-hesi horri, hor leihoak daukan koskor horri, pilota indar gehiegirekin ez botatzeari… Aparteko teknika beharko da hor jokatzeko.

Argazki honetan –1920ko hamarkada amaierakoa da– ondo nabarmen ikusten da txokora jokatzen zela, eta aurreko txapa da horren erakusle. Hemen, ordea, zabalean ari direla pilotan ematen du. Hala ere, partida ez da batere zirraragarria edo hor begira dauden udatiarrek ez dute kirol horrekiko interes gehiegirik. Tentsio gutxiko begiradak eta poseak ikusten ditugu. Baten batek esango zien pilota hemengo kirol tipikoa zela, eta hona etorri dira, ilean lorea atxikita, zumezko eserleku erosoetatik, zer gertatuko, begiratzera.

Tira, alde ederra zagok argazki hau ikusi edo gaur egungo partidek izaten duten giroa eta grinaz disfrutatu. On egin dagizuela zaletuoi!




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide