154. ‘Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!’

Argazki berezia, gaur dakarkidan hau. Egilea, Bertil Lagerström artista suediarra (1960-2012). Bertil 1982an iritsi zen Zumaiara lehen aldiz, eta ordudanik harreman estua izan zuen Zumaiarekin. Baina 1985. urte inguruko Zestoari ere atera zizkion argazkiak, zuri-beltzezko begirada bereziarekin. Argazki hau dugu horietako bat.

Ezagun du festetan gaudela, barrerak jarrita daude-eta, baina Erdikale goi aldean ez da jende giro izugarririk. Bertilek, nahiz eta bera oso lagun artekoa izan, oso maiteak zituen jenderik gabeko argazkiak edo lagun bakarra ageri denak, pertsonaren duintasuna eta bakardadea azpimarratu nahiko balu bezala. Beraz, bizilagunik gabeko lekuek, Sasiain harategiak, Portu jatetxeak, Erdikaleko zoru koskatsuak osatzen dute argazkiaren eszenografia.

Lehen planoan, berriz, Arkupe txarangako kideak, ez denak: Pello Alberdi, Xanti Sagartzazu, Andres Lopez, Inaxio Ibarguren eta Alejandro Bergara, denen artean galaiena. Tronboi-jolea Jabier Iturria izango zen seguruenik. Xanti eta Andres zerrendatu ditudanean, hemen ahotsa jartzea balego, “Viva Méxicoo…” esatea tokatuko zitzaigukeen, bien ala bien biboteek hala eskatzen dute eta, baina tira, jar gaitezen serio. Arkupe txarangak fama dezente izan zuen garai batean, eta herrian ez ezik, kanpoan ere bai, jai gehienetako bazkal-osteak girotzen ibiltzen ziren-eta. Bestalde, igandetan Laranjadiko kioskoan izaten ziren dantzaldiak ere txaranga horrek alaitzen zituen. Azgazkian ageri direnaz gain, beste musikari askok hartu zuten parte Arkupe txarangan.

Eszenografia soil eta artista berezi hauez gain, bada beste elementu bat zeresan handia ematen duena: atzeko pankarta. “Trafikanteak, gure herriaren etsaiak, Jarrai (KAS)” dio. Jenderik gabeko Erdikalean, kontraste bizia egiten du testu horrek argazkiko musika giro alaiarekin. Izan ere, 80ko hamarkada oso gogorra izan zen arlo politikoan, baita gizarte arloan ere. Heroina zabaltzen hasi ziren, eta Gipuzkoako familia ugari lur jota geratu ziren; gazte ugari hil zen orduan drogaren eraginez eta euskal gizarteak ezin zuen asmatu nola aurre egin arazo hari. Irtenbide bila hasi zen pertsonatako bat Iñaki Aldabalde izan zen; Jose Maria Setien gotzainak bultzatuta, Erromara bidaiatu zuen 1983an eta han zuzenean ezagutu zituen gai horiek lantzen zituzten taldeak, esate baterako, Centro Italiano di Solidarietà eta Progetto Uomo. Bi urte geroago, 1985eko otsailaren 4an, martxan jarri zen Gizakia Helburu Gipuzkoan.

Garai haietan –Gizakia Helburu sortu baino lehenago– gogoan dut Iñaki Aldabalde zena Zestoara etorri zela, oker ez banago, Don Manuel apaizaren bidez, eta hitzaldi-bilera bat antolatu zela udaletxean (oso oroitzapen lausotua daukat baina ni neu han nintzen). Gure herrian ez zen garai hartan Errenteria eta horrelako herri industrialetan bezain sartua egongo heroina, baina kezka handia zegoen, zalantzarik gabe, eta zerbait egin beharra sumatzen zen. Gizakia Helburu gazteei eta familiei laguntzeko helburuan zentratu zen gehienbat. Jarrai bezalako erakundeek, berriz, arlo politikoagoan egin zuten lana; ezaguna da nola, besteak beste, polizia lotzen zuten droga trafikoarekin.

Sentsazioa daukat orduko jarraitxuak gogor samarrak ote ziren droga kontuekin, eta agian arrazoia zuten. Alde batetik, poliziarekin lotzen zuten droga eta, bestetik, haien ustez, gizartean droga sartzeak gazte jendea gizarteko arazoekiko –eta, batez ere, Herriaren askapenarekiko– axolagabe bihurtzen zuen (pixka bat sinplifikatzen ari naiz). Aldiz, herriko gazte anarkista kutsukoek defendatzen zuten droga geure artean zegoela –drogarik zabalduena alkohola da, esaten zuten– eta, beraz, berarekin bizitzen ikasi behar zela, bakoitzak ahal zuen neurrian bere burua kontrolatuz. Eztabaida luzeak eta sakonak izaten ziren gai horien inguruan. Kuadrilla batzuetan erretzen ziren porroak-eta –droga bigunak esaten zitzaien– baina tabernatan-eta zeharo gaizki ikusia zegoen hatxisa edo marihuana kontsumitzea. Hertzainak taldeak zioen bezala, “Nola aldatzen diren gauzak, kamarada!”

Kontuak kontu, Bertilen argazkiak badute zera berezi hori: Zestoaren alderdi grisa eta melankoliatsua musika eta festarekin nahastuta, hortxe zerbitzatzen digu, zuri-beltzezko paperean, eta guk, garai hartan 20 urteko mutil gazteak ginenok, halako tristura apur batekin begiratzen dugu, orduan bizi genuena argazki eta oroimenen bidez bakarrik berreskura genezakeelako. Eta unetxo batean bederen, orain han egotea gustatuko litzaigukeelako. Horri ez al zaio nostalgia deitzen? Tira, utz dezagun berehala.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide