161. Gure festetako “ahate itsusi” batzuk

Gaurko “aztarka” hau Zestoako festetako gauza ahaztuei edo jendearen arreta hainbeste bereganatzen ez duten ikuskizunei eskaini nahi diet.

Baina artikuluari hasiera emateko barkatuko al dit irakurleak berriro ere –eta beste askotan jarraituko dut egiten– gure Baroja maitea aipatzea. Barkatuko al dit, baita ere, Barojaren aipua jatorrizko hizkuntzan jartzea. Zaila zait jatorrizkoaren xehetasun eta edertasun guztia euskara itzultzea eta nahiago izan dut euskarazkoa bukaeran jartzea, oin-ohar gisa. Honela hasi ziren gure herriko festak 1894ko irailaren 9an, don Pioren arabera:

Y cesó la lluvia y cesó el viento, en el pálido cielo comenzaron a destacarse vagamente los contornos caprichosos de los elevados montes de la comarca y la mañana apareció con sus ojos grises –como dice Shakespeare– y fue contemplando con cariño las pintorescas márgenes del Urola, detuvo su vista en sus numerosos puentes, en sus tortuosos recodos, en sus presas y saltos de agua, en sus alegres caseríos, en sus verdes manzanales, en sus reverendas montañas y sonrió al ver a Cestona asentada sobre una eminencia, ostentando coquetamente sus blancas casas y su sonrisa fue en primer rayo de sol del día, como el alegre sonido del silbo y del tamboril las primeras notas de las fiestas. Y llegaban del interior y de la costa en grupos sueltos, de Iraeta y de Arrona, de Oiquina y Aizarnazabal, de Endoya e Ibañarrieta, de Zumaya y Azpeitia, y ¡sagrado azul! ¡qué azpeitianas y qué cestonesas!, altas y garridas como la copa de un pino.”

Gaur egun, ez da goizean goiz etortzen jendea Iraeta eta Arroatik, Oikia eta Aizarnazabaldik, Endoia eta Ibañarrietatik, Zumaia eta Azpeititik, Barojak zioen moduan. Iluntzea iritsi zain egoten dira, batez ere gazte jendea, eta ondorioz, eguna –batez ere goizaldea– huts hutsik geratzen da, eta festak jarraitzaile gutxi-gutxi ditu. Ia batere jarraitzailerik gabe egiten diren ekitaldi horiei, hain zuzen, eskaini nahi nieke nire “aztarka” eta nire miresmena.

Lehendabizi, aipa ditzagun diana edo, lehen esaten zen moduan, goiz-eresia jotzen duten txistulariak eta zekorketa egunetan dultzaineroak. Ohean goxo-goxo egoten den jendea esnatu eta aztoratzen duten fama eraman behar izaten dute bizkar gainean txistulari zein dultzaineroek baina garai batean horiek gabe ez zegoen festarik, eta gaur egun ia ez dira inor. Askorentzat gure festetako “ahate itsusiak”.

Beste “ahaztuak” musika bandakoak dira (goiz partean bederen). Zekorketen ondoren, Erdikalean pasodobleak joz, ezti aparretan eta jendearen bedeinkaziorik gorenetan murgiltzen den musika taldea publikorik gabe, inor gabe, geratzen da goizeko kalejiratan. Amparito jotzen dutenean –maiz Bako edo Dionisoren aginduetara zeharo makurtuta– txalotu eta goraipamenen artean hartzen dituen publiko hori, goizean, bandak ondoen jotzen duenean, jende hori non dagoen ez dago jakiterik. Zestoako Bandak Amparito zein ondo jotzen duen esan izan duten hainbatek, berriz, bost minututan-edo entzuten ditu Amabirjin eguneko eguerdiko kontzertua interpretatzen, eta segituan bermuta hartzera joaten dira (kontuz: ez naiz ari kontzertua entzuten, eserita, zintzo, egoten diren horiei buruz). Festetako izarrak “don inorrez” bilakatzen dira goizez.

Txistulariak, dultzaineroak edo/eta bandaz gain, baziren beste ekitaldi batzuk goizez izaten zirenak baina denborarekin galdu egin dira, ia festa dena arratsalde-gauera pasa delako. Jolasak, goizeko zezen bolaztatuak, entzierroak eta horrelakoak desagertu egin dira, besteak beste, jendeak ez duelako behar bezala erantzuten. Ahaztuak dira horiek ere.

Tristura ematen du, atzo bezala, Olatz Salvador entzuten gutxi batzuk eta, bien bitartean, tabernak sekulako diskoteka bihurtuta eta jende dezenterekin. Musika aukeraketaz arduratzen diren Festa Batzordeko kideek hainbeste lan egin, eta ematen du jendeak ez duela behar bezalako begirunerik egitarauko ekitaldiekiko (egia da, nolanahi ere, ez zela ordurik eta egunik egokiena baina hala izanda ere sentsibilitate pixka bat mesedez; gure amek, ikaragarrizko esfortzuarekin, guretzat plater goxo bat prestatu eta “ez dut nahi, tabernara noa pintxo bat jatera” esatea bezala da). Tira, Olatz Salvador eta Festa Batzordeko musika aukeratzaileak, festetako “ahate itsusiak” biak ala biak.

Eta zer esango dugu gaueko gerratearen ondoren hondakinak garbitu eta herria bere onera ekartzen saiatzen diren langileez: garbitzaileak, udaltzainak… Tira, horiek hutsaren hurrengoak dira jendearentzat. Herriko tabernariak, berriz, goizean lasai dabiltzanean eta hizketaldi bat edukitzeko aukera daukatenean inor ez zaie hurbiltzen; gauean, ordea, hitz egiteko astirik gabe, itota ibili behar. Festako solasaldi eder hori, aspaldian ikusi gabeko ezagun horrekin hizketaldi emankor hori… ez al da hori ere gure festetako zarata artean beste “ahate itsusi” bat?

Bukatzeko, Baroja berriro: (…) Y se hizo la noche que echó un velo sobre el campo de batalla, se dispersó todo el mundo y mientras los más valientes bailaban a la luz de las hogueras en el centro de la plaza, los demás partían en dirección de sus casas y las estrellas aparecieron a centenares, en el aire vibraron como notas temblorosas y vacilantes los acentos de zortzicos, saturados de alcohol y repetidos pos las concavidades de la montaña.

 

* * *

Barojaren testuak nola hala euskaratuta:

Eta atertu zuen, haizea gelditu zen; zeru zurbilean eskualdeko mendi garaien ingurune kapritxosoak nabarmentzen hasiak ziren, artean zehaztasunik gabe, eta goiza begi grisekin azaldu zen –Shakespearek dioen bezala– eta Urola-bazterrak maitasunez begiratzen ari zela, bista gelditu egin zuen zubi ugarietan eta bide ingurutsuetan, urtegi eta ur-jauzietan, baserri alaitsuetan, sagasti berdeetan, mendi agurgarrietan; eta Zestoa ikustean, goragune batean jarria, etxe zuriak irtirinki erakutsiz, irribarre egin zuen goizak, eta bere irribarrea eguneko lehen eguzki izpia izan zen, txistua eta danbolinaren soinu alaia festaren lehen notak ziren bezala.

Eta barne aldetik nahiz kosta aldetik, talde solteetan, zetorren jendea, Iraeta eta Arroatik, Oikia eta Aizarnazabaldik, Endoia eta Ibañarrietatik, Zumaia eta Azpeititik eta urdin sakratua! nolako emakume azpeitiar eta zestoarrak! sekulako garai eta ederrak!

(…) Eta ilundu zuen, gauak estalkia zabaldu zuen bataila-lekuan, jendea sakabanatu egin zen eta ausartenek dantzan egiten zuten plazaren erdian, hango suen argitan; gainontzekoek etxe alderako bidea hartu zuten, eta izarrak ehunka bistaratu ziren; airean, zortzikoen nota dardarti eta duda-mudakoak, alkoholez beteak eta mendi-zuloek errepikatuak.

Pío Baroja. La Voz de Guipuzcoa, 1894ko irailaren 11a.




Irakurle, gure webgunean albiste hau irakurri baduzu, publizitate eta erakundeen diru laguntzez gain, urtero 30 euroko diru ekarpena egiten duten 350 bazkidetik gora ditugulako izan da. Mila esker bazkide! Herri eta auzoetako berri euskaraz emanez, normalizaziora bidean gure ekarpena egiten jarraitu nahi dugu. Proiektua sendotzen lagundu nahi baduzu, egin zaitez bazkide.

Egin zaitez bazkide